Zuzenean
«Barrutik egindakoa da eta barruraino iristen da»
Asteburuan estreinatuko da Kukai Dantzak eta Jesus Rubio Gamok elkarlanean sortutako lana: ‘Txalaparta’. Aitor Beltran aritu da txalaparta aholkulari lanetan. Gorputza ez ezik erraiak ere mugiaraztera datorren lan berri honi buruzko xehetasunak eman dizkigute.
«Barrutik egindakoa da eta barruraino iristen da»
Hilabeteetako lanaren ondoren, estreinaldiaren bezpera da. Nola bizi dituzu, Jon, azken momentu hauek?
Jon MAYA Gogo handiz eta eszitazio puntu batekin ere bai. Esan duzun moduan hilabete askotako lana izan da eta dagoeneko ateratzeko gogoz. Pixka bat urduri ere bai, oso jende gutxik izan baitu orain artean ikusteko aukera; beraz, hortxe, urduri eta gogoz.
«Txalaparta» jarri diozue izena ikuskizun berriari, Jesus Rubio Gamo koreografoarekin elkarlanean eginikoari. Ezagutzen ez duenarentzat; nor da Jesus Rubio Gamo?
J.M. Jesus Rubio Gamo koreografo madrildarra da, koreografo garaikidea. Nik uste Espainian azken urteetan lanean ari den sortzaile interesgarrienetariko bat dela, bere konpainiarekin egin dituen bere bi azken lanak zoragarriak dira. Oso sortzaile erakargarria da. ‘Txalaparta’-n pentsatzen hasi ginenean, kokatu behar dugu noski Kukaik badaramatzala dagoeneko hamar urte lan ildo batean, beste hainbat ildoren artean. Bat bada nazioarteko beste koreografoekin elkarlanean aritzekoa, gurera gonbidatu eta bi munduen bateratze horretan arakatuz. Oso emaitza interesgarriak eman dizkigu bide horrek, eta zinez pozik gaude; ikuskizun ikonikoak eman ditu gure ibilbidean. Alde batetik, faktore oso garrantzitsuak dira horrelako elkarketa baterako, esate batera bere lana horren interesgarria izatea, baina baita ere ohartzea bere mugimendua eta gurea desberdinak izanagatik ere elkarrekiko osagarriak izan zitezkeela. Bestetik, Jesusek ere beti agertu du euskal kulturarekiko sentsibilitate bat, bere antzinako lanetan ere aipamen txikitxo batzuk egin izan ditu, baita bere azken lanean ere, ‘Acciones sencillas’ izenekoan; batik bat flamenkoaren kulturatik abiatzen bada ere, nolabait egurrezko xafla batzuk jotzen, kantuan... atzeman zitezkeen zertzelada batzuk, keinu batzuk gure kulturarekiko; ikusten zitzaion sentsibilitate bat horrelako gai bat jorratzeko. Berarekin harremanetan jarri nintzen, hasi ginen elkarrizketan, nola ikusten zuen batek, nola besteak, gogoak, ze puntutan geunden... Hasieratik oso ondo elkar ulertu genuen; txalapartaren gaia planteatzean hasieratik oso erakargarria gertatu zitzaion, eta urrats natural bat izan zen beretzat, nahiz eta kanpoko konpainia batentzat egin duen lehendabiziko lana izan den hau. Eremu erakargarri bat sortu zen denontzat.
Txalaparta hartu duzue oinarri, begiratu batean musika tresna oso xumea, baina sekulako energia transmititzen duena. Nola eraman duzue hori guztia taula gainera?
J.M. Nik uste txalaparta bi modutara ikus dezakegula ikuskizun honetan: batetik, instrumentua bera. Baina proiektu honen abiatzean jaso genuen lehen bisitetariko bat Joan Mari Beltranena izan zen, gaur egun txalaparta ezagutzen dugun moduan ezagutzearen arduradun nagusia da bera, eta hark galdera bat bota zuen airera: zer da txalaparta, instrumentua edo hori interpretatzeko modua? Galdera horrek asko eman digu, ez bakarrik instrumentu bat interpretatzeko moduari dagokionez, baita sorkuntza bat interpretatzeko modua edota harremanak interpretatzeko moduari dagokionez ere. Nola bi pertsona elkarrekin harremanetan egon daitezkeen, alternantzian, elkar entzunez, zerbait eraikitzen elkarrekin. Iruditzen zait kontzeptu horiek guztiak aplika daitezkeela bizitzan oro har, eta gure sorkuntza lanean ere asko eman digu, txalaparta bera artistikoki agertzen ez den uneetan ere txalapartaren ideia eta printzipioa hor dagoelako.
Aitor, zuk zeresanik izan duzu lan horretan, zu ibili zarelako txalapartaren bueltako aholkulari lanetan. Zein izan dira kontuan hartu dituzun gako nagusiak, zertan jarri nahi izan duzu indarra?
A.B. Kontuan hartu beharra dago lehenik eta behin dantzariak jole bilakatu behar zirela. Hortaz, egin dugun lehen lan nagusia formakuntza izan da. Urtebete pasatxo pasa dugu, boladaka, lan horretan. Bidaiaren parte horretan dantzariak txalapartari bilakatzea zen erronka nagusia. Behin maila bat geneukala, orduan Jesus Rubio Gamorekin uztartzen hasi ginen beraiek zekitena eta honen koreografia; hori izan zen bigarren pausoa. Hirugarren pausoa berriz, hori guztia uztartu eta erabakiak hartzea izan da, zer joko dugun, zer ez, eta joko dugun hori nola joko dugun.
Eta zer izan da uztarketa horretatik atera dena; zein da istorioa eta nola taularatu da?
A.B. Galdera sakona egin didazu! Txalapartari dagokionez, Jonek aipatzen zuen bezala, txalapartaren sen hori, zer da? Orduan, tresnaz aparte jotzeko modua ere bada, egin ote dezakete bi dantzarik batak bestearen tartea bete, alternantzia batean, elkarrizketa inprobisatu batean? Proba dezagun... nire uste umilean, besteak beste, hori ere kontatzen du emanaldiak. Erritmoari eta musikari dagokionez, ohikoan nire klaseetan lantzen ditudan materialak erabili ditugu. Nik jaso dudan materiala da, hau da txalaparta tradizionaletik abiatu baina egungo erritmoetara ere egokituz. Hau da erritmo erregularrekin, modernoagoekin, herrenekin... txalaparta tradizionaletik harantzago, egun musika tresna hau askoz garatuago dago zorionez eta hori taularatzen ere saiatu naiz.
Musikaz hitz egitean aipatu beharra dago Aitor Etxebarriak egindako lana ere.
J.M. Bai, nik uste prozesu artistiko osoan txalaparta eta alternantzia asko egon direla: esate batera, zuzendaritza artistikoan Jesus eta biok aritu gara, konposizioan Aitor Beltranen txalapartaren zuzeneko lan guztia dugu, Aitor Etxebarriarekin, musika elektronikoan aritzen den konpositore batekin, uztartuta. Mekanika hau asko errepikatu zaigu. Niretzat oso ederra izan da bi Aitorrei planteatu genienean konbinazio hau; alde batetik izatea jatorrizko iturri hori, baina aldi berean gaur egungo elementu garaikide gisa tratatuz, eta egungo beste elementu garaikide batzuekin uztartzea, musika elektronikoa den bezala. Bien arteko konposaketa hori, batzuetan bakarka, besteetan elkarrekin batak besteari pausoa emanez, oso erakargarria zen, eta biek gustu handiz hartu zuten ideia hori. Ni bereziki oso gustura nago daukagun musikarekin, eta ikuskizun honetarako musika esparrutik egin den lanketa guztiarekin.
Oholtza gainean ikusiko ditugunak nola izendatu behar ditugu? Dantzari, txalapartari?
J.M. Oinarrian dantzariak dira, zalantzarik gabe, baina nik uste kasu honetan termino egokiena interpretea dela. Zazpi lagun ditugu, Alain Maya, Arantza Iglesias, Ibon Huarte, Izar Aizpuru, Izaro Urrestarazu, Nerea Vesga eta Urko Mitxelena, oholtza gainean. Zazpi pertsona hauek dantzatu, txalaparta jo eta abestu egiten dute, besteak beste. Guretzat garrantzitsua zen gorputz beretatik ateratzea erritmo, mugimendu, ahots guztia. Horregatik, Aitorrek deskribatu duen prozesu horren garrantzia.
A.B. Gustatuko litzaidake ildo horretatik lehen aipatu dudan formakuntzaren kontuan sakontzea. Zeren bihotzez diot, urte asko daramatzat txalaparta ikasketak ematen eta ez da ohikoa halako perfil altua topatzea hasiberri batzuetan. Beraien dantzarako dohainak eta talentua lehen egunetik sumatu nituen eta horrek asko lagundu eta bizkortu du prozesua. Ez dut inoiz halako talde talentudunik izan txalaparta ikasten. Ikasle oso onak izan ditut, baina talde oso bat maila honetakoa, ez.
Beren gorputzarekin harremantzeko duten modu horrek, autoezagutza maila horrek, beharbada eragina izan du?
A.B. Argi dago, bai. Beraiek, azken batean, beren gorputzaren baitan ere perkusio tresnak baitira.
Larunbatean eta igandean Victoria Eugenia antzokira gerturatuko direnek zer espero beharko lukete?
J.M. Nik horrelakoetan uste dut espektatibak etxean uztea eta garbi, zuri, joatea ona izaten dela. Nik uste aurkituko dutela ikuskizun bizi bat, indartsua, elementu asko dituena. Baina, batik bat, sentiarazten dizuna, oso barrukoa da. Barrutik eginda dago eta barruraino iristen den lan bat da. Jendeari aholkatuko nioke, eskatu baino gehiago, irekita eta sentitzeko prest joateko.
A.B. Gehitu nahi nioke horri, ikusle erdi arrotz bezala, dantza emanaldi on bat ikusten dudan bakoitzean damutzen naizela emanaldi gehiagotara ez joateaz, zeren kristoren plazera sentitzen dut; erabateko plazer kontsumoa da. Hortaz, ni bezalako jende asko baldin badago, dantza emanaldiak ikustera asko joaten ez dena, benetan animatuko nituzke, zeren bueltan jasotzen duzun satisfazioa eta arte kontsumo plazera izugarria da.