Zuzenean

naiz irratia

Amaia Mayor: «Lehen arretan dugun erizain kopurua bikoiztu egin beharko litzateke»

Koronabirusaren berezko bilakaeragatik lepo egon dira ospitaleak pandemiaren gogorrenean, eta orain, kolapsatzeko puntuan dena, Lehen Mailako Osasun arreta izan daitekeela uste du Satse Erizaintzako sindikatuak. Amaia Mayor sindikatuko ordezkaria da eta Naiz Irratian adierazi du erizanak lanez gainezka egon badira azken urteotan, pandemia honek egoera okertu besterik ez duela egin.

Satse sindikatuko ordezkariak. (Marisol RAMÍREZ/FOKU)
Satse sindikatuko ordezkariak. (Marisol RAMÍREZ/FOKU)

Ikasturte berriaren aurrean osasungintzan kezka da nagusi. Osasun langileak arduratuta daude koronabirusa gurera iritsi zenean bezala, ospitaleetan egoerak gainezka egin dezakeelako. Ikasturtea hasteak ez dakite zer nolako bilakaera izango duen gizartean eta osasunean. Kezkatuta hitz egin du Satse erizainen sindikatuko Amaia Mayorrek Informazioaren Harian.

«Lehen arretan arazoak ikusten ari gara dagoeneko». Mediku eta erizaink  Covid-19a iritsi aurretik ere lanez gainezka zeudela azaldu du Amaia Mayorrek. «Pandemiak egoerak hori okertu besterik ez du egin». Lehen egin behar izaten zituzten gauzez gain, orain PCRak edota kasuen jarraipenak egin behar izaten dituztela azaldu du SATSEko ordezkariak. Horren arrazoi nagusia Mayorren hitzetan erizain falta da. «Beti esan dugu erizainak falta direla, eta pandemiak hori agerian utzi besterik ez du egin».

Ikastetxeetan erizainaren figura

Hezkuntzari dagokionean ere, Mayorrek dio aspalditik ari direla eskatzen ikastetxeetan erizainak ezar ditzatela. «Onura asko ekarriko lituzke guztiontzat ikastexteetan erizainak izateak». Ez bakarrik Covid-19arekin loturiko kasuentzako, era guztietako beharrak asetzeko izango litzatekeela dio Mayorrek. «Era guztietako beharrak asetzeko izango litzateke; behar bereziak dituztenentzat, laguntzaren bat behar dutenentzat, gaixotasunen bat dutenentzat...»

Eusko Jaurlaritzari eta Osakidetzari ere eskaria luzatuta diotela azaldu du Satseko ordezkariak. «Jaurlaritza eta Osakidetza sindikatuekin bildu dadila eta gauzak hitz egin ditzagun».

Jaurlaritza Logoa