Zuzenean

Ion T. BARRENA

Sendagileen sindikatua: «Mediku asko egunero bi ordu gehiago geratzen dira lanean behar den moduko arreta eskaintzeko»

EAEko osasungintzaren argazki gogorra eta kezkagarria eskaini du Mabel Artziniega Euskadiko Sendagileen Sindikatuko idazkari nagusiak NAIZ Irratian. Baliabide falta izugarria, medikuak gainezka, «gerrako medikuntza» egiten ari direnaren sentipena... «Zer diote arduradunek?» galdetuta, «puff... ez dago erantzunik».

Audio_placeholder

Sendagileen sindikatua: «Mediku asko egunero bi ordu gehiago geratzen dira lanean behar den moduko arreta eskaintzeko»

Loading player...
Mabel Artziniega (Andoni CANELLADA / FOKU)
Mabel Artziniega (Andoni CANELLADA / FOKU)

Gotzone Sagardui Osasun sailburu berriari gutun bidez egin zion ongietorria Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako medikuak elkartzen dituen Euskadiko Sendagileen Sindikatuak (ESS, SME gazteleraz), «osasungintzak bizi duen gainbehera zuzentzeko determinazioa» eskatu zioten. Mabel Artziniega da sindikatu honetako idazkari nagusia eta Osakidetzaren argazki benetan beltza eskaini du NAIZ Irratian.

Adibide bat: «Badaude mediku asko, asko, ari direnak egunero-egunero bi ordu gehiago geratzen euren lanean jendeari behar den moduko arreta eskaintzeko, bi ordu gehiago egunero-egunero».

Datu batzuk: «Lehendik ere saturatuta ginen, egunean 35 edo 40 pertsona ikusten genituen, 10 minutu genituen pertsonako, imajinatu 10 minutu paziente bakoitzeko. Orain, kontsulta telefonikoekin ikusi dute mediku batek atenditu ahal dituela 50 edo 70 egun bakoitzean... eta noski, iritsi ezinda dabiltza».

Ondorio bat: «Zer gertatzen da? Jendea haserretu egiten dela eta parean duenarekin ordaintzen duela, nik ulertzen dut, normala da... baina, erasoak ere handitu egin dira. Zuk uste duzu horrelako lan kargarekin eta jendea horrela egonda egin ahal dela lan behar den moduan? Gero ikusten duzu Norbegiako eskaintza bat eta zer egiten duzu? Ba alde!»

Beste adibide bat: Nahi izanda ere Osakidetzan mediku gehiago hartzeko aukerarik ez dagoela esan zuen dagoeneko kargua utzi duen Nekane Murga sailburuak, EAEn nahikoa mediku ez zegoela. Artziniega: «Adibide bat emango dizut, gurekin formatu zen mediku egoiliar batena, hemen eskaintzen zioten bost hilabeterako lana eta Burgosen hiru urte zuzenean... zer egin du? Ba Burgosera joan»

Eta testigantza bat: «Lankide batek esan zidan, 'sentsazioa dut gerrako medikuntza ari garela egiten'»

Salaketa hau publiko eginda ez dute zalapartarik nahi, soluzioak baizik, Artziniegaren esanetan, «hau dena ez da orain irratian esaten dudala, nik bilera guztietan esan diet [arduradunei]». Eta zein da erantzuna? «Puff... ez dago erantzunik».

Kezka da nagusi koronabirusaren krisia iritsi aurretik gehiegi murriztu zuten eremu honetan, orain gainezka dabiltza eta sistemak eskainitako baliabideen faltan; mediku, erizain eta osasungintzako gainerako langileen bokazioak eusten dio lan karga handiari.

Jaurlaritza Logoa