IRRATIA

Badatoz ‘The Last of Us’, ‘Resident Evil 4’ zein ‘Wo Long’ datoz gure artera

Bideojokoen munduak argitalpen handiak jaso ohi ditu martxoan. Hala eta guztiz ere, aurtengoa benetan nabarmentzekoa da: genero guztietako lan potoloak heldu dira edo iristear daude kontsoletara zein ordenagailuetara, eta horiek errepasatu ditugu Game Erauntsia irratsaioan.

 

Este navegador no soporta el elemento audio.


Martxoko argitapen handien zerrendan daude Last of Us, Resident Evil 4 zein Wo Long, eta horiek guztiak aipatu ditugu aste honetako Game Erauntsia saioan. Horretaz gain,  Starfield-en argitaratze data ezagutu dugu azkenik, baita Dragoi Bolaren Budokai Tenkaichi sagako laugarren atala ere.

Esate baterako, bogan dagoen The Last of Us originalaren berregitea PC-ra iritsiko da lehen aldiz hilabete bukaeran. Berarekin batera daude Resident Evil 4 famatuaren remake-a —doako demoa jaso du, gainera—, Wo Long: Fallen Dynasty interesgarria, Metroid Fusion klasikoaren Switch-eko bertsioa nahiz Bayonetta ikaragarriaren unibertsoan girotutako Cereza and the Lost Demon ederra.

Bestelako albisteak ere ekarri ditugu gurera. Izan ere, aurtengo jokorik desiratuenetakoaren argitalpen data ezagutu dugu azkenean: Bethesda-koen Starfield erraldoia irailaren 6an kaleratuko da. Ezagutzen ez baduzue, The Elder Scrolls edo Fallout sagen mekanikak espazioko odisea batean biltzen ditu. Esploratzeko ehundaka planeta —edo hori agintzen dute arduradunek— eta bizitzeko milaka abentura eskainiko ditu Xbox kontsoletan zein ordenagailuetan. Ez hori bakarrik: ekainaren 11n Starfield Direct zuzenekoa izango dugu, baita Xbox Games Showcase aurkezpen handia ere.

Iragarpen handiekin jarraituz, azken urteetako estrategia eta kudeaketa jokorik interesgarrienetakoaren jarraipena aditzera eman dute Paradox Interactive-koek. Cities: Skylines ikaragarriaren bigarren atalari buruz gabiltza; hiriak sortzeari ekingo diogu berriz aurten, oraingoan estetika modernoagora jota.

Son Goku eta lagunekin bukatuko dugu asteko albisteekin; izan ere, gure manganime maitatuenetakoaren titulu berria aurkeztu dute Bandai Namco-koek. Budokai Tenkaichi borroka joko ezagunen laugarren atala prestatzen dabiltza: PlayStation 2-an zein Nintendo Wii-an estreinatutako lanen mekanikak atal grafiko apartarekin uztartuko dituela dirudi.