IRRATIA

Verde Prato, Kortatu eta minimal musika Iker Bárbararen eskutik

Bartzelona aldean harrapatu dugu Iker Bárbara, 2019tik erosita zituen Bon Iverren kontzertuko sarrerak astelehen buruzuri baterako balio izan diotelako. Bidaia aprobetxatuz, Mondo Sonoroko egoitza nagusian ere izan da lanean eta bertatik aritu gara berarekin hizketan.

Verde Pratok 1985eko Kortaturen kantua musika elektronikora eraman du. (Maria MURIEDAS)

Este navegador no soporta el elemento audio.


Aurreko astean zubia aprobetxatu zuenez, bi astetan pilatutako berrikuntzetatik egin du hautaketa kazetari bilbotarrak.

Los Sanchos - Caparazón

Donostiako taldea da Los Sanchos eta diskoaren aurrerapen abestia Zaratan estreinatu zuten. «Gaztain estudioan grabatu dute diskoa Cohen eta Hyedra taldeko kideez osatzen den Los Sanchos taldekoek. Post hardcore eta post rocketik aldendu direla esan dezakegu, poperoago eginaz. Nueva Vulcano, La Disputa edota Hot Snake taldeak aipatzen dituzte eragin moduan, baina nabaritzen da nondik datozen. Gazteleraz abesten dute eta musikariek 30 urte betetzen dituztenetik aurrera taldeetan bizi behar dituzten miseriak kontatzen dituzte, hori da ‘Escaso entusiasmo’ diskoaren haria. Motibazioa galdu ostean ilusioa non topatu, hori da nabarmendu nahi dutena. Ikusi beharko dugu zer nolako zuzenekoa duten», dio Bárbarak. Egiari zor, taldeari antzematen zaio nerabezaroa zer garaitan bizi izan zuen, hardcore melodikoaren eragina garbia delako ekarri digun kantuan.

Full Cab - Too Much

Full Cab taldeak punk jarrera duen arren, indie kutsua ere baduela nabarmendu du Zarata Mondo Sonoroko zuzendariak: «Soinu rockeroa dute eta gazteak dira. Iazko Rockein lehiaketa irabazi zuten eta M.A.Z. Basaurin izango dira, ostiralean, Zahararekin batera. Zuzenean entzuteko talde aproposa da eta orain ‘Out of order’ diskoa atera dute. Euskal Herritarrak dira, nahiz eta Liam McDonell abeslaria jatorri irlandarrak diren. Hans Krüger ekoizlearekin aritu dira disko honen grabaketan, Vulk edota El Columpio Asesino bezalako taldeekin aritu dena».

Sonic Trash - Gure nights

Bilboko Gure Txoko tabernari omenaldia egin dio Sonic Trash talde bilbotarrak. «Zazpikaleetan dago taberna, Barrenkale eta Dorre kaleen artean, eta 20. urteurrena bete zuen pandemia garaian, hala, aurtengo ekainean, 20. urteurren festatxo hori egin zuten Bilboko kaleetan. Sonic Trash taldeak omenaldi moduan aurkeztu du hau, Jesus Bollok egindako bideoklip eta guzti eta datorren diskoaren aurrerapen kantua da. Taberna musikazale hauei omenaldia egiteko nire modua ere bada, aldarrikatu behar direlako hauek eta geroz eta gutxiago direlako gure hirietan. Ohiturak eta estiloak aldatzen ari dira gazteentzat, bada aizu, trap tabernak nahi ditugu! Tabernan, zaharragoek, Iturribide kalean egiten ziguten guri transmisioa, bada, horretarako ere balio dute gisa honetako lokalek, musikaren inguruan sozializatzeko. Maketak ere toki hauetan saltzen ziren, gogoratzen dut Lisäbo taldearen maketa Deustuko gazte lokal batean erosi nuela, adibidez. Orain, ordea, demokratizazioari esker, ez da maketaren xarma berezi hori mantentzen eta zuzenean diskoak ateratzen dituzte askok», egin digu gogoeta Iker Bárbarak.

Verde Prato - Zu atrapatu arte

Azken abestia sareetan bolo-bolo dabilen horietakoa da. 1994an jaio zen Ana Arsuaga, Verde Prato, eta kantua, berriz, 1985ekoa da. «Bertsio oso berezia egin du, erritmoa oso minimal estilokoa da, orain arte egiten zuen elektronikatik dantzagarriagoa aukeratu du kasu honetan Verde Pratok. ‘Euskal Pop Erradikala’ izeneko EPa kaleratuko du azaroaren 11n eta ea zer erakusten digun», bukatu du Bárbarak.