Zuzenean

Iker Gurrutxaga
NAIZ Irratia. MusikHaria saioko gidaria

Komunikazio estrategiak eta kantu berriak

Komunikazio estrategiak izan ditugu hizpide besteak beste aste honetako Zarata tartean, talde batzuek eta besteek desberdinak erabiltzen dituztelako. Hala, soinu desberdinetan barna mugiarazi gaitu Iker Bárbara kazetari bilbotarrak.

Audio_placeholder

Komunikazio estrategiak eta kantu berriak

Loading player...
Azkena Rock jaialdian izan dira besteak beste 2022 honetan Joseba Irazoki eta lagunak taldekoak.
Azkena Rock jaialdian izan dira besteak beste 2022 honetan Joseba Irazoki eta lagunak taldekoak. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

JIEL - Luka

Joseba Irazoki eta lagunak taldeak eta Pettik split bat kaleratuko dute Bonberenea Ekintzak zigiluarekin abenduaren 2an, hori da Iker Bárbarak ekarri digun lehendabiziko erreferentzia: «Lau abestiz osatuta egongo da eta bina abesti egingo dituzte. Joseba Irazoki eta lagunak taldearena izan da aurrerapen kantua, ‘Luka’ abestia, Suzanne Vegaren kantu aski ezagunaren moldaketa. Bertsio oso pertsonala da, beren eremura eramana, moldaketa handia egin dutelako. Abesti originala 80etan atera zenean, bolo-bolo ibili zen komunikabide guztietan eta gure belaunaldi guztiak badaki, gainera, gaztelerazko bertsioa ere egin zuten eta hura ere aparra bezala zabaldu zen».

J Martina - Efemerideak

«Hasierako ideia ez zen bertsioekin tartea osatzea, baina horretara jarriz gero, lortuko genukeen. J Martina beren soinu bereziarekin sartu da eszenan eta leku garrantzitsua lortu dute Euskal Herrian. Oso interesgarria da Anari bezalako estilo hain pertsonala duen eta hain ezaguna den musikari baten kantu bati bertsioa egin izana, eta nola gainera. Ez dakigu zerbait gehiago kaleratuko duten orain, dirudienez, singlea delako, baina ez da lehen kasua izango halako iragarpen soil baten ostetik Durangoko Azokan zerbait gehiago aurkeztea. Dena dela, ziurrenik, aurten atera duten ‘Jaio naiz baina’ diskoari jarraipena emateko modu bat izan da», esan digu Zarata Mondo Sonoro aldizkariko arduradunak.

Ama Say - Ero bomb

Bagenekien Ama Say taldean bueltan zetorrela eta Meatzaldeako taldea indarrez itzuli da. «Aldaketak egin dituzte eta Karlos Osinaga, esaterako, ekoizpenetik taldearen parte izatera pasa da. Diskoa komiki antologiko batekin etorriko da esan dutenez eta soinu berezia duela iruditu zait. Ez dut askorik ezagutzen duela 25 urteko Ama Say, baina abesti berria soinu gaurkotuarekin dator. Hilaren 24an aterako da diskoa eta ikusiko dugu zer nolakoa den. Berritzaileak izan ziren sorreratik, besteak beste, euskara eta ingelesa nahastu zituztelako beren abestietan. Aipatu, badirudiela nostalgia puntu bat zabaltzen ari dela, 90etako talde asko bueltan etortzen ari direlako», gaineratu du bilbotarrak.

Sua - Ez dira gai

Pandemia aurretik atera zuten beren diskoa Sua taldekoek eta pandemian bi single ere kaleratu zituzten, baina ez da lan berririk etorri bitartean, nahiz eta horren itxura bazuen. Iker Bárbararen ustez, «single berria oso indartsua da eta ez nuen espero halako gogortasuna izango zutenik. Abesti indartsuak egin izan dituzte, baina halakorik orain arte ez dute egin. Rock lasaiagoa egiten duen talde batek horrelako abesti bat ateratzen duenean, sekulakoa izaten da eta zuzenean entzuteko gogoa sortzen du».

Jaurlaritza Logoa