Zuzenean

Iker Gurrutxaga
NAIZ Irratia. MusikHaria saioko gidaria
Elkarrizketa

‘Zarata’ tartean aurreratu bezala, ‘Adoretua’ diskoa aterako du martxoaren 3an Verde Pratok

Verde Pratoren disko berriaren aurrerapen kantua ekarri digu, besteak beste, Iker Bárbarak aste honetan. ‘Euskal pop erradikala’ zeresana eman zuen EPa izan zen iaz eta, itxura guztien arabera, antzekoa gertatuko da martxoan kaleratuko den lanarekin ere. Aurrerapenak, behintzat, hori iradokitzen du.

Audio_placeholder

‘Zarata’ tartean aurreratu bezala, ‘Adoretua’ diskoa aterako du martxoaren 3an Verde Pratok

Loading player...
Verde Pratok irabazi zuen 2022ko MIN sarietako euskarazko disko onenaren saria.
Verde Pratok irabazi zuen 2022ko MIN sarietako euskarazko disko onenaren saria. (Luis JAUREGIALTZO | FOKU)

Ostiraletan etortzen da normalean kantu eta diskoen uzta berria, astelehenean batzen dugu askok eta asteartean ekartzen digu Iker Bárbarak ‘Zarata’ tartean berari interesgarriena zaiona: «Komunikabideetara pixka bat beranduago etortzen dira askotan edota azken orduan, eta horregatik lan berrien kontua astelehenetara mugitu nuen. Maiz, gainera, informaziorik gabe etortzen dira kontuak eta ikerketa lan pixka bat ere egin behar izaten da».

Verde Prato - Niña soñando
Kantu berria argitaratu du oraintsu, EP bat duela gutxi, baina ez da hori soilik izango, martxoaren 3an diskoa kaleratuko du Verde Pratok: «Hizkuntzak nahastuko dituela dirudi lan honetan ere, ‘Adoretua’ deituko baita bere disko berria. Estatu mailan asko baloratzen duten artista da, nire Bartzelonako kideek maiz galdetzen didate honen inguruan, nahiz eta gauza oso berezia den eta euskal folklorearen ukitu nahikoa nabarmena duen. Hori bai, publiko zabalaren kasuan, jendeak edo asko maite du edota batere ez, gauza hain bereziekin normalean gertatzen denez. Jon Agirrezabalagarekin errepikatu du disko honetarako, El Tigre estudioan grabatua izan delako, eta bideoaren estetika lantzen Maria Muriedas izan du lagun. Badirudi, gainera, aspaldiko kontu bat ikusten ari zarela bideoklipa bistaratzean, nahiz eta soinu gaurkotuak dituen abestiak».

Lucas Jesús - Para no pensar ft. Ama Ia
Izenak akaso itsasoz bestaldera eraman dezakeen norbait, Euskal Herrian sortzen da erabat bigarren erreferentzia: «Donostiarra da proiektua, Lucas Malcorra da atzetik dagoena, Joe La Reina taldean aritua. Bi disko oso interesgarri kaleratu zituzten beren ibilbide laburrean Joe La Reinakoek, Subterfuge zigiluarekin, gainera. Azken bi urte hauetan bakarka kantuak sortzen ari da eta jomugan disko bat duela dirudi. Sorpresa moduan etorri da honakoa, Kokoshca taldeko Amaia Tirapurekin egin duelako elkarlana; popa eta joera berriak uztartuta sortu du abesti hau Lucas Jesúsek».

Mamu - Gauza guzti hauek
Urtzi Iza ekoizleari esker ezagutu du Ikerrek Mamu taldea, Haxotz taldeko kideak ere badituena: «Laukote bilbotarra dira eta Eten Espazio sonoroan grabatu dute lehen abesti hau. Emocore bezala aurkezten dute beren musika eta EP bat gutxienez aterako dutela dirudi».

Tatta, Mutiko, Denso x Malakias - Tabernan bueltaka
Sarean asko irakurtzen diren izenak dira goian aipatutakoak, baina askorik ez dakigu haiei buruz, nahiz eta ‘Beste Bat’ saioetan Etxepekoak ditugun otsailekoen artean eta haiekin ere ibiltzen diren izen hauek guztiak. «DabaDaban saltsa izan zen haien kontzertuan duela gutxi eta orain gehiago dituzte Euskal Herriko beste hainbat aretotan. Denborapasa moduan hasi ziren jolasean Tatta, Denso eta Mutiko eta gauzak geroz serioago hartzen joan dira, proposamen asko jaso izan dituztelako bidean. Hortaz, orain nolabait ere profesionalago dabiltzala esan dezakegu. Chill Mafiaren eragina hor dago, bai musikalki, baina, batez ere, lana egiteko moduetan. Bakoitzak bere izenarekin sinatzen ditu kantuak, baina elkarlanean aritzen dira Tatta, Denso eta Mutiko. Gainera, oraingoan, Malakias batu zaie, erremix dotoreak egiten dituena, techno gogorraren maitale den ekoizlea, benetan interesgarria».

Jaurlaritza Logoa