Zuzenean

Elkarrizketa
Ana Arsuaga Arambarri
Verde Prato proiektuaren sustatzaile eta musikaria

«Publikoarekin zauden unera arte ez du ia ezertarako balio buruan irudikatzen duzunak»

«Kanpoan bada mundu bat» dio kantuz, baina barne mundutik ere asko erakusten du Ana Arsuaga Arambarrik (Tolosa, 1994), Verde Pratok. Bi disko, maxi single bat eta EP bat kaleratu ditu dagoeneko artista tolosarrak. Azkena, martxoaren 3an, ‘Adoretua’, Plan B Music zigilu madrildarrarekin.

Audio_placeholder

«Publikoarekin zauden unera arte ez du ia ezertarako balio buruan irudikatzen duzunak»

Loading player...
Bigarren lan luzea atera du Verde Prato proiektuarekin Ana Arsuaga Aramberri musikari eta artista tolosarrak.
Bigarren lan luzea atera du Verde Prato proiektuarekin Ana Arsuaga Aramberri musikari eta artista tolosarrak. (Maria MURIEDAS)

‘Adoretua’, zu aspalditik zaudela esan daiteke?

Kontzeptua aspalditik jarri nion diskoari eta akaso ‘flipatu’ samarra ere iruditzen zait. Nire buruarekin izaten ditudan elkarrizketa edo bakarrizketa horietan, nola izan musikaria edota nola jarri jendaurrean bakarrik aipatzen dut maiz. Lotsati samarra naiz eta prozesu bat izan da eta izaten ari da hori guztia, horregatik adoretua.

Bai, izan ere ez delako gauza bera kaleko artista bezala aritzea edota antzoki handi batean, ezta?

Bai, hala da. Baina beste faktore batzuk ere garrantzitsuak dira, esaterako, Tolosan eta ezagunen aurrean jotzeak gehiago lotsarazten nau beste hainbat tokitan baino. Gauzak serioago hartzeko prozesu bat ere egon da, tokietara bakarrik joatea ere desberdina da eta hori guztia ikasten nabil.

Bakarrik joaten zara edo konplizeren bat eramaten duzu zurekin emanaldietara?

Beti nahiago dut norbaitekin joan eta gehienetan managerra etortzen da eta bakarrik joatea baino hobea da, jakina. Lagundu egiten du, profesionala da, baina gustoko izaten dut lagun edota familiako kideren batekin joatea, horrek asko babesten du bat.

Artistaren bizitza oso arraroa da. Kontzertuaren edota konposatzearen lana ehunekotan neurtuta oso txikia da, beste guztia askoz ere terrenalagoa eta bortitzagoa da, batez ere bakarrik zaudenean eta ez taldean. Zu bakarrik zaude han, pertsona ezezagunekin eta hori ere gai garrantzitsua da, luzerako eman dezakena.

Diskoa ‘Ahizpak’ kantuarekin irekitzen da, ahizpatasunari egindako kantua da?

Ahizpa txikia dut eta hari eskainia da. Umetan eta orain, ahizparekin, Marinarekin, dudan erlazioaz ari naiz hizketan, berari eskainia da.

Unibertsalagoa ere izan daiteke, ordea.

Ez dut askorik pentsatu horretan eta ulertzen dut eta izan daiteke. Nik pasadizo bat kontatzen dut eta abesti bat askoz ere gehiago da, jakina.

BPMak igota bakarrik beste giro batetara eramaten du kantu honek, baina hau kantu lasaia da. Hasierako loop hori da abiapuntu bezala bilatzen duzuna?

Askotan gertatzen zait konposatzerakoan riff moduko bat denbora guztian errepikatzearena, askotan hortik abiatzen da abestia.

Zer etortzen zaizu lehendabizi burura? Izan ere minimalista samarra zara.

Errekurtso falta, teknika falta… hori guztiarekin eta dakizun gutxi horrekin disdira bat izan dezala maila gorenean abestiak, hori da kantuekin dudan desioa. Hau da, minimalista da, baina hori aukeratua izaten da edo ez, mugak baditudalako. ‘Ahizpak’ abestian oinarri bat sortzen da lehendabizi eta gero jolas moduan planteatu nuen, izaera hori izan zezala nahi nuen.

Esaterako nahasketan tinbal batzuk goitik eta ezkerraldetik ari zaizkit sartzen. Halako kontu guztiak propio egindako gauzak dira, ezta? Hau da, planoekin jolastu duzue.

Jon Aguirrezabalaga da guzti horren zati. El Tigre estudioetan berarekin sortzen ibiltzen naiz gauza hauek, laguna ere badelako eta ekoizle papera ere hartzen duelako. Nik esaten diot zer bilatzen dudan eta gero berarekin lanean aritzen naiz, horregatik, jolasaren kontzeptuaren bila, soinutxo asko entzun daitezke. Umetxo bat kutxekin jolasean irudikatzen nuen kantu honetan.

Irudimena bere purutasunean isladatzen duzu abestietan.

Eskertzen dizut hori. Bizipen erreal batetik abiatzen naiz baina nora eraman irudikatzen dut, baina ez letretan soilik. Abesti baten arimak zure sentsibilitatearekin ere badu lotura, eta kontatzea akaso ez da hitzik egokiena, baina kontatzen du, zerbait badu, tonu bat hartzen du eta narratibitate bat eraikitzeko bidea ematen du, zerbait kontatzeko eskeletoa egiten delako lehendabizi.

Bigarrenean, ‘Su pelo’ kantuan, beste mundu batetara goaz, ordea. Zer da, moombaton bat, dembow bat… Zuk esango didazu.

Niretzako reggaetoi bat da. Akaso pixka bat motela da eta hori, baina hori bilatzen nuen.

Maitasun kantu bat, reggaetoian eta goxo egin daiteke, ezta?

Bai, maitasun kantu argia da. Reggaetoia asko gustatzen zait, baina mundu mainstreamean oso begirada generalista du eta sexualizatuta edota sexualitate tono konkretu batean dago, ondo dagoela, baina nik nire sentsibilitate batetik idatzi nahi nuen, buelta bat eman nahi nion horri.

Zure moduan abestutako reggaetoi kanturik topatu duzu?

Meth Math taldea, esaterako, bada horren adibide, ‘Perreando llorando’ kantua ezagutu nuenean konturatu nintzen hortaz eta asko gustatu zitzaidan, beraz, halako reggaetoia ere esistitzen da.

Soinuetan ere ikerkuntza dezente dagoela nabaritzen da, zenbat denbora pasa dezakezu disko batetarako horretan?

Jonekin bakarrik aste pare bat. Nik etxean egiten dut lehendabizi dena eta gero bere estudioan sofistikatu egiten dugu, nik jakituria eta baldintza tekniko gehiegi ez dudalako izaten. Nahikoa ideia argiekin joaten naiz baina soinuak eta abar Jonekin bilatzen eta lantzen ditut gero.

Buruhauste dezente emango dizu ezta, minimalismoak ere bikain aukeratzera bultzatzen zaituelako.

Bai, hori da alderik zailena, elementu gutxirekin bikaintasuna bilatzearena. Argi utzi behar dut Jonek asko laguntzen didala, eta bera gabe lan askoz ere gehiago egin beharko nuke. Elektronikak aukera zabal asko ematen ditu eta Jonek hor asko daki.

‘Garai galduak’ kantuarekin ere doinu latinoetan mugitzen zarela dirudi, nik behintzat tango bat bezala ulertu dut.

Denetarik esan didate, boleroa dela ere bai, baina lehenengoz esan dit norbaitek tango bat dela. Nik bachata bat egin nahi nuen, nahiz eta tenpoz geldia den, baina nire buruan hori da dagoena.

Soka-instrumentu bat entzuten da, organikoa da?

Bada, zalantzan ibili ginen kontrabaxu bat jarri edo ez. Zalantza asko nituen, ez nuelako Marlango bat egin nahi. Jazz latino kantu bat euskaraz, pixka bat hortera geratuko zen. Ez horteroa delako, baizik eta Marlango euskaraz egitea iruditzen zitzaidalako horteroa. Horregatik soinu digitala sartuta aldatuko zela uste genuen eta elektronikoago geratuko zela, horregatik hautu hori.

Kantua zabalduz doa, gitarra bat sartzen da, koroaren armonizaziok lagunduta eta perkusioa gehituz. Progresibo moduan planteatuta dago?

Ez, baina ikusten dut diozuna. Irekitzea, ez irekitzea, erritmo berak soinu desberdinekin egitea… Nik ez dut behar hori ikusten baina Jonek bai, ni oinarrizkoagoa naiz, sinpleagoa eta Jonek soinu aldetik dinamika horiek bilatzen ditu. Frank Oceanen abesti bat jartzen dit esaterako eta nik ez dudala behar usten dut, baina aldaketak egiten dituenean jabetzen naiz bidaia bat planteatzen duela eta abestiak horregatik ez duela nekatzen gero.

Begiradaren garrantziaz eta indarraz ari zara hizketan abestian. Barruko beldurrak askatzeko nahia dago? Adoretu eta egoerei aurre egiteari buruz zabiltza?

Interpretazio askea da eta ondo dago, nahiz eta nik beste gauza bat nuen buruan. Niretzat abestiak kontatzen du egoera toxiko edo txarretan atera ezinda behin eta berriz egon zaitezkeela, garai galduak horiek dira, hortik abiatzen da.

Eremu gartsua zer da, infernua?

Hartu ez den bide bat da, non gauzak ongi atera daitezkeen.

Diskoaren erdi-erdian dago akaso diskoko kanturik minimalistena dena, ‘Harrapatu ninduen’. Grano antzeko bat, nota esekiak… Ados zaude?

Hau da looparen adibide garbiena. Piano bat dago loopean eta ahotsa ere berdin, errepika dago behin eta berriz. Baina trance puntu bat badu, hor sartzen zara eta ez zara nekatzen, tentsioa abesti guztian sostengatzen dela iruditzen zait.

Zu, zuzenekoetan, nola zaude erosoago, elementuak gehitu eta gehitu zabiltzanean edota abesti minimalistetan?

Bigarrenetan askoz ere erosoago nago, gorputzaren jarreran kontzentratu nahitekeelako eskuak eta burua libre ditudanetan. Kontzertuak ere horra bideratzen ari naiz, kontzertu txikietan soilik apreziatu daitekeelako akaso elementuen erabilera baina handiagoetan erabat galtzen delako.

Interpretazioa lantzen ispilu aurrean ordu asko ematen dituzu?

Ispilurik sekula ez dut erabili baina ordu asko ematen ditut, baina publikoarekin zauden unera arte ez du ia ezertarako balio buruan irudikatzen duzunak.

Hortaz, aurretiaz egiten ari zarenari buruz iritzia emateko konplizeak ere izango dituzu.

Bai, noski, baina bideoak ere grabatzen ditut. Adorea hartzearena hemendik joan da asko, gorputz espresioaren lanketan egindako guztiaren inguruan.

‘Izar baten begitazioa’ kantuarekin euskal kantagintza tradizionalari keinua badago. Hau diot behin eta berriz euskal folk tradizionala berritzen ari zarela diotenak badirelako, nahiz eta diskoan bi kantutan dagoen akaso hori nabarmen.

Etiketa hori asko jarri didate nahiz eta ni hain identifikatuta ez nagoen. Egia da kantu batzuetan tradizio oralarekin, errepika, errima, eta armonian elementu alderagarriak badaudela, baina beste erreferentzia nabariak ere badira nire kantuetan. Dena dela, ni inpostore samarra sentitzen naiz, tradizioa berrizten dudala diotelako eta nik ez dut nire burua hor ikusten, ez dakidalako hainbeste gure musika tradizionalari buruz eta nik ez dudalako ardura hori nire gain hartu nahi. Egia da maite dudala gure folk tradizionala, baina ez naiz ikertzen ez ezer ibiltzen, ez dut inor engainatu nahi, hortaz, etiketa horrekin ez naiz eroso sentitzen. Nik uste dut nire musika eklektikoa dela eta beste eraginak nabariagoak direla euskal folklorearenak baino, hala ere etiketak jartzearena ulertzen dut.

‘Niña soñando’ kantuarekin, esaterako, kontrastea nabaria da. Hau musika urbanoagoa dela esan dezakegu, perkusioa, ordea, latinoa edo afrikarra da? Non dago muga?

Kantu latinoagoa zen nire buruan erritmoa, baina soinu oso borobilak gustatzen zaizkit, goxoak, berotasuna dutenak, ez oso hotz edo zorrotzak. Jonekin denbora guztian hor jartzen dut fokua, horregatik soinuak lodiagoak dira eta ez hainbeste lata soinua edo dutenak, horregatik akaso latinoa baino afrikarra ematearena.

Zure ahots erregistroko notarik altuena badakizu zein den?

Ez, baina abesti honetan ziur ematen dela. Ahotsa landu eta zaindu egin behar da. Abesti hau ezin da abestu afonia pixka bat baldin baduzu. Ahotsa polo batetara eraman nahi nuen, nire mugak ikusi nahi nituen. Abestia delikatua da oso eta hori transmititu nahi nuen ahotsaren bidez.

Berrobiko eskolan egindako bideoklipak laguntzen du abestia, ama, Elena Arambarri, bidelagun izan duzu hor.

Ama beste gauza askoren artean antzerki eskolako irakaslea da eta Berrobiko eskolan urte asko darama. Ama zuzendaritza lanetan aritu zen eta bertako aktoreen lanarekin harrituta geratu nintzen, sekulako lana egin dutelako, oso serio.

70-80etako estetika duen bideoa da. Estetika hori maite duzu?

Maria Muriedasek egin du bideoa, nire lagunak, eta berak oso gogoko du estetika hori eta emaitzarekin oso pozik nago ni.

Diskoaren diseinua, berriz, Sahatsa Jauregirena da, nahiz eta zu artista plastikoa ere bazaren.

Artea oso mundu zabala da, nik pintatu egiten dut baina ez dut diseinu grafikoan lanik egiten. Sahatsa berez eskultorea da, baina ‘Jaikiera’ diskorako berak landu zituen tipografia eta maketazioa eta oraingoan diseinua berriz ere bere esku utzi dut, trasteatzen aritu eta emaitza oso politak lortzen dituelako.

Diskoaren estreinaldia eta lehen kontzertua batera ziren egitekoak, baina ezin izan zuen izan.

Martxoaren 3an DabaDaban egin behar genuen baina oso gaixo nengoen eta data berria badugu. Ostiral honetan Bartzelonan izango naiz eta martxoan, atzetik, Azore uharteetan, Madrilen Radio Encendidaren kontzertuetan eta, aurrerago, Madrilen Café Berlinen, DabaDaban, Bilbon… etorriko dira kontzertuak.

‘Euskal pop erradikala’ lanak gorakada bat ekarri zizula uste duzu?

‘Zu atrapatu arte’ kantuarekin zerbait nabaritu nuen, nahiz eta nire zirkulua oso txikia den, baina kontzertuetan dagoeneko ikusten zen zerbait.

Azkenekorako ‘Ez zinen’ kantua utzi dugu. 808a eta euskal kantagintza tradizionala delakoa uztartzen direlako, baina The Andrews Sisters bezalako 30-40etako erreferentzia korala ere etortzen zait burura.

Justu horiek ez ditut ezagutzen baina pentsatzen dut nondik zoazen. Niri elizako koralak etortzen zaizkit burura. Armonia bere disdira handienera eramateko esfortzua dago eginda koral horretan.

Toki bati egindako abestia da?

Ez, pertsona bati egina da.

Azkena, diskoa non eskuratu daiteke?

Bada kontzertuetan, Plan B Records Musicen bandcampean eta Fnac eta halako dendetan ere bai.

Zuzenean disfrutatzeko diskoa badenez, gozatu dezazula.

Mila-mila esker.

Jaurlaritza Logoa