Zuzenean

Elkarrizketa
Fane, Axeri eta Denso
Etxepe kolektiboko kideak

«Izan Gozategi edo izan Daddy Yankee, baina dantzarako musikaren zaleak gara»

Kolektibo gisan funtzionatzen duten musika proiektuak geroz eta ezagunagoak zaizkigu, nahiz eta ez den fenomeno berria. Debagoienan sortutako Etxepe da horietako bat, Arrasate eta Aramaioko gazteek osatutako diziplina anitzeko taldea. Aurkezpen biran murgilduta daudela izan gara haiekin. 

Audio_placeholder

«Izan Gozategi edo izan Daddy Yankee, baina dantzarako musikaren zaleak gara»

Loading player...
Tatta, Denso eta Mutikorekin batera ari dira ‘Jetplane tour’ delakoa egiten Etxepe kolektibokoak.
Tatta, Denso eta Mutikorekin batera ari dira ‘Jetplane tour’ delakoa egiten Etxepe kolektibokoak. (ETXEPE)

Egun on, zer moduz zaudete?

Axeri: Hemen, pozik, lan eta lan.

Kaleratu duzuena diskoa dela esan daiteke?

A: Bai, mixtapea, diskoa….

Fane: Eginda genituen abesti guztiak batu eta aurkezpen moduan kaleratu ditugu.

Baina kantu berriak atera dira dagoeneko. Astero tarte bat hartzen duzue horretarako?

A: Etengabe gabiltza sortzen. Orain atera dira hauek, baina ateratzerako bagenituen hainbat kantu sortuta eta abar.

Etxepe zer ulertu behar da, Eli, Fane eta Axeriren proiektu bezala edo kolektibo moduan?

A: Nik uste dut kolektiboa garela, nahiz eta hiru lagun elkartu ginen hasieran. Gerora jende gehiago jarri da gurekin harremanetan eta denak ongietorriak gara.

F: Bai, printzipalak hirurok garen arren, Lil Budú edota Harakin ere dagoeneko parte garrantzitsua dira, adibidez.

Etxeperen izena nondik dator?

A: Gure lokalaren edo estudioaren izena da, gu jaio aurretik zeukan izen hori bera eta mantentzea erabaki dugu.

Zazpi jauzitik drill bat sortzen duzue. Nori bururatzen zaio hori?

A: Hori Maidari bururatu zitzaion, Eliren anaiari. Beat bat sortu zuen erritmo horrekin eta guk sekulako gogoz hartu genuen eta letra sartu eta egurra eman genion azken emaitza hau lortzeraino.
Zortzi abizen zer da, lau egile zaudetelako atzean?

F: Bada, bai. Lau egile gaude kantu horren atzean eta batzuetan ekoizle Maida izaten da eta besteetan Denso. Gauzak etortzen diren moduan sortzen dira gauzak, baina ez dugu aurreikusten zer etorriko den, unean unekoa sortzen dugu.

Bigarren kanturako, ordea, estiloa aldatu egiten da. Marseilla ukituak ditu honek, Denso?

Denso: Niretzako drill bat da reggaetoiarekin.

Letrarekin jolasean zabiltzate Etxeperen kontuarekin denbora guztian eta hemen errepika esanguratsua da. Hori dago lehendabizi edo oinarria dago sorreran?

F: Letrak hasierako ideia bat lokalera eraman eta horren inguruan sortzen dira. Grabatzen ari ginela atera zen «Etxepen, Etxepen, beheraino dantzatzen» hori. Festa moduko bat da eta tokiari, gure lokalari, etengabeko erreferentzia egiten gabiltza.

«Etxeperen logika» ulertu al da?

A: Akaso norbaitek bai, kar-kar.

F: Ez genuen espero halako harrerarik, nahiz eta herrian ikusi dugun baietz. Kontzertuak egiten hasi ginen eta gustatu dira, eta ‘Alboka’ etorri zenean halako leherketa bat eman zela esan dezakegun. Oso pozik gaude.

‘Amaitu gabeko gauak’ kantutik atera dut logikaren zera hori, Puerto Ricora bidaiatzera gonbidatu nau abesti honek.

D: Afrobeat musika edo afro-trap bezala hartzen dut nik kantua.

‘Shukran’ abestiak lotura du aurrekoarekin?

D: Hori da, Puerto Ricon baino askoz ere Afrikako udan ikusten dugu kantu hau.

Udarekin ulertu behar diren kantuak dira, ezta?

A: Bai, gauak luzatzen direlako.

Bizitzan gauza txikietan topatzen da gozamena?

A: Bai, eta lagunekin edo familiarekin, maite dituzun horiekin badira gauza horiek, askoz ere hobeto.

‘Domeka’ izan daite ‘post-Shukran’ bat? Iluntasuna eta ajea daude hor atzean.

F: Beata Elik egin zuen, abeslaria dena. Nahikoa segidan atera zen, egun batean. Gau horretan bertan igo nahi genuen, baina goizaldeko 3:00ak ziren. Iluna bada, bizitza ez delako beti festa eta barrea, momentu ilunagoak ere izan ditugu eta hori ere badago kantu horretan.

Barrak hizkuntzak nahastuz idazten dituzue.

F: Nahiz eta akaso egokiena ez den eta denei gustatu ez, hizkuntzaren erabilera horrela da. Etxean dena euskaraz egiten dut, baina lagunen artean dena nahasten dugu eta horregatik ingelesezko hitz batzuk tartekatzearena ere.

Segidan, ordea, kontrapuntua jartzen duen ‘Rockstar’ dator. Ezer organikorik bada? Modan dago estilo hau, ezta?

F: Beat hau internet bidez eskuratutakoa da. Bengok esaterako erabiltzen ditu halakoak eta nik txikitatik rock-punk taldeetan asko jo dut. Hortaz, naturalki sortzen da dena.

Orain elektronikagoa den musika egin arren, sentitzen zarete rockstar?

F: Beti izan gara rockstar, orain ere bai!

Bachata itxura hartu diot ‘Ready’ kantuari, badu hortik?

A: Bada ez, ez dugu izan hori buruan. Erritmo dantzagarri bat du argi eta garbi.

Hisiari abesten diozue, zer da zuen ‘Despechá’ propioa.

A: Bai bai, baina Rosalíak baino lehenago atera genuen gurea!

‘Klub’ kantuan bi espazio banatzen dituzuelako. Gaztetxean rocka eta tabernan gero technoa entzuten dela diozue. Berri Txarrakek ‘S.M.T.’ kantuan esaten zuen gaztedia technoak soilik mugituko zuela. Hala da?

A: Bada, Berri Txarrak entzun dut baina ez nuen hori gogoan.

F: Reggaetoia ere bai parrandarako, noski. Gaur egun geroz eta gutxiago bereizten dira bi espazioak, baina banaketa hori gutxiagora doa eta horrela behar du izan. Musika musika da eta bakoitzak bere gustuak ditu. Kontzertuak eta bai, baina gero izan Gozategi edo izan Daddy Yankee, baina dantzarako musika zaleak gara.

Tradizioari traizioa egitea edota zikintzea gogoko duzue.

F: Ez diogu tradizioari faltatzen eta horrela hartzen badu norbaitek, guztiz kontrakoa da. Artean denbora guztian apurtu egin behar da, edo horrela ulertzen dut nik.

‘Alboka’ santamasei begira atera zenuten ezta?

A: Bai, bai.

F: Bai, baina ez. Letra herriko festen ostean egin genuelako, Sanjuanetan. Gero technoaren zatia etorri zenerako santamasak gainean genituen eta unea aprobetxatu nahi genuen kantua aurkezteko.

Gaiteroak goizeko 8:00etan orain badakigu noiz ateratzen diren. Une garrantzitsua da edo?

A: Arrasatekoa bazara ezin duzu hutsik egin, herri guztia batzen da bertan eta oso une polita izaten da, sekulako giroa egoten da.

Hit bat sortu duzue, kontziente zineten pasa zitekeela?

A: Espero genuen harrera txukuna izatea Euskal Herrian, jendeak harriduraz hartuko zuelako. Baina ez genuen halako dimentsioa hartzerik espero, nahiz eta potentea zela bagenekien.

Zuzenekoetan Ttatta, Mutiko eta Densorekin bazabiltzate. Baina zer dator udaberritik aurrera?

A: Zuzeneko asko datoz eta kontzertu asko ditugu lotuta, baita abesti berriren bat edo beste ere, topera gatoz.

F: Azken kontzertua apirilaren 22an izan zen, Esne Beltzarekin, Lazkaon. Orain, ‘‘Jetplane tour‘’ delakoan, apirilaren 27an, ostegunarekin, DabaDaban eta 28an Iruñeko Rockollectionen izango gara.

Udarako espero behar dugu kantutzarrik?

A: ‘‘Perreo diabólico’’ bat dator.

F: Ez dakigu hit bat izango den edo ez.

D: Hit bat ezin da sortu aurretik izendatu, atera eta gero sortzen delako.

Beno, bada ikuskizun geratzen gara. Mila esker gurekin izatearren!

Zuri!

Jaurlaritza Logoa