Zuzenean
Ama Ia - Cómo recuerdo
Kokoscha taldeko Amaia Tirapuren bakarkako kantu berria ekarri digun lehen tokian: «Zaratan estreinatu genuen abestiaren bideoklipa. Proiektu oso berezia da, ‘Colectivo Ostatua’ deitzen da eta Motu musika estudiotik pasa diren musikariek osatzen dute proiektu hau. Gutxika eta naturalki sortu den zerbait da, eta halako lan kolektibo bat sortu dute. Musika herrikoitik abiatu eta forma desberdinak hartu ditu Guillermo F. Mutiloaren eskutik. Cristina Juárez, Oihana Herrera, Germán Carrascosa, Gorka Leuza… eta abar pasa dira estudiotik eta hau guztia grabatu dute. Hamabi abesti egin dituzte guztira, 12/12/12 diskoan eta entzungo dugunez disko oso berezia izango da».
Sonic Trash - Serindipia
«Gasteizko Victima’s Club taldearekin batera argitaratu dute halako split disko bat bi talde beterano hauek. Beno, gasteiztarrak ez dira talde bezala hain beteranoak. Sonic Trashek disko honetan lau abesti sartu ditu eta Victima’s Club taldeak hiru. Kantu hau fina da, talde honek abesti gitarreroetara ohituta gauzkan arren. Biniloan eskuratu daitekeen diskoa da eta rockaren maitaleentzat bada aukera on bat», esan digu Iker Bárbarak.
Txopet - Aiztoa erakutsi
«Ekainean kaleratu genuen elkarrizketan, aipatzen zuten urrirako espero behar genuela disko berria, baina zertxobait berandutu da, Eten Espazio Sonoroan grabatu duten lana. Talde berrietatik udan kontzertu gehien akaso hauek eman dituzte, eta hori orain arte single batzuk edo EP bat baino atera ez dutenean. Gauzak lasai egin dituzte, lehengaia badute eta VillaSounden ikusi genuen bazeukatela zer eskainia. Egin behar zena egin dute, zuzenean ibili, beren proposamena landu eta diskoa osatzea. Hobea da disko on bat egitea bi EP labur baino eta beren apustua gustatu zait», kontatu du kazetari bilbotarrak
Argazki bat behelainoan - Berdin dio zer entzuten duzun, ez ireki begiak
«Arkaitz Artolaren diskoaren tituluak dena esaten du, ezta? Denbora luze bat eraman du diskoa prestatzen segurtasun ezagatik-edo. Proiektu askotan sartuta ibiltzen den jende honi barrutik ateratzen zaio hori kanporatzea kosta egiten zaio edo patxadaz hartzen du. Post-rock soinuak dituen arren, oso pertsonala da proiektua, barrutik ateratako musika dela nabari da, eta, horietako batzuk, hau bezala, instrumentalak dira. Tarteari bukaera emateko egoki ikusten nuen, gauerdiaren bueltan egokia izan daitekeelako halako abesti bat», bukatu du Zarata Mondo Sonoroko zuzendariak.