IRRATIA

Tolosan sortutako Alai elektronika proiektua ekarri digu Iker Bárbarak ‘Zarata’ tartera.

Elektronika eta hardcorea izan dira protagonistak aste honetako ‘Zarata’ tartean. Proposamen interesgarriak aste honetan Iker Bárbarak luzatu dizkigunak, tartean bi aurrerapen kantu, gehiagoren zain geratu gaitezen.

Ezagutzen ez genuen Alai artista ekarri du Iker Bárbarak bere azken ‘Zarata‘ tartera. (@alai_o)

Este navegador no soporta el elemento audio.


Festibalak bueltan datozen honetan, MusikHaria saioko kolaboratzailea den Iker Bárbara M.A.Z. Basaurin izango da Txiki M.A.Z. atalean umeentzako musika jartzen azaroan egingo den jaialdian. Hala ere, bere proposamenak besapean dituela etorri da astero legez Zarata Mondosonoroko arduraduna.

Indartsu itzuli den taldea da Bananas eta «oso interesgarria» Iker Bárbararen ustez, Madeleine eta Adrenalized taldeetan, besteak beste, dabiltzan musikariak dituena: «Gogoratzen dut ‘Azal bat urdina’ atera zutenean, Tropical Post-Hardcore egiten zutela esan zutela, bitxia izan zen hori eta grazia egin zidan. Urte hartan disko onenen zerrendan sartu genuen ‘Zaratako’ hautaketan».

Giante talde ekarri du ildo beretik Bárbarak: «Lehenengo EPa 2018an kaleratu zuten Cosmic Tentacles zigiluarekin eta hiru urte beranduago disko luzea kaleratu dute, ‘Hamaika’. Dut, Lisabö edota At The Drive in bezalako taldeak etorriko zaizkio burura jendeari. Euskaraz egin dituzte kantu guztiak, nahiz eta aurreko diskoan ez zuten euskaraz abestu. Orain, ordea, gauzak horrela atera omen zaizkie eta euskara hutsean kaleratu dute. Zuzenean indar handia duen taldea dira eta kontuan hartu beharko dira aurrerantzean ere». Karlos Osinaga ‘Txap’-ekin grabatu dute diskoa Bonberenea Ekintzaken zigilupean.

Badirudi Merina Gris hirukoak azken aurrerapen kantua kaleratu duela diskoa atera aurretik. «Egia esanda ez dakit hala izango den, banekien disko bat badagoela atzetik, baina ez dakigu azken aurrerapen kantua izango den edo ez. Talde batzuk hilero single bat kaleratzen dute eta urtea bukatzean diskoa atera, baina kasu honetan ez dut uste horrela izango denik», dio kazetari bilbotarrak. Duela urtebete elkarrizketatu zuen Ed is Dead ekoizlea eta hark goraipatu egin zuen Merina Grisekoen lana. «‘Ez geratu azalean’ abestiak sekulako soinua du baina kantuaren letrak kontatzen duena ere benetan interesgarria da. Bideoklipean J Martinako kideak agertu dira eta kostatu zitzaidan ulertzea barruan zuen jolasa, ahotsean Sara entzuten nuelako; hartara, J Martinakoek bideoan parte hartu besterik ez dute egin», azaldu du Bárbarak.

Azken proposamena Tolosatik dator, StoneDogs zigiluaren eskutik. «Half arepa, half marmitako» dio bere Instagrameko profilean, non estetika bereziko irudiak ikusi daitezkeen. «IDM musikaren bueltan mugitzen da Alai eta 90. hamarkadako rave musika ere badu kaleratu berri duen abestiaren bigarren zatian. Oso neska gaztea da eta berak egin du lan guztia, Carme C. ekoizlearen laguntza pixka batekin. Datozen egunetan etorriko da ‘Ozen’ diskoa eta interesgarria da halako aniztasuna duen proiektu bat etortzea. Gainera, kantuaren atzean badago istorio bat, Cris Lizarragak idatzitako ‘Quítame la culpa’ saiakera irakurri eta, hark sortutako emoziotik, emakumeek pairatzen duten biolentzia salatu du Alaik», kontatu digu Bárbarak.

Hauexek dira, beraz, aste honetako lau abestiak:

– Bananas - Beste behin

– Giante - Sustraiak

– Merina Gris - Ez geratu azalean

– Alai - Mahuma