Zuzenean

90. hamarkadako hardcore soinura bidaia Giante taldearen ‘Hamaika’ diskoarekin

Gasteizen sortutako taldea da Giante eta bigarren lan luzea kaleratu berri dute underground mugimenduan murgilduta dagoen taldeak. Musika indartsua badute ere, mezuetan behar beste erreparatuz gero, are indartsuagoak direla kontura gaitezke. MusikHaria saioan izan dira.

Audio_placeholder

90. hamarkadako hardcore soinura bidaia Giante taldearen ‘Hamaika’ diskoarekin

Loading player...
Landakon izan dira Giante taldekoak eta arratsaldez eskainiko dute Ahotsenean ‘Hamaika’ diskoaren aurkezpena.
Landakon izan dira Giante taldekoak eta arratsaldez eskainiko dute Ahotsenean ‘Hamaika’ diskoaren aurkezpena.

Bigarren diskoa aurkeztu du Giantek duela gutxi eta horretan dabil Durangoko Azoka honetan ere, ‘Hamaika’ deitzen da lana eta aldaketa nagusiena euskaraz egin dutela da. Ilunpean bizi den taldea da giante eta eroso nabaritzen zaie bertan, «beti hori bizi izan garelako».

‘Sustraiak’ kantu indartsuan lehortetik zuhaitzak haziko direla aipatzen dute: «Iuntasunari buruz eta underground mugimenduari buruz hitz egiten du abestiak. Egin genuen lehendabiziko biran, jende asko ezagutu genuen bertan eta undergroundean egiten den lana sekulakoa da, gu bezalako talde asko daude bertan eta ekosistema bat osatzen da», esan digu Asier Bermejo taldeko abeslariak.

Bonberenea Ekintzak zigiluarekin atera dute bigarren diskoa eta ilunpetik lurrazalera ateratzeko altaboza dela onartu digu Giante taldeko kideak: «Belarri berrietara iristeko aukera ematen digu eta gu bezalako taldeentzat laguntza garrantzitsua da. Elkarlanerako sareak sortzea garrantzitsua izaten da, bakarrik joanda gure musika zabaltzea ez delako oso erraza».

90. hamarkadara egiten dugu salto haien musikarekin BAP edota DUT bezalako erreferentziak: «Bai, noski, bi horiek, Lisabö, Inoren ero ni… Gipuzkoako soinuak daude diskoan ezta? Hori bai, ez da erabaki kontziente bat izan, horrela suertatu da. Jam saioak egiten genituen lokalean nolabait esatearren, eta inprobisatzen hasten ginenetan hori irteten zen naturalki». Okene Abregoren kantatzeko modua bera nahikoa nabarmen entzun daiteke: «Oihuka nik abesten dut, baina ongi abesten duena Mikel Escalera da. Nik ilunpeko ahotsa dut eta Mikelek abesten daki eta oso ongi gainera», esan digu Asier Bermejok.

‘Ikara’ abestian denari beldurra diogunaren sentsazioa transmititu digute: «Leloan Kaijua aipatzen dugu, Japoniako munstro moduko bat eta metafora bat dago horren inguruan. Gaur egun dugun bizitzan denak arriskua du, denari beldurra izan behar diogu eta kontuz ibili behar da».

Oroitzapenek iraungitze data izan dezaketela iradokitzen du ‘Perimetroa’ kantuak: «Letra oso abstraktua da, eta Mikelek ametsek, memoriak eta gaur egunak badutela nolabaiteko lotura, hori kontatu nahi izan du. Bitxia da, baina eder kontatu du». Bi minutuko kantu zuzen batekin jantzi dute Giantekoek.

Zaratazaleek maitatzeko moduko musika da Giante taldearena, nebulosa batean sartu eta izerditan blai geratu arte gorputza astintzeko modukoa: «Kontzertuetan jendearengana energia transmititzea izaten da gure nahia. Batzuk gauza delikatuak egiten dituzte, guk ez, sua ateratzen dugu kontzertuaren 50 minutuetan».

Zentzu asko hartu ditzake ‘Oinatzak’ abestiak: «Gerra Zibilaren bueltan dago idatzita, baina metaforetan eta ibiltzen saiatu gara, gero bakoitzak abestia bere egin dezan». Hasiera nahikoa jazzeroa duen abestia da, baina eztanda egiten du gero, hitzek hala eskatuta hein batean.

‘Argiak’ abestian kantuan soilik ez, mezuan ere banatu du egurra Giantek: «Vaya tela ezta? Alienigena batzuen abduzioaz ari gara, baina heriotzaren atarian dagoenaren ikuspegia ere badago». Gordina benetan.

Mezu antifaxista potentea bota dute ‘Izenak’ kantuan, «Oroitezaren demokrazian hiltzaileen izenak miresten dira» esaten dute: «Amerikako konkistan aipatzen da Colón y su puta madre eta horren inguruko gogoeta bat da egin duguna. Historia beti irabazleen ikuspegitik idazten delako eta gero kaleak, plazak eta estatuak eskaintzen zaizkie. Askotan normala bezala ikusten da eta gauza horiek kuestionatu eta buelta bat eman behar zaie».

‘Hamaika’ deitu diote diskoari eta hor ere zentzu bikoitzarekin jolastu dute: «Lehenengo diskoaren kontrara joaten saiatu ginen. Tematika oso anitza genuen eta lehen diska oso kontzeptuala zela ikusita, honek hamaika kantu zituenez eta gaitegi zabala, zentzu bikoitzarekin jokatu dugu». Karlos Osinaga ‘Txap’-ekin grabatu dute Bonberenean, gisa horretako musikan «esperientza eta ibilbide benetan zabala» duen musikari eta teknikaria.

Ahotsenean gaur izango dira 18:00etan beren diskoa aurkezten, baina aurretik asteburuan izan zuten kontzertu berezia: «Anterosekin eman genuen igandean kontzertua sekulakoa izan zen. Ez gintuzten ezagutzen eta 80 lagunek gure musika entzuteko balio izan zuen. Orain abenduaren 17an Kaskezurrekin izango gara Gernikako Iparragirre Rocken, eta 18an, Urretxu-Zumarragako Gaztetxean, Hezurre Festen».

Zarataren maitaleek badute, beraz, non disfrutatua.

 

Jaurlaritza Logoa