Zuzenean
Urte emankorrak dira Gartxot Unsainentzat. Grises taldearekin, Madeleine proiektuarekin eta, orain, Bananas taldearekin disko bana argitaratu du azken urte eta erdian: «Ohore bat da, sormenaren baitan barruan ditudan gauzak kaleratu eta ukigarri bihurtzea sekulakoa da, are gehiago talde hauekin. Gainera ez naiz erreta sentitzen orain dena batera aurkezten ari garen honetan, gure barruan lan bakoitzak bere prozesua duelako». Dena dela, zakurraren proiektuari agur esan dio eta bide berriak zabalduz dabil Unsain.
Estereoan entzuteko diskoa da Bananas taldearen ‘Garun ta eztarri’, izan ere dituen xehetasunak eta nahasketako lana ez galtzeko bidea hori da. «Hardcore melodiko, post, euskrimo… denetarik deitu diote gure musikari. Baina estereoan eta bolumen pixka batekin entzuteko lana da. Intentsua da, baina, intentsua izateaz gainera, entzungarria dela nabarmenduko nuke. Zarata zalea naiz eta, Bananasek oinarrian hori baduen arren, kolore asko du. Ohituta ez dagoen batentzat horrelako musika estilora gerturatzeko moduko taldea eta lana direlakoan nago. Lehen planoan ahots urratuak daude, baina atzean dagoen paisaia, kolore askotako zelaiz beteta dago», azaldu du Gartxotek. «Interesgarria da disko honen soinuaren ekoizpenari dagokionez, dena taldearen dinamika barruan eginda dagoela. Adrenalized taldean dabiltza Iri eta Ander eta haien lokalean dago dena grabatuta. Horrek niretzat badu halako berezitasun bat: lokalean sortu, bertan grabatu… Iruditzen zait leku txiki batetik zerbait handia atera dela», gaineratu du donostiarrak.
Gartxoten hitz jokoak
Kantuen hitzak Gartxotek berak idatzitakoak dira. «Asko lagundu didate taldekideek baina niri tokatu zait lan hori. Salbuespenak salbuespen, hitzak momentuan sartuta daude. Melodiekin eta numerologiarekin jolasean aritu eta maketarako hartualdia egin aurretik idazten genuen testua. Ni beti letrak etxeko lasaitasunean eta hausnarketan egin zalea izan naiz, baina asko gustatu zait hitzak modu honetara idaztea. Musikak bezala letrek ere berehalakotasuna izan dute eta denok batera landutako prozesu oso polita izan da. Nik askotan esan izan dut edozein instrumenturen soinua baino hitzen indar eta emozio hori askotan gogokoago dudala. Edozein erredoble edota riff indartsuk baino intentsitate gehiago dute askotan hitzek», azpimarratu du Bananas taldeko kideak.
Hitz jokoen maisuetako bat da Gartxot eta gogoetak haiekin jolasean idazten ditu. Gartxotek esan digunez, inprobisazioa eta errima oinarri duten diziplinen «oso zalea» da, «izan rap-a edota bertsolaritza. Gure hizkuntzak sekulako ate magikoa du eta hizkuntzak berak markatzen du bidea. Hala, idazteko afizioa dugunok aurkitzen dugu hor tartean dagoen hori. ‘Zenbaterainor’ hitza esaterako, Googlen bilatu nuen ea inork idatzi ote zuen aurretik. Letra batekin zenbat aldatzen den hitz baten esanahia. Hor esan dudanarekin salatu nahi izan dut zein puntutaraino gure burua definitzeagatik ez dugun askatasunaz gozatzen. Nik ez dut dena txuri edo beltz ikusten, baina hausnarketan bakoitzak bere tokia aurkitzen du, bai mentalki eta baita bizitzan ere, nahiz eta zubi-lan hori ez den erreza izaten».
Gauzak eskuratzeko mina sentitzeak merezi ote duen galdetu dio abestietako baten Gartxot Unsainek bere buruari, izan ere askotan min horretara propio gerturatzen gara: «Nik mina eskatu gabe ere etorriko den zerbait bezala ulertzen dut, ekidin ezin den zerbait bezala. Hor pentsatzen dudana da ea bakoitzak nola hartzen duen min hori, ea zuloaren zulora goazen edota alde positibotik heltzen diogun. Hor nire buruari galdetzen diot ea merezi ote duen min horri gure ahulezia guztia ematea, jakinda mina etorriko dela eta etorri den bezala joango dela».
Mezu indartsuak eta melodia paisajistikoak
‘Zaldi beltz bat’ kantuan gitarra erritmikoak egiten duen jolasa bigarren planoan geratzen den arren, atentzioa eman digu. Askotan riff printzipalarekin edota ahotsarekin geratzen gara. «Gure taldeko Itzal eta Anderrek badute ohikoa ez den abilezia eder bat bakoitzak bere estiloan. Adrenalized taldea jarraitzen duenak badaki Anderrek, beno, guk ‘Tejas’ deitzen diogu, zer gaitasun duen gitarra 250 kilometro orduko abiaduran jotzeko, eta Itzalen kasuan ere badakit zer nolako joerak dituen gitarran. Kantu honetan argi ikusten da bien arteko lotura hori. Emozioa lehen lerroan dago abesti honetan, emozioa eta oihua edota garuna eta eztarria, baina adibide hau oso ona da atzean dagoen paisaiaren aniztasun hori entzun ahal izateko. Sekulako lana egin dute beraien izatetik eta kapazitatetik, halako tenis partida dotore bat osatuz bi gitarren artean», azaldu digu Unsainek.
Askotan berandutzen dela goizegi aipatzen du beste abesti batean, eta horrek gogoeta bat gehiago egiteko tartea zabaltzen digu: «Ez dago gai komunik abestietan, 33 urteko pertsona baten existentzialismoa da nabarmenena. Denboraren pertzepzio horretan zenbat kostatzen zaigun gure benetako esentzia hori azalerazten, hori da kantu honetan aipatu nahi izan dudana. Badirudi berandu dela askotan eta nik sentsazio hori dut, alegia 33 urte ditudala eta gauza asko geratu direla bidean egiteke. Atzo, auzoan lagunekin futbolean jolastuz eta pipak jaten nengoen eta 20 urte pasa dira. Zentzu horretan dago abesti hau idatzita, eskutik ihes egiten digun denbora horri eskainitako abestia da. Horrez gainera, elkarri zor diogun gutxienekoa da gure esentzia hori erakustea eta ez dakit askotan egiten ote dugun, beste guztia parafernalia hutsa da, eta hori gogorarazi nahi izan diot nire buruari».
Sormena zerbait nartzisista bezala ulertzen du Gartxot Unsainek: «Nire kasuan, eskuartean ditudan proiektu desberdinetan momentuko sentimenduari forma emateko aukera da kantuak idaztea. Sentitzen dudan horri lekukotasuna ematea bezalako zerbait, gero, atzera begira irakurri edota entzuten dudanean, kontziente izaten naiz bizitzen ari naizen prozesu bitalaz. Eta ez dut esango lasaitasuna ematen didanik, baina bai koordenada moduko batzuk bezala munduan eta mapa moduko bat sortzen da, horrela bizitzan hain galduta ez sentitzeko. Hortaz, ‘sentimezu’ horiek beti dira nire buruarentzat idatziak eta sentitzen dut oso nartzisista direla, nahiz eta talde dinamikara eramaten diren eta kantu forma hartu, binilo bat kaleratu eta prozesu guztia betetzen duten gerora».
Minutu eta erdian ‘Bideharri’ kantuak dituen riffak, hausturak, bateria-jotzailearen pultsuak… harrapatu egin gaitu erabat. Sekulako hasiera duen kantua da ezbairik gabe. «Ni talde askotan ibilitakoa naiz eta ona eta txarra definitzea oso anbiguoa iruditzen zait, baina maila indibidualean taldeko guztiak oso finak dira. Iri bateria jotzen ikustean amorrua eta dena sentitzen dut, zer nolako lasaitasunarekin jotzen duen ikusita. Gainera, bateria-jotzaile askok ez duen sentsibilitate bat du eta beste instrumentuak entzun eta ulertzen ditu, haiengana oso ondo moldatuz berea. Horri batzen badiozu Xabi bezalako tipo bat, mila taldeetan dabilena, oso musikala dena eta hainbat instrumentu jotzeko gai dena, eta kasu honetan baxuaren ardura duen arren ikuspegi globalarekin sortzen duena… Bada, horiei aurretik aipatutako bi gitarra jostariak batuta, sortzen da hau guztia. Jolasez betetako kantuak dira, baina mantentzen dute kantuen trinkotasun hori, pareta moduko bat duena, nahiz eta pareta horrek koloreak dituen. Ez da bakoitzak bere gelan sortze duen musika, mentalki eta fisikoki denok gela berean ginen konposatzen, eta nabaritzen da», adierazi du Bananas taldeko abeslariak.
Luxuzko kolaborazioa
Gartxot elkarrizketa guztietan kafea eskuan duela izaten da; bai gurekin behintzat. Baina kafe katiluan zerbeza hartuz ibili da ‘Zama’ abestian: «Atzo lehendabizikoz probatu nuen halako ‘cold brew’ deituriko zerbait, kafe amerikarra balitz bezala, izoztua, baina kontzentratu moduko bat. Oso kafe zalea naiz bai. Baina esaldi hori beste nonbaitetik dator. Irik abilezia du poesiarako, oso tipo poetikoa da eta halako irudi bitxiak hitzekin marrazten ditu. Gaztelera da haren ama hizkuntza eta behin bota zuen «pues como tomar cerveza en una taza de café» eta lokalean hori esan ostean, euskarara ekarri nuen. Zerbeza eta kafea gure bizitzan oso presente dauden bi sustantzia dira, batak beti piztuta eta adi egoteko zera hori iradoki dezake, mundura gure lozakutik jaikitzera bultzatzen gaituen zera hori, eta, besteak, lozaku horretatik kanpo, lozakura bueltatzeko bidean dugun askatasun puntu horretara eramaten nau, aisira, sozializatzera… Gure ni sozial hori ateratzearekin».
Cándido Gálvez izan dute kolaboratzaile abesti horretan, Viva Belgrado taldeko abeslari eta letren egilea. «Oihuen munduan hasi ginenean, Yaw taldearekin, ezagutu genuen Viva Belgrado eta laguntasuna abiatu zen segidan. Asko hitz egiten dut Cándidorekin eta gaur ere haren mezu bat baneukan, diskoa entzuten ari zela oso gustura eta nik itzulpenak bidali dizkiot, nola ez. Talde dinamiketan dabilen jendeak badaki mila plazetan ibili ostean laguntasun asko sortzen direla eta batzuk bereziak izaten direla, testuinguru bategatik izanda edota energia berezi batek erakarrita bizitzan antzeko kezkak dituzulako-edo. Hor jendearekiko gertutasun bat sentitzen duzu eta Viva Belgrado bada estatu mailan gure antzeko estiloko musika egiten dutenen artean talde berezienetariko bat, lehen esan bezala, klasifikazioetan sartu gabe. Entzun ez duenari zer esan, Viva Belgradoren diskografia sekulako obra dela, album bakoitza oso ondo landuta dagoena eta disko bakoitzeko aldaketak, izenak… oso ondo eginda daude. Badirudi obra oso bat entzuten ari zarela haien musika entzutean eta ez denboran zabaldutako perdigoi batzuk. Sekulako errespetua diot haien lanari», aipatu du Unsainek.
Gálvezen abesteko modua eta musika bakarrik ez, hark idatzitako hitzen garrantzia ere aipatu digu Bananas taldeko kideak: «Disko bat ateratzen duten bakoitzean badaude 15-20 esaldi tatuatzeko modukoa diren esaldiak. Zenbat sentimendu kabitzen diren haien bi esalditan, eta gu ere horretan saiatzen gara. Taldea erreferente bat da eta Cándido pertsonalki ere bai, tipo oso lotsati eta jantzia den horretan, sekulakoak egiten dituelako. Zalantza izan genuen euskaraz edo gazteleraz egitea haren zatia, baina uskaraz abesten entzun nahi nuen eta berak ez zuen zalantzarik izan. Letra berak idatzi zuen gazteleraz eta nik fonetikoki euskaratu nuen. Gero, idatzitako bost lerro horiek fonetikoki errespetatu eta audio bat helarazi nion nola esan behar zituen jakiteko. Bageneukan euskara zuzenago batean abestu zezala eskatzea, baina ez genuen nahi izan, abesten duen hori bere esentzian mantendu nahi izan dugulako.
Ulia singlean eta Urgull azalean
‘Ulia’ kantua izan zen single moduan aurkeztu zuten abestia eta gero, diskoaren azalean Urgull marraztu du Ander X. Tejadak. «Batek baino gehiagok esan digun zerbait da. Portadarako erabaki genuen halako collage bat egitea, bai serio eta baita erdi-broman erreferentzia piktoriko asko sartuz. Hor Urgull jarri genuen ni ondoan bizi naiz, etxetik ikusten dut eta bada toki bat kariño berezia diodana, hausnarketarako tokia dena. Bananasen masterra ere han entzun nuen, itsasoari begira; harrotasuna eta emozioa ez delako berdina etxeko sofa marroi batean edota han. Kasu honetan ‘Ulia’ abestia bada oso pertsonala, bizipen oso espezifiko batean oinarritua dena eta Uliako behatokian eman zena. Akaso konfusiora eraman dezake jendea, baina biba konfusioa. Ez zen zilegi izango Ulia jartzea diskoaren azalean, gainera dena beteko luke, Ulia mendiak dituen dimentsioak aintzat hartuko bagenitu. Baina bai, bada kuriosoa bi mendiak diskoan sartu izana», onartu du Gartxotek.
Azken bi kantuak bai musikalki eta baita hitzekin halako lotura bat badutela esan diogu Gartxot Unsaini, baina hark kontatu digu ez dela propio egindako zerbait izan: «Onartu behar dut diskoko nire kantarik gustukoena dela diskoa ixten duen abestia, baina astero aldatzen dut iritziz. Riffaren antzekotasuna eta abar izan dezake, baina ez dut gogoratzen hala planteatu zenik. Izan daiteke segida bat egin eta antzekotasun bat egotea eta biba hala baldin bada. Baina mezu aldetik ez nuke esango bereziki bien artean konektatuta daudenik, disko guztiko kantuek dute nolabait ere lotura».
Denboran atzera eta aurrera dabilenari kritika moduko bat egiten dio Unsainek, norbera den bezala izateari uko egiten dion horri: «Atzera joan nahi hori baina hemen jarraituta… aurkitu nahi nuke galdutako inozentzia hura baina ez dut atzera joan nahi, ikasi egin nahi dut gaur egunean horrekin bizitzen, baina gaur egun exijitzen zait zerbaiten inguruan alde edo kontra egotea. A zer nolako kaka-nahastea. Gaur egungo iritziaren industriari egindako kritika bat da, hausnarketa moduan, etengabeko norberaren bidaia horretan elementu indartsua delako iritziaren kontua. Askotan gure esentzia erakustea baino gehiago eskatzen zaigu munduaren aurrean posizionamendu bat edukitzea hainbat konturen aurrean. Twitterren, nik erabiltzen ez dudan harren, badakit landu gabeko eta ironiaz betetako iritziak plazaratzen direla, goitik begira ariko balira bezala beren balkoi sakratuetatik egiak botatzen. Frustrazioa eragiten dit batez ere eraisteko joera dagoenean, eraikitzekoa izan ordez. Arnasgune baten aldarria egiten dut, norberaren arnasgune partikularrarena, 280 karaktere baino gehiago ditugula onartzea eta ez gaituela posizionamendu batek definitu behar uneoro eta hori bera ezbaian jartzea naturala dela aldarrikatu nahi dut».
Grammy sarien faltan, biniloa kalean
Grammy sariak ere agertzen dira diskoaren azalean: «Gure artean askotan egin izan dugun txantxa da disko bat kaleratu biharamunean Grammy sarietakoek deituko digutela edota burtsa eroriko dela. Halako tontakeriak esaten ditugu. Hala, Grammyen erreferentzia hortik zetorren, disko honekin Grammy latinoa irabaziko ote genuen txantxetan aipatu genuelako. Serio eta sakonak diren erreferentziak jartzea bezalaxe, sanoa iruditzen zait talde baten barruan dauden txantxei ere tokia egitea halakoetan». Bada Grammyrik irabaziko duten edo ez ez dakigu, ezta burtsa erorik den ere, baina edizio mugatuan salgai jarritako binilo horiak agortu dira haien bandcamp orrialdean. «Orain gurekin elkarlanean aritu diren sei zigiluek egingo dute banaketa eta badakit azaroaren lehen egunarekin hasiko direla horretan, baina ez nekien binilo horiak agortu zirenik. Urte askotan egindako lanaren emaitza polita da hainbeste zigilurekin elkarlanean diskoa ateratzea eta onartu behar dut kudeaketa horretan ni ez naizela askorik aritu, hortaz, lan hori egin dutenei txalo egin behar. Nik euskarri fisikoekiko badaukat halako utzikeria bat eta atera ditudan disko gehienak ez dauzkat edota bestela amari ematen dizkiot garajean gordetzeko, Bananasen aurreko kasetarekin egin nuen bezala».
Zuzenekoen esperoan geratu beharko dugu orain, eta aukera askorik ez denaren itxura eman du Gartxotek hori galdetzean: «Ez daukagu jotzeko asmo gehiegi, baina ezin dugu utzi izerdiz betetako gau bat gabe proiektu hau. Pertsonalki nahiko nuke izatea momentu bateko sentimendu sorta baten emaitza eta kito. Ni ez naiz ikusten hau astebururo abesten, ostiral eta larunbat; niretzako Bananas hustuketa total bat delako bai fisikoki eta baita mentalki ere eta hori ez da jasangarria, ez maila fisikoan eta ezta mentalean ere. Baina ez gaitasun faltagatik, baizik eta zentzurik ez diodalako ikusten hau batean eta bestean etenik gabe aurkezteari. Momentu puntual batean katarsi txiki bat egin eta aurrerago akaso besteren bat egin eta horrekin konforme naiz».