Zuzenean
Batek, behintzat, Lau eta Erdiko finalerako txartela lortuko du
Villabonako Behar Zana pilotalekuan elkartu dira NAIZ Irratiarekin Itxaso Erasun, Goiuri Zabaleta eta Miriam Arrillaga. Master Cupeko Lau eta Erdiko Txapelketako finalerdiak jokatuko dituzte Basaurin igandean (12.00etan). Erasun-Zabaleta eta Arrillaga-Aldai aurrez aurre egongo dira.
Batek, behintzat, Lau eta Erdiko finalerako txartela lortuko du
Asteazkenero hamar bat pilotari elkartzen dira Villabonako frontoian entrenatzeko. Asteazken honetan Miriam Arrillaga (Aginaga, 2000) izan da ailegatzen lehena. Behar Zana klubeko pilotaria da, eta normalean umeak entrenatzen ditu, baina elkarrizketa duenez, ezin izango du. Takoak jartzen hasi da, batekin eta bestearekin hitz egin bitartean. Orduantxe iritsi da Goiuri Zabaleta (Leitza, 2009) Leitzako Aurrera klubeko pilotaria, eta zertxobait geroago, Itxaso Erasun (Zizurkil, 1999), Behar Zanako pilotaria.
Leitzarra segituan takoak jartzen hasi da, eta aldageletatik bueltan, lan berari ekin dio zizurkildarrak. Solasean aritu dira hirurak. Denak prest daudenean ekin diote elkarrizketari. Aginagarra lehena iritsi den arren, azkena izan da takoak jartzen: «Denbora gutxi behar dut takoak jartzeko, baina, konpainia dudanean, hitz egiten jartzen naiz eta ez dut bukatzen».
Hirurak Master Cupeko Lau eta Erdiko finalerdietarako sailkatu dira. Arrillagak Amaia Aldai egungo txapelduna izango du aurkari. Zabaletak eta Erasunek, berriz, elkarren aurka jokatuko dute. Takoak jartzen ari bitartean, hitz egin al dute zerbait finalerdiaz? «Zertxobait hitz egin dugu nola joango den partida», esan du leitzarrak. Eta elkarri adarra joa al diote? «Ez, halakorik ez. Batera entrenatzen eta jokatzen dugu atzelari eta aurrelari bezala. Gero, kantxan bai, lehia bizian arituko gara, baina bestela ez», erantzun du barre artean Erasunek.
Erasun: «Olatzekin Binakakoa irabazi nuenetik, nire mailak goraka egin duela iruditzen zait. Pixkanaka kantxan nire tokia bilatzen ari naiz»
Lau eta Erdiko entrenamendu espezifikoa izango dute jarraian, eta Laia Salsamendi batuko zaie. Entrenamenduan elkarren aurka jokatu beharko dute halabeharrez Erasunek eta Zabaletak. «Lau izanda, tokatuko zaigu, baina gustura, hala ere», adierazi du leitzarrak. Zizurkildarrak hauxe gaineratu du barre artean: «Ikusiko dugu nork irabazten duen gaur».
«Ibilbide oso zaila»
Hirurak sasoi onean iritsiko dira kaiolako finalerdietara. Erasunek egin du biderik luzeena, hiru aurkari utzi baititu atzean: Mirian Arraiza, Olatz Arrizabalaga –eskuetan mina zuelako ez zuen jokatzerik izan– eta Leire Garai. Atzelariak aitortu du ez duela pentsatuko «inoiz» finalerdietaraino ailegatzeko aukera edukiko zuenik: «Ibilbide oso zaila nuela banekien. Arraiza gaindituta ere, Olatz [Arrizabalaga] nuen, eta ondoren Leire [Garai]. Hirurak ere aurrelari peto-petoak dira. Lau eta Erdian oso ondo moldatzen direnak, beti finaletan edo inguruan ibiltzen direnak. Nire burua konfiantzarekin ikusten dut, demostratu diodalako nire buruari kaiolakoan jokatzeko gutxieneko gaitasuna badudala».
Udan fin ibili da Erasun eta hori biribiltzen ari da kaiolako finalerdietan sartuta. San Mateotan Zabaletarekin batera binakakoa irabazi zuen, baita Miriam Arrillagarekin ere Gipuzkoako Binakako Txapelketa. «Olatzekin Binakakoa irabazi nuenetik, nire mailak gora egin duela iruditzen zait. Pixkanaka kantxan nire tokia topatzen ari naiz, eta horrekin nire buruarengan konfiantza handiagoa edukitzea lortu dut. Horrek emaitzak eman ditu, udan garrantzitsuak diren txapelketa batzuk irabaziz. Lau eta Erdikora ere konfiantzarekin ailegatu naiz».
Zabaleta, faborito?
Zabaletak eta Arrillagak, berriz, kaiolakoan partida bakarra jokatu dute, iaz finalerdietara iritsi zirelako. Final laurdenetan leitzarrak 22-9 mendean hartu zuen Andrea Capellan. Markagailua ikusita kontrakoa dirudien arren, aurrelariak adierazi du hasiera «gogorra» izan zela: «Pare-parean geunden markagailuan denbora guztian, baina gero, sakearekin min eginda, eta ondoren tanto batzuk atera zitzaizkidala, 22ra iristea lortu nuen».
Arrillaga: «Amaiak sekulako egurra eman zidan, baina aurten uste dut desberdina izango dela. Lasaitasunarekin jokatu behar dut»
Leitzako aurrelari gaztea da hautagai nagusietako bat txapela janzteko. Lehena izango luke. Horren inguruan galdetuta, Zabaletak esan du ez dakiela faboritoa den edo ez, hori «partidaren arabera» dela: «Lehengo urtean egin nuen guztiarekin harro nago. Eta aurten ere horretara joango naiz. Ea zer ateratzen den». Erasunen antzera, Zabaletak ere uda bikaina egin du. San Mateotan, San Fermin torneoan eta Hiru Hiriburuak txapelketan gailendu da hiru atzelarirekin. Hurrenez hurren, Erasunekin, Enara Gaminderekin eta Nora Mendizabalekin.
Errebantxa, Arrillagak
Arrillagak 22-15 irabazi zion eskuetatik justu samar zebilen Miren Larrarte bidaniarrari. Aginagako atzelariaren ustez, partida hartan Larrarte bere mailatik «beherago» egon zen, eta hasieran ondo hasteak asko lagundu zion. «Hasieran abantaila lortzeak lagundu zidan, eta gero bukaeran nik ere zerbait arriskatu nuen beldur pixka batekin. Baina gauzak ondo atera zitzaizkidan».
Finalerdietan Aldai izango du parean. Azken hiru urteetan dimoztarrak eraman du kaiolako txapela. Iaz, gainera, Arrillagak Aldairen aurka jokatu zuen finalaurrekoa, eta dimoztarrak hiruan utzi zuen Aginagakoa. «Sekulako egurra eman zidan. Baina aurten uste dut desberdina izango dela. Lasaitasunez jokatu behar dut. Iaz oso estututa joan nintzen, urduritasun handiz. Uste dut egoerak gain hartu zidala. Aurten gehiago entrenatu dut, konfiantzarekin nago. Ea sake-errestoan konfiantza hartzen dudan, tantoak estutzen ditudan, eta ni ere partidan sartzen naizen. Nire erritmoa sartu behar dut. Bera atzean mantendu eta nik tantoak bukatu».
Zabaleta: «Txapela janzteko faboritoa naizen edo ez ez dakit. Hori partidaren arabera da. Lehengo urtean egin nuen guztiarekin harro nago»
Plazandreak txapelketako lau eta erdikoa irabazi du aurten Arrillagak, baina hori «atzean geratu» dela adierazi du. «Aurretik Itxasorekin [Erasun] Gipuzkoako Txapelketa jokatu nuen, eta irabaztea lortu genuen. Horrek laguntzen dit aurrean mugitzeko, aurreko tantoetan pixka bat ikasteko. Jakinda Amaia Aldai dudala aurrean, dena ez da berdina izango. Ea nola ateratzen den».
Aurrelari-atzelari
Zer diote Zabaletak eta Erasunek Aldairen eta Arrillagaren artekoaz? Leitzarrari iruditzen zaio partida «gogorra» izango dela: «Biak indartsuak dira oso. Fisikoki hobekien iristen denak irabaziko du. Partida borrokatua izango da. Biek dituzte aukerak irabazteko». Aldi berean, zizurkildarrak nabarmendu du «kolpe handiko» bi pilotari direla, «pilota bizi» mugitzen dutenak, eta biek «antzeko» kalitatea dutela: «Kontua da Amaiak aurrelari bezala jokatzen duela normalean, eta Miriamek atzelari tankera gehiago duela, baina horrek ez dio meriturik kentzen. Lehiatua izango da, eta bukaerara arte borrokatzen duenak irabaziko du».
Arrillagari, berriz, Zabaletaren eta Erasunen arteko neurketaz galdetuta, aginagarrak adierazi du bere partidaren «antzekoa» ikusten duela: «Aurrelari bat eta atzelari bat elkarren aurka». «A priori, aurrelari batek kaiolakoan indarra edo nagusitasuna du. Baina biek demostratu dute sekulako dohainak dituztela hor egoteko. Uste dut bai sakean bai sake errestoan egongo dela gakoa», ohartarazi du Arrillagak.