IRRATIA

'Hutsune' diskoarekin musikaren espektroko zati bat bete asmoz dator 'Sorkari'

Iruñerriko 'Sorkari' taldeak debuteko lana kaleratu du pandemia garaiaren erdi-erdian. Ia urtebeteko prozesua izan da 'Hutsune' diskoarena. Baina bide hori egiteak merezi izan die, emaitza dotorea eskuratu dutelako.

'Ez' kantuaren bideoklipean argi-ilunekin jolastu zuten Sorkari taldekoek

Este navegador no soporta el elemento audio.


Lorena Aisa eta Jon Zapata 'Sorkari' taldeko kideak pasa dira MusikHaria saiotik beren lehen lana aurkeztera. Ia urtebete eman dute grabazioan, «2019ko martxoan hasi, maiatzerako kaleratzea pentsatu, gero uda pasatakoan kaleratzeko data jarri... eta azkenean konfinamendu garaian iritsi da diskoa» kontatu digu Zapatak.

2017an elkartu ziren eta 2018ko apirilean eman zuten lehen kontzertua 'Sorkari' taldekoek. Urtebetera estudioan sartu ziren eta Aisak aitortu digunez, «diskoa grabatzen eta bideoklipak egiten oso gogor» egin dute lan. Hala, nahiz eta kontzertuak ezin dituzten eman, behintzat jendeak etxean gozatzeko aukera eman nahi izan dute diskoa konfinamendu garaian kaleratuta.

Grabaketa prozesua luzea izan da, ia urtebetekoa. «Estudioko teknikariak gidak entzun zituenean, asko gustatu zitzaizkion eta horregatik joan gara mantsoago grabatzen, hark ere ekoizpenaren arduran parte hartu zuelako» kontatu digute Sorkari taldeko kideek.

Lorena Aisak, taldeko abeslariak, sekula ez zuen estilo honetan abestu harik eta Sorkari taldera batu zen arte. Soula abesten zuen ordura arte, eta, egun, Jazzaren inguruan ari da bere ikasketak egiten. «Abesterako garaian Skabidean taldean egiten dudana eta Sorkarirekin egiten dudana, antzerako zerbait da. Bietan ere nire kantakera moldatu behar izaten dut. Hartara, estilora zentratzen naiz baina nire ukitu pertsonala ematen diot kantatzerakoan». 

Jon Zapatak, berriz, aipatzen du nola sartu zen bera taldera: «azkenekotakoa izan nintzen batzen. Mikelek, bateria-jotzaileak, aipatu zidan Kuraia estiloko zerbait egin nahi zutela, eta niri asko gustatzen zaidanez musika mota hori, zuzenean baietz esan nuen. Hartara, Iruñerrian hutsunea zegoela uste genuen estilo bat jorratzen saiatu gara».

Kantuen hitzak taldekide guztien artean egin dituzte. «Batek egin, guztiei erakutsi, aldaketak proposatu eta aurrera. Batzuetan hitzak egin dira lehendabizi eta kantuak gero, eta besteetan alderantziz» aipatu digute bi taldekideek.

Diskoaren erdi-erdian jarri dute 'Kilima' kantuarekin erotismoa bilatu nahi izan dute, baina mezu indartsua du. «Lehenengo aldiz sexu harremanak edukitzera zoazen aurreko une horiek nola bizitzen ditugun adierazi nahi izan dut. Erotismoa eman bai, baina  aurreiritziak apurtzeko nahia eduki dut. Izan ere, eman diguten heziketa sexuala txarra izan da, ez ditugu errealitatean aurkitu daitezken gorputzak ikusi, eta, monogamiatik ere ihesi egin nahi izan dut pixka bat lerro hauetan» kontatu digu Lorena Aisak, bereak baitira kantu honen hitzak.

Diskoak eta kamisetak jaso zain daude orain, halakoak ekoizten dituzten enpresek jarduna etenda izan dutelako. Baina, gerora, Iruñerriko tabernetan eta sarean saldu nahi dituzte. Iruditeria guztia kolore eta diseinu batzuen inguruan landu dute eta Mikel Barberia eta Jon Corres arduratu dira hori guztia txukun egiteaz: bata diseinu grafikoarekinn eta bestea bideoklipekin.

Kontzertuen zain daude orain 'Sorkari' taldekoak, gainerako musikari gehientsuenak bezala, beren 'Hutsune' lana jendaurrean noiz aurkeztuko zain.