'Amalur', giza balioen inguruko gogoetara eramaten gaituen diskoa

June Calsor musikariak bere debuteko lana kaleratu berri du maiatzean. Disko kontzeptuala da eta gure buruari zer pentsatua eman nahi dion horietakoa. Hartara, diskoaren inguruan hitz egiteko gonbidatu dugu gurera.

Loading player...
Iker GURRUTXAGA|2020/05/18
Foto_june_calsor
June Calsorrek debuteko lana kaleratu du, 'Amalur'

Lehen lana ateratzeko garai berezia tokatu zaio June Calsor musikari donostiarrari. Dena prest zuela, alarma egoerak irentsi gintuen eta, ondorioz, estreinako kantua ateratzerakoan zalantzak izan zituen, «baina abestiaren mezuak elkartasunaren inguruan hitz egiten zuenez, jendeari positibismo puntua eman nahian kaleratu nuen 'One' abestia» kontatu du Calsorrek.

Nahiz eta orain atera duen debuteko lana, June Calsor ume-umetatik egon da musikaren mundura lotuta. Asko eta asko bezala, txikia zela, 6 urterekin, ekin zion musika ikasketei, zeharkako txirula eta pianoa ikasi zituen. Baina, gerora, bizi erdia darama kantuak konposatzen eta zuzenekoak ematen, 14-15 urterekin ekin zion sormenari.

Lehen bideoklipean dantzan ere ikusi dugu Calsor. «Arte desberdinak uztartzea garrantzitsua iruditzen zait, hartara dantza, ilustrazioak, irudiak eta musika uztartu nahi izan ditut nire lanean» adierazi du donostiarrak.

Nazio Batuen Erakundeak jarrita dituen Garapen Iraunkorreko Helburuetan oinarritu ditu kantuak eta haien hitzak. Album kontzeptuala da, eta orain arte eraldaketa pertsonalaren inguruan aritu bada ere, munduaren eraldatzeko moduarekin uztartu nahi izan ditu 'Amalur' diskoko ideiak. «Hamazazpi amets direla esaten dut, izatez oso teknikoak diren kontzeptuak direlako. Baina esparru artistikora eraman nahi izan ditut, nire interpretazioa egin eta zabaltzeko. Egin dudan hausnarketa oso sinplea da: lehendabizi norberak aldatu behar du mundua aldatuko bada» nabarmendu du June Calsorrek.

Gauden pandemia garaiarekin bat egiten duela uste du bere lanean biltzen dituen kontzeptuak eta une egokia dela uste du hura entzun eta gogoetak elkarbanatzeko. «Zuk egiten dituzun gogoetak besteengana helarazi eta gero bakoitzak bere esperientzietatik ondorioak atera ditzala. Bizi dugun momentu hauetan zer pentsatua eduki dezagun ondo dator, izan ere gauza txikiekin egiten dira aldaketa handiak» esan du musikariak.

Bi bideoklip eta diskoaren bi bertsio kaleratu ditu momentuz June Calsorrek. Diskoa bere horretan bata, eta ilustrazio eta gogoetak biltzen dituen edizio potoloagoa bestea. Bere sare sozialen bidez eskaera egiteko modua jarri du dagoeneko.

Euskara, gaztelera eta ingelesa erabili ditu mezuak zabaltzeko, jazz eta pop soinuak uztartuta. Entzun eta ea zer nolako eragina egiten dizuen zuen kontzientziatan.

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK

FM Bilboaldea 92.2 · Gasteiz eta Lautada 91.5 · Donostialdea 93.8 · Durango 97.4 · Gernika 96.7· Leitza 95.1 · Bortziriak 103.1 · Urola 91.8 · Goierri 102.2 · Legazpi 94.6
@NAIZIrratia