Zuzenean

Iker GURRUTXAGA

30 urte beranduago gaurkotua dagoen diskoa: Negu Gorriak

Askotan esaten da garai batean idatzitako letrak gaurkotasuna mantentzen dutela sarri. Hori gertatzen da Negu Gorriak taldearen estreinako diskoarekin, baina, kasu honetan musikalki ere ondo zahartu den lana izan da. Urko Rodriguezek, ongi ezagutzen du taldearen jarduna. Hartara, MusikHaria saiora gonbidatu dugu diskoak 30 urte bete dituela aitzakia bezala hartuta.

Audio_placeholder

30 urte beranduago gaurkotua dagoen diskoa: Negu Gorriak

Loading player...
Negu Gorriakeko taldekideak 1991eko irudi batean
Negu Gorriakeko taldekideak 1991eko irudi batean

Talde batek arrastoa uzten duenean, arrastoa uzten du. Ibilbide laburra izan zuen Negu Gorriak taldeak, baina, 1990ean euskal musikaren eszenan agertu zirenean, apurtzaileak izan ziren. Hartara, debuteko albumak 30 urte bete dituenean, errepasoa egitea bururatu zaigu MusikHaria saioan, eta, horretarako, Negu Gorriaken ibilbidea ongi aztertuta daukan Urko Rodriguez gonbidatzea erabaki dugu.

Rodriguezek, Kimo Kalearekin batera, NG Samples izeneko blogean talde irundarrak erabilitako hainbat kanturen eta soinuren erreferentziak txukun-txukun ordenatuta dituzte. Hartara, Negu Gorriak diskoko hainbat kantu ekartzeko eskatu diogu eta horien erreferentziekin jantzi du Rodriguezek tartea. Kantu bakarrarekin geratu beharko baluke, 'Gaberako aterbea' hartuko lukeela esanaz hasi da Rodriguez: «Mikel Laboagatik edo Bertol Brechtegatik den ez dakit, baina sekulako ibilbidea egin du iraganetik orainaldira eta hilezkorra dela dirudi».

Kantuak entzuteko beste modu bat egun Rodriguezek, belarri samplergintzaren inguruan findua du eta horregatik Negu Gorriaken abestietan 87 erreferentzia desberdin aurkitu dituzte urteen poderioz. «Duela bospasei urte ezagutzen garela Kimo eta biok, eta biok geneukan bilduma hori elkarbanatu eta sortu zen blogaren ideia» aipatu digu Rodriguezek.

Negu Gorriak taldearen lehen diskoa oso berezia izan zen. Bi gitarra eta ahotsa ziren hasieran taldea osatzen zutenak: Iñigo Muguruza, Kaki Arkarazo eta Fermin Muguruza. Gainerakoa erritmo kutxa batekin eta samplerrekin egindakoa zen, beranduago batu baitziren Mikel Abrego (bateria-jotzailea) eta Mikel Kazalis (baxu-jotzaile) taldera.

«Gaur egun digitalki egiten dugu samplerren kontua, baina, garaian ikusi nahiko nituzkeen Negu Gorriakekoak nola ibiltzen ziren zinta hartu, moztu, itsatsi eta artisau eran egin zutena egiten» aipatu digu Rodriguezek. «Gainera, erabiltzen zituzten erreferentzia asko beren garaikideak ziren, eta horrek lan bikoitza du. Pentsa garai horretan 'Public Enemy' bezalako talde baten diskoak lortzea ez zela horren erreza izango» gaineratu du.

Bitxikeria askorekin eta musikalki azterketa ederra eginda geratu da Negu Gorriaken 'Negu Gorriak' diskoa. Berriz ere Urko Rodriguezekin errepasoa entzuteko aukera hortxe daukazue eta diskoa entzuteko aukera ere hemen utziko dizuegu.

Jaurlaritza Logoa