IRRATIA

Berako eta Mungiako musika-eszenak aletzen

Zer dute Berako eta Mungiako eszenek gainontzekoengandik bereizten dituena? Zerk (edo zein banda eta artistak) bilakatu ditu eszena? Zein soinu motak batzen ditu? Naiz irratiko uhinetatik igaroko dira gaurkoan Joseba Irazoki, Joseba Baleztena, Borrokan, Belako, Toc edota Lukiek bezalako taldeak.

Joseba Irazoki berako musikaria Gasteizko Azken Rock Jaialdian (Jaizki Fontaneda | FOKU)

This browser does not support the audio element.


Egunkari bateko artikulu baten izenburuak eman zidan gaurko saiorako gaiaren ideia: «Internetek eszena musikalak hil ditu». Izan ere, eszena musikalak geografiari eta garaiari oso lotutako fenomenoak izan dira beti, hirietako, herrietako edo elkarrekin konektatutako herri-multzoetako musikarien harreman naturaletatik sortutakoak; eta harreman musikalak sare birtualen bitartez sortu eta garatzen diren unetik, eszena fisiko edo geografiko horiek desagertu egin dira nolabait.
Punkaren eszenak ez luke zentzurik izango garaian Britainia Handiko errepresio polizialaren aurrean egindako manifestaziorik gabe; edota teknoa ez litzateke existituko Detroiteko gainbehera ekonomikoaren ondorioz abandonatuta gelditutako fabrikarik gabe. Guk ere, Euskal Herrian, baditugu garai eta leku zehatzetan bildutako musika-eszena interesgarri batzuk; eta horiei buruz hitz egin nahi dizuet gaurkoan. Zer dute Berako eta Mungiako eszenek gainontzekoengandik bereizten dituena? Zerk (edo zein banda eta artistak) bilakatu ditu eszena? Zein soinu motak batzen ditu? Deskarga elektrikoen artean, Naiz irratiko uhinetatik igaroko dira gaurkoan Joseba Irazoki, Joseba Baleztena, Borrokan, Belako, Toc edota Lukiek bezalako taldeak.