Live
«Lokala ez nuen hain nirea sentitzen eta dena etxean egiteko erabakia hartu nuen»
«Lokala ez nuen hain nirea sentitzen eta dena etxean egiteko erabakia hartu nuen»
Nola sortzen da Garraio?
Unibertsitateko hirugarren mailan nenbilen eta Ainke taldean jotzen nuen orduan. Gradu amaierako lan bezala halako proiektu bat nuen esku artean eta pop-punk hori bazegoenez nire buruan, hortik hasi nintzen guztia egiten. Talde baten estetika, sareak eta irudiaren hori dena lantzea zen gradu amaierako lanaren funtsa, baina uste baino gusturago jardun nuen sormen lan horretan. Hartara, bigarren disko bat atera dut. Oraindik ez dakit mundu honek nola funtzionatzen duen, 2022ko lanaren ostean 2023an hau egitea erabaki dudan arren.
Proiektua nola garatu duzu, lokalean edo etxean?
Dena digitala da eta lokala oraintxe eskuratu dugu talde moduan, 2018an eskatu genuen arren. Hortaz, oraindik lokala ez nuen hain nirea sentitzen eta dena etxean egiteko erabakia hartu nuen, gusturago aritzen nintzelako bertan lanean. Gitarrak-eta nik jo ditut, baina dena pluginekin dago eginda, soinu txartel bidez. Eduki, baditut anplifikagailuak eta halakoak, baina ez daukat grabaketarako material egokirik.
Logeletako proiektuek gertutasuna ematen dizuete?
Lokalean kantu bat egitea zu bakarrik zaudenean, espazioarekin ez duzu konplizitaterik sortzen. Hortaz, lokalean beste pertsonekin sortzen duzunean gauza bat da emaitza eta etxean egiten duzunean, beste ikuspegi bat da, guztiz kontrakoa.
Hasi eta buka zuk egin duzu dena ‘Ihes egiteko’ bigarren disko honetan?
Bai, nahasketak eta masterra nik egin ditut, proiektu honetarako nire burugogorkeria aprobetxatu dut. Nahasketak eta masterizazioa beste norbaitek egin izan balitu, ziur emaitza hobea izango zela, baina ez dakit errekurtso faltak edota burugogorkeriak eraginda, dena nik egitea erabaki nuen.
Aipatu duzu Kalifornia eta Kanadako musika taldeak ere hor daude, punk-rock edota hardcore melodikoaren bueltan kantuak sortzen, zugan eragina izan dutenak, baina auto-tunea erabiltzen duzu. Lotsagabekeria hutsa da edota ahotsa tapatzerainoko lotsak eraman zaitu horretara?
Lotsagabekeriak ezbairik gabe, Ainke taldearekin badudalako disko bat nire ahotsarekin grabatuta. Proba egin nuen auto-tunea estilo honetan nola geratzen zen ikusteko eta asko gustatu zitzaidan, hortaz, zuzenekoetara hau horrela eraman nahi nuenez, diskoa hasi eta buka tresna honekin egin dut, gustatu zait lortzen dena.
Auto-tunea drill munduan ari ginen ikusten orain arte, izan daiteke drill munduan zegoen jendea punkera etortzen ari dela baita?
2014an trapa egiten zuen jendea oso punkia zen, Zuk Zeuk Egin mugimendutik zetozen, errekurtso falta zuten… Orain egia da jende asko ari dela punka egiten eta askori nabaritzen zaio ez duela sekula estilo hau entzun, batez ere letrak eta musikak ez dutelako bat egiten, ez-eta jarrerak ere. Klixe asko erabiltzen ari dira. Baina beno, bakoitzak egin dezala nahi duena.
College-punk honek nerabezaroan askori eragin digu, zuk estetika hori letretan mantendu nahi izan duzu, mezuetan ere hortik zoazela esango nuke.
Nik hemezortzi urterekin ez nuen musikarik idazten eta pandemia ostean hasi nintzen sortzen egiten nabilen guztia. Hamazazpi-hemezortzi urte zituen Gorkaren kontuak ari dira orain irteten, aspaldiko kontu bezala ikusten ditut, nahiz eta 23 urte ditudan. Eta, denbora askorik pasa ez den arren, oso azkar joan dira azken urteak.
‘Hitzik esan gabe’ entzun nuen lehenengoan, Blink 182 taldearen balada kutsuko kantu bat iruditu zitzaidan.
‘Self title’ diskoa 17 urterekin entzun nuen eta haien logoa ere tatuatuta dut. Erreferente nagusiak izan dira Blink 182.
Dena dela, drill ukitua eman diozu. Nondik etorri zaizu burutazio hori?
Denetarik entzun dut, estilo askotariko musikatik edan dut. Gauza da Travis Barker, Blink 182 taldeko bateria-jotzaileak ia-ia nire amamarekin ere kolaboratu duela azkenaldian. Raperoekin ere ibili da, eta ez dira akaso nire estilokoak, Machine Gun Kelly kasu, baina haiekin Barkerrek egin duen lanak bai erakarri nauela eta hortik dator akaso eragin hori guztia.
Kantuaren mezuari erreparatuz sortzen zait hurrengo galdera: nola komunikatzen duzu ondoen barruan duzun hori?
Melodiak egiten ditut ahotsarekin eta gero etortzen da gitarraren erabilera. Atzetik letra etorriko da.
Beste arte diziplinetan ere bai? Edo irudi batetik ere etortzen da inspirazio iturri hori.
Eskuekin beti zerbait egiten nabil, erritmoak sortzen nago eta nik uste dut hori dela guztiaren oinarria. Egiari zor, oraintxe, unean ari naiz hau guztia hausnartzen, ez bainaiz honen inguruan pentsatzen jarri.
Rap munduarekin hartu-emanean Travis Barker ibili dela esan duzu, baina zu Durangaldeko rap eszenako pertsona garrantzitsu batekin aritu zara, Peio izan baituzu ondoan.
Durangaldean bagaude batzuk eta akaso ez dugu gehiegi kolaboratzen gure artean, Peiorekin ere hitz egin dut horren inguruan. Katu, Peio, Maixa… eta gehiago ere bagaude. Baina kanpotik akaso benetan dagoena baino mugimendu gehiago dagoela sentitzen duzue, edo hori esango nuke nik. Peio urte luzez ari da gauzak egiten eta orain gure artean gauzak mugitzen ari gara. Dena dela, gazteon artean, ez dago zalantzarik eszenan denbora gehien Peiok daramala.
Udako maitasun bati edota umetako maitasun berezia duzun horri idatzitako abestia da ‘Aspaldiko kontuak’?
Bada, gauza bera pentsatu genuen guk, nahiz eta hasierako tematika beste bat zen. Umetan ezagutu duzun pertsona bat urteak pasa eta ez duzula ezagutu ere egiten, hori ere gertatzen da eta horri abestu nahi genion. Kantu honekin ez dakit halako harremanak berpiztu ote diren, Instagramez mezuren bat norbaitek bidali ote dion beste bati, oxala! Niri behintzat inork ez dit halakorik bidali oraindik. Gainera, ez dakit nork bidaliko ote zidan halako mezu bat eta ez dakit nola erreakzionatuko ote nukeen horren aurrean.
Gazteleraz ere egin dituzu zati batzuk edota abestiren bat ere bai. Hizkuntzaren hautua nondik etorri da?
Etxean gaztelera izan da ama hizkuntza. Aitaren familia andaluziarra da eta amarena Extremadurakoa. Hortaz, gauza batzuk adierazteko gaztelerara jotzen dut. Lehen diskoan dena euskaraz egiten saiatu nintzen, baina nire buruarekin zintzoa izan nahi nuen, eta gaztelera eta euskara horregatik nahastu ditut disko honetan.
‘Hilde dau’ diozu. Zein hiri da hilda dagoena?
Donostiara joan nintzen Nerve Agent Albaceteko taldea ikustera, eta han sortzen da abestia. Kontzertu ostean juergan atera ginen eta biziraute sentsazioa izan nuen bertan. Ez dakit beti horrela den Donostia edo ez, baina gaua ezin genuen luzatu eta horrek haserretu egin niduen. Ez dakit unea horrela zen edo beti den horrela, baina tira. Gauza da Durangon egun antzerako gauzak ikusten ditudala, eta hori izan daiteke bertako giroarekin haserre samar nagoelako. Durangoko gazte giroa nire izaeratik urrun dagoen zerbait da, Durangotik kanpoko giroarekin gehiago lotzen naiz gaur gaurkoz. Eta ez diot Durangori errurik egozten, e? Baina haserretzen nauen zerbait da.
Kantuen artean, diskoaren erdian sartu dituzun biak punkenak iruditu zaizkit. ‘El k no baile’ kantuarekin RIP, Cicatriz, Eskorbuto… etortzen zaizkit burura. Ideia etorri zen lehendabizi edota kantua egin eta gero etorri zen letra?
Valentziara joan ginen berriz ere Nerve Agent ikustera Mala Gestión taldearekin batera. Nahiaren etxean bazkaldu nuen bueltan eta bideo batzuk ikusten ari ginela, esketx oso onak ikusi genituen tartean. Aktoreak ez ditut buruan.
Iker Galartza eta Anjel Alkain direla esango nuke, kantukoak bederen.
Izan daiteke. Hamar-hamabost bideo dira guztira, eta oso-oso onak dira. Kontua da kantuak berez beste gai bat duela oinarri. Bidaia horretatik bueltan, hurrengo goizean, alarma faltsu baten ondorioz, Ertzainak sartu zitzaizkidan etxean, sukaldean, egongelan… Goizeko 10etan sekulako kolpeak jotzen ari ziren atean, erdi lo eta haserre ireki nuen eta egoera hori oso bortitza egin zitzaidan. Hortaz, horrekin zerbait idaztea bururatu zitzaidan eta kantua idatzi nuen. Horregatik kantuaren hitzek halako nahasmendu bat sortu dezakete.
Punketik Soto Asa eta La Zowiren kantu batetara pasatzen gara diskoan. Bad Gyal-i ere egin zenion cover bat, ‘Zorra’ kantuarekin. ‘Smartphone’ hau zer da, entzuten duzun musika delako edota zurera ekarri nahi zenuen musika mota hau?
Bad Gyalen kasuan abesti denak punkera ekarri daitezkeela argi dut, Bad Gyalen kantuak nahikoa punkak direlako, beti funtzionatzen dute estilo honetan joz gero. Nahiak esan zidan ‘Smartphone’ egiteko, eta Instagramen ere galdetu nuen ea zein cover egin nezakeen eta jarraitzaile askok hau esan zidan egiteko. Grabatzerakoan, Nahiak La Zowiren zatia egiteko eskatu zidan eta baietz esan nion.
Nahia Novoz ari zara, ostegunetan Bilboko Kafe Antzokiko DJa dena azkenaldian, unibertsitatean ezagutu zineten?
Bai, horrela da. Laguntasun berezia sortu zen orduan eta gerora gauza asko egin ditugu elkarrekin.
Arte Ederren fakultatean ere musika mugimendu handia dagoela esan dezakegu.
Arte Ederrak ikasi nituen autosufizientziarako bidean, nire diskoen artea lantzeko asmoz hasi nintzen ikasketa hauek egiten. Silitiakoak, Tatxersekoak, Nahia, Maixa… musikari asko dago Arte Ederren fakultatean eta disko eta portada asko sortu dira bertan azkenaldian.
‘Quiero ser’ kantura goazen, gitarra klasikoa eta flamenkoa. Zure erroetara bueltatu nahi izan duzu?
Bai, eta Nahiaren erroetara ere bai. Flamenko ukituko zerbait egitea proposatu nion eta instrumentala asko gustatu zitzaion. Hortaz, elkarrekin hau egitea oso berezia izan dela esan dezaket, sentimendu asko duen kantua baita guretzat.
Laugarren entzunaldian harrapatu dut «bi uren artean harrapatute», Camaronen erreferentzia hori.
Gitarra klasikoa ikasi nuen eta flamenkoa jotzen hasi nintzen. Hamar edo hamabi urte nituen orduan eta, gerora, erreferentziak-eta ahaztu egiten zaizkizu, baina orain herdoila kendu diot berriz ere flamenkoari eta pozik nago horrekin. Hogeita hamar euro balio duen gitarra eskas batekin jo dut hau, iluna da, eta gustatzen zitzaidan lortu genuen soinua. Pozik nago oso egindakoarekin.
Disko fisikoa aterako duzu?
Etorkizunean beste lan bat egiten badut, akaso estudio batetara joan eta edizio fisikoa aterako dut. Baina oraingo honekin ez dut horretarako asmorik.
Kontzertuak, ordea, etorriko dira?
Momentuz bi kontzertu eman ditut Garraio moduan eta planteatzen nabil aurrera begira zer egin. Ez dut asmorik kontzertu asko segidan emateko, baina badut instrumentu-jotzaile gehiagorekin zerbait egiteko nahia. Victor, Ainke taldeko baxu-jotzailea, etorri da nirekin aurrekoetan, baina proiektua zabaldu nahi dut eta nola egin ari naiz pentsatzen une honetan.
Diskoa ixten duen ‘Esan ezetz’ kantua, Maixarekin egin duzuna, esan daiteke metal mundukoa dela?
Marshall anplifikagailu bat erabiltzen dut Ainkerekin eta beraren plugina erabili dut grabatzeko. Les Paul bat ere erabili dut Do irekian afinatuta dagoena eta hori hemen soilik erabili dut. Bateriaren kutxa ere erasokorragoa da. Dena Maixaren eskaerei erantzunaz.
Bukatzeko, azken galdera. Askotan esaten diozu ezetz zure nahiei?
Baietz esango nuke, kanta horren inguruan doa, parean jo duzu hor. Egun akaso hainbeste ez diet egiten uko nire nahiei, baina 18 urteko Gorkak bai, egiten zuen hori.
Urriko ‘Beste Bat’ saioetan esperoko zaitugu; zure hautaketa finak entzuteko zain geratuko gara, beraz.
Mila esker!