Zuzenean

Elkarrizketa
Antton Araspin
Karma taldeko gitarra-jotzaile eta abeslaria

«Martxatzen duenarekin geratzen gira, aski naturalki geratzen den horrekin»

Karma taldea Behe Nafarroko taldea dela esan dezakegu, Donapaleukoa, baina ez dakigu non kokatu. Benjamin Delabaca, Miguel Etcheverry eta Antton Araspinek osatzen dute, bakoitza punta batekoa da, baina Lapurdin dute elkargunea. Kurioso bezain interesgarria, ‘Odolean dena’ debuteko diskoa bezalaxe.

Audio_placeholder

«Martxatzen duenarekin geratzen gira, aski naturalki geratzen den horrekin»

Loading player...
Karma hirukoak debuteko diskoa atera du, ‘Odolean dena’
Karma hirukoak debuteko diskoa atera du, ‘Odolean dena’ (Jean LARREGARAY)

Erdi isilean datorren diskoa kaleratu duzue Karma taldearekin, estreinakoa. Baina, taldearen elkarketa nola ematen da, bata Amikuzekoa, bestea Garazikoa eta hirugarrena Urruñakoa izanik?

Bitxiloreak taldean aritu ginen duela urte zenbait. Pandemian geratu genuen guztiz eta, nik nire musika sortzeko nahia banuenez, berriz ere deitu nituen ene lagunak; aski naturalki egin da guztia. Estiloz aldatu dugu, lehen popa egiten genuen eta oraingoan rockera pasa gira, power trio formatuan eta zerbait indartsuagoa eginaz. Ez nuke gogorra esango, indartsua baizik.

Errepikak egiteko elkargunea non duzue?

Kostatik eta barnekaldetik epizentroa dugu Kanbo, Luhuso inguruko tokietan ibiltzen gira, bertako gaztetxeetan; eta oso eskertuta gaude.

Disko laburra da kaleratu duzuena, bost abesti dituelako. ‘Odolean dena’ deitzen da diskoa. Odolean daramazuena da edota dena odolean dagoela esan nahi izan duzue?

Odolean zer daramagun erakutsi nahi izan dugu, rocka, musika, hori baita barruan daramaguna. Aldi berean, hori da dugun dena eskaintzeko.

‘Gogoratu’ kantuak irekitzen diskoa, erdi tempo indartsu batetik hasi, punk rockera pasa, popetik ere edaten duena, baina metal ukitua ere badu. Kantu hau nola josten da?

Denbora behar da. Bi urte eman ditut kantu hau konposatzeko, gauza batzuk sortu, besteak kendu, zaborretara bota… Usaian, ordenagailuarekin grabatzen dut dena, instrumentuak joz, hor egiten dut dena eta gero bertsio desberdinak sortzen dira. Horiek eramaten dizkiet ene lagunei eta berriz ere egitura moldatzen dugu, bukaerako emaitza lortzeko bidean. Martxatzen duenarekin geratzen gira, aski naturalki geratzen den horrekin. Hori da gure esentzia.

Memoriaren garrantzia aipatu beharra daukagu abesti hau entzunda. Memoriak berak ere sentimenduak sortzen dituela aipatzen duzu. Zeri buruz ari zinen hemen idazterakoan?

Introspekzio gaiak aipatzen dira diskoan eta hemen azken urteotan zer egin dudan ari nintzen pentsatzen, baita norat joan nahi dudan ere. Gero ez nuke gehiago erraiten ahal, gauza pertsonalak direlako. Bakoitzak bere maneraz interpretatzen ahal du eta hori ere interesantea da. Maite dut letrak idaztea, baina gaiak aski irekiak utziz, publikoak sar dezan bere burua haietan eta interpreta dezan haien maneran.

Bigarren kantuak, ‘Orbela’ abestiak, hard rockaren mundu ilunago batetara garamatza. Taberna, izerdia, gaua… Hori guzta nabari da kantuan. Soinu aldaketa hasieratik horrela zen edota gerora egin zenuen proba.

Aski zikina da bai. Hasieran bestelako zerbait zen, baina gero probatu nuen soinu hau eta emaitzarekin pozik geratu naiz. Estudioan gure teknikariari hau entzunarazi geniolarik, Foo Fighters edota Audioslave etorri zitzaizkion burura, eta hori entzutea gustukoa izan zen kantu hau proposatzen nuelarik, kasualitatea ez baita, talde hauek maitatu ditut.

Pantailari begira denborak ihes egiten digu?

Bai, eta denbora galtzen dugu. Eta hor nago mugikorrarekin zuri begira hitz egiten, baina kontziente izan behar da, kasu eman behar zaio egiten dugun horri eta ez da sobera deliratu behar. Abestiaren gaia pixka bat hortik doa. Gure herri puskak desagertzen ari dira pixkanaka eta gure bizitzan geroz eta gehiago bakoitza berera doala, gizarte indibidualagoa gira. Hor bada dualitate bat, ekuazione bat.

Amikuze inguruan ere bai, denak pantailari begira?

Izaiten ahal da bai. Jendea ez dut gehiago ikusten goitatzen mugikorrik gabe. Medikuaren kontsultan eta halakoetan, garaian, baziren liburuak edota haur jokoak. Egun denak mugikorrarekin gira, eta hori garaiaren kontua izango da, baina denok gabiltza halakoekin.

Patrick Fischerrekin grabatu duzue.

Bastidako bere estudioan, Nomad Recording Studion. Bere materialarekin batetik bestera ere ibiltzen da grabatzen, baina bere etxean izan gira. Super kontent izan gira zinez. Hastapenetik ulertu du norat ailegatu nahi genuen, emaitza ona ematen du eta energia ona atxikitzen du grabaketak, beraz, huntsa. Hau diot ni Amikuze aldean fisioterapeuta naizelako eta egunero hau ikusten dudalako.

Material asko erabili duzue grabaketan?

Bere materiala bikain ezagutzen du Patrickek eta zuzenean grabatzeko erabakia hartu genuen, metronomorik gabe, eta horrek indar berezi bat eman dio. Gure materiala ere pentsatzen dut aski ongi menperatzen dugula eta nahasketa horrek emaitza ona emaiten duela uste dut. Bozak eta bigarren gitarrak gero grabatu genituen, baina, oinarria, hirunaka egin genuen eta hor da diferentzia. Hiru gitarra erabili nituen bost kantu egiteko, eta hori ere akaso antzeman daiteke.

Bai, eta nabaritzen da hori guztia, ’Sotina’ kantuan beste unibertso batean kokatzen delako. Rock progresiboago bat, shoegaze ukituarekin… atmosferikoagoa edo gaseosoagoa da dena. Inprobisazio bat du abiapuntu?

Kantu horrentzat presezki inprobisaketa bat izan zen. Miguel, bateria-jotzailea, hasi zen erritmo hori ematen. Errepika hastean, beti jam batekin abiatzen gira, hori da gure usaia. Aldi bakoitzean zerbait desberdina egiten dugu eta aldi batez erritmo horri segitzeko esan genion eta akorde hori, nota horiek, agertu ziren eta baxuak groove potolo hori gehitu zion. Hortaz, inprobisaketa batekin hasi zen guztia. Besteetan dena idazten dut aintzinetik eta gero moldatzen dira, gauzak ez dira inoiz bortxaz bukatuak izaten.

Sotil hasten da dena, progresioan gora zoazte Beñat eta biok eta disonantziekin eta jolastu duzu.

Posible da diozuna, ez dakit non erori den, baina gustukoa atxeman dugun toki batean erori da. Mundu progresibo hori ere maite dugu, badugu erreferentzia ainitz mundu hortan. Atxeman dugu zentzua bazuela kantu hori disko honetan kokatzea.

Kantuaren hitzei erreparatuz… Pasa dena pasa da edota borrokatu behar da aurretik egon den horren alde?

Pasatakoa pasa da eta etorriko dira borroka berriak ere.

Diseinuari begira jarrita, kopa bat ikusten dugu likido urdin batekin. Zer bilatzen zenuten?

Lehenengo ideia odolaren errepresentazioa nahi genuen egin, modu artistikoan, ez bortxaz bortitza bilakatuz, Metallicaren disko batean ikus daitekeen moduan. Gogorra zitzaigun odola bere horretan erakustea, hortaz, beste zentzu bat bilatu genuen. Annie Etxeparek egin du diseinua eta berak proposatu zidan hau. Kopa batean ura eta tinta nahastu eta hori da lortzen den emaitza, tira, ehundik gora argazki egin eta gero hautatu genuenaren emaitza da hori. Hortaz, kosta zitzaigun. Urdin hori elegantea ikusten genuen eta garbia eta horrela geratu da.

Kantu energikoa da ‘Zilborraren ingurua’ abestia. 2000etara egiten dugu salto, afinazioa ere drop c bat delako, ezta?

Bai, gitarraz aldatzen dut eta afinazioa hori da azken kantuetan. Belarria prest duzu, gero!

Hemen gitarra ez da hain lodi entzuten, abiadura handian jotzen delako batetik eta kordelak ere altuenak entzuten direlako gehiago. Mezua ere arinagoa iruditu zait, edo bigarren zentzu bat du?

Ez dakit, zure ustez?

Zalantzak ditut, horregatik galdera, atzeko mezua duela uste dudalako.

Galdera irekia utziko dugu, hortaz.

Azken kantua tempo erdian doa, beste indar bat du, lodiagoa da… ‘Miraila’ deitzen da, ispilua alegia. Zu jarri zara, metaforikoki bada ere, ispiluaren atzetik aurrean dagoen Anttoni begira?

Bai, usu egiten dudan zerbait da. Pixkat kontenplazioa ez? «Nor naiz ni?» eta horrelako gauzak lantzen. Adinarekin ere etortzen den zerbait da, gazte-gazte zirelarik ez zira hor sartzen. Baina maite dut, laguntzen duelako aintzinatzeko, jakiteko pixka bat zertan izan nahi ziren… introspekzioa.

Taldearen parte izateko behar horren gaitza ere aipatzen da.

Bai, hori da. Bakarrik izateko nahia eta taldean sartzeko beharra, hor dago lana.

Diskoa fisikoan kalean da?

Bai, eta gure bandcamp orrialdean eskura daiteke edota bestela kontzertuetan. Bistan denez, plataforma digitaletan ere entzun daiteke.

Kontzertuak esan dituzunez, badatoz kontzertuak?

Izan dira eta datozenak politak izanen dira. Esaterako, larunbat honetan bertan, Itsasuko arrabestetan ariko gira Kristonak taldearekin. Aiziritzeko bestentzat ere ariko gira, Zea Mays taldearekin batera. Bietan ere lehen parteak egiten ariko gira. Normalean, Durangon ere izango gira eta ukanen dugu aukera gure diskoa eta proiektua erakusteko.

Halako tokietan zuenak bezalako proiektuek beti izan behar dute tokia.

Dena autoekoizpena da, ez dugu ez diskoetxerik ez eta zigilurik ere atzean. Bistakoa da sustengua behar dugula ere.

Mila esker gure deiari erantzutearren.

Mila esker zuri, Iker. Plazerez.

Jaurlaritza Logoa