Zuzenean

Elkarrizketa
Gorka Martinez de Lagos
Painapple taldeko baxu-jotzailea

«Zuzeneko animaliak gara eta zuzenekoak dira musika egiteko dugun arrazoi nagusia»

Painapple taldea Debabarrenako taldea da, Kaliforniako punk-rock musikatik gertu dabiltzan arren. Katariñe Berrueta, Asier eta Josu Cascan, Andoni Conde eta Gorka Martinez de Lagos dira taldea osatzen dutenak, eta EP bat kaleratu dute aurten ‘Demo’ izenekoa.

Audio_placeholder

«Zuzeneko animaliak gara eta zuzenekoak dira musika egiteko dugun arrazoi nagusia»

Loading player...
Debabarrenako Painapple boskotea betidanik nahi izan duen musika estiloa lantzeko sortu da.
Debabarrenako Painapple boskotea betidanik nahi izan duen musika estiloa lantzeko sortu da. (Maitane CAMPOS)

Zer moduz zaude Gorka?

Ondo, eta zu?

Ondo baita ere. Ea bada, kontaiguzu nondik eta nora sortzen den Painapple taldea.

Hamar urte baino gehiago dira taldekideok ezagutzen ginela, Asier, Andoni eta Josu batez ere, aurretik ere beste proiekturen batean elkarrekin ibilitakoak direlako. 2019an eman genion hasiera proiektu honi, aurretik egindako guztitik ihes egin nahian.

Etengabeko mugimenduan zabiltzaten musikariak zarete?

Bai, gainera ezin gara musika estilo batean geldirik egon. Hortaz, estilo askotako talde bat izan ordez, proiektu desberdinak jartzen ditugu martxan. Izan We are apes, hello! edota Asier eta Josu pop-folkean Julenekin aritu diren. Komunean dugun estilo hau sortzeko elkartu gara hemen.

Painapple, zergatik izen hori?

Barruan dugun txiste batetik abiatzen da. Irudikatzen genuen sagar baten istorioa kontatuko genuela, eta sagar horrek ez zuela sagarra izan nahi, baizik eta anana izan nahi zuela. Hortaz, ananen txortenak labanarekin ebakitzen zituen sagar bat bihurtu zen, bere buruaren gainean txorten horiek jarriz, berak anana itxura hartzeko. Bada, istorio hori da izenaren atzean dagoena. Logoaren parte izango da etorkizunean, edo hori da asmoa behintzat.

Aurkezpen eskutitza da ’Demo’ deiturikoa. Zuzenekoetan izandako erreakzioen arabera kaleratutako kantuak dira hauek?

Ermuan Vertigo Rock antolatzen da eta 10. urteurrena zenez bertan izena eman genuen, ea oholtzara igotzeo aukerarik genuen ikusteko. Bada, festibalaren aurretik grabatuta genituen hiru abesti hauek argitaratzea erabaki genuen, jendeak ezagutu zezan zer egiten genuen. Horren atzetik etorri dira gehiago eta beno, diskoa izango denerako zerbait aurrezteko modua izan dugu. Dena dela zuzeneko animaliak gara eta zuzenekoak dira musika egiteko dugun arrazoi nagusia, hortaz, zuzeneko bati ezin diogu sekulan ere uko egin.

’Behin eta berriro’ kantuarekin irekitzen da EPa. 2019an sortzen da taldea eta hau 2020ko pandemiaren irteeran kokatzen da, ezta?

Bai, hori da. Guretzat garrantzitsua da esatea lagunak garela batez ere musikariak izateaz gainera. Lagunekin eta lagunartean disfrutatzen dugun pertsonak gara eta horiei egindako omenaldia da.

Dena dela, zuk zer egingo zenuke behin eta berriro?

Lagunekin geratu, haiekin afari potolo bat prestatu, dantza eta barre asko egin eta hori egingo nuke behin eta berriro. Bakardadeak ere asko laguntzen du gauza asko argitzeko, baina benetan disfrutatzen ditudan uneak lagunekin barrez pasatzen ditudanak dira, maitasuna adieraziz eta bizitzan zeinen garrantzitsuak direla erakusten.

Estilo aldetik pop-punka dela esan dezakegu hau, eta, orokorrean, Kalifornian 90etan sortzen den mugimenduko musika jorratzen duzue. Eraginak nondik iristen zaizkizue?

Zuzenean handik edan dugu. Guk ere 14, 15, 16 urte genituela, internet munduan sartzen hasi ginen eta lagun batek erakutsi zidan niri, esaterako, Blink 182 taldea edota A day to remember, edota Paramoren azkena ea entzun nuen galdetzen zidan. Bada, internet motel horrekin saiatzen ginen diskoak entzuten eta abar. Garai haietan ez genuen elkar ezagutzen, baina denok partekatu dugu kontu bera, musika talde antzekoak eta modu antzekoan entzun izan ditugu gaztetxo ginela.

Esan daiteke nerabezaroan sortu gabe utzi eta orain arantza ateratzeko modu bat izan dela Painapple sortzea?

Ez dut uste arantza bat ateratzea izan denik. Gure bizitza musikalean proiektu desberdinetan hainbat estilotan esploratu dugu eta hau egiteko nahia genuen. Rock klasikoagoa, ska edota popa egin ditugu eta hau oso barruan bizi izan dugunez, gure buruari esan genion ea zergatik ez genuen horrelako zerbait egingo, benetan egin nahi izan dugulako. Bada, erabakia hartu genuen.

’It ain’t over’ kantua ingelesez dator. Zenbat aldiz alderatu dute hemen Katariñe Avril Lavignekin?

Askotan entzun behar izan du bai eta zuzenekoetan egiten dugu horrekin halako txantxaren bat ere. Baten batek nabarituko du.

Egin behar diren txantxak, ezta?

Bai bai, nahitaezkoak direnak.

Kantuaren hitzak nori daude zuzenduta, lagun konplize bati edo maitale bati?

Zuk zer uste duzu?

NIk esango nuke lagun konplize bati eskainiak direla.

Posible da, bai. Bada gure istorioaren parte kontatzen duen zati bat, baina entzule bakoitzak bere egin dezala kantua, norberaren interpretazioari tokia uztea polita da.

Estilo honen barruan Blink 182 aipatu duzue, urriaren 20an diskoa kaleratuko dutenak, baina Sum 41ek ere single berria atera du. Goraka doa berriz ere estilo hau guztia eta trap eta rap munduko jendea ere ari da honetara gerturatzen. Nola ikusten ari zarete hori guztia?

Guri oso ondo datorkigun gauza bat da. Gu ez ginen hau egiten hasi olatu baten barruan sartzeko, baizik eta benetan gustatzen zaigun gauza bat eta pasio bat delako. Baina egia da zenbait euskal taldek edota Espainiar estatukoek ere, Estatu Batuetan sortu zen olatu hori aprobetxatuz ari direla.

Machinegun Kelly edo Kennyhoopla bezalako artistek sekulako gorakada eman dute Travis Barkerren ekoizpenei esker. Ez dakit zer eta nola egin duen Barkerrek, baina Estatu Batuetako musikan erregeetako bat dela esan dezakegu. Are gehiago berriz ere Blink 182 batu direnean eta zuzenekoak ematen hasi direnean. Guri oso ondo datorkigu, baina ez genuen olatu horren parte izan nahi.

Olatua bazetorren Ozeano Atlantikoa gurutzatzera, baina pandemiak frenatu zuen. Izan ere, Estatu Batuetan talde hauek guztiak batzen zituen rememberrak eta horrelakoak egiten hastekoak ziren, gerora egin zirenak. Eta a zer rememberrak, gainera!

Bai bai, pentsatu genuen agian joan beharko ginatekeela, ez genekileako halakorik berriz egingo zen eta abar.

Simple Plan eta Sum 41 ere izan ziren duela gutxi Euskal Herrian. Izan zineten haiek ikusten?

Bai, taldekide denok izan ginen bertan. Sorpresa bezala hartu genuen eta segituan hartu genituen sarrerak. Sekulako kontzertuak eskaini zituzten. Aurretik ere Euskal Herrian izandako taldeak dira, Asierrek eta Katariñek ikusi zituzten, baina haien hitzetan soinu aldetik, eszenografia aldetik… hobekuntza nabarmenak izan dituzte bi taldeek, nahiz eta urte asko pasa diren tartean. Nik asko disfrutatu nuen behintzat.

Eta halako kontzertu batera zoazenean, erabat disfrutatzera zoaz edota ikustera eta ikastera era bai?

Lehenengo disfrutatu eta gero ikusi eta ikasi. Ezin diot eutsi salto eta bultzaka aritzeari. Gero Madrilen ere izan ginen Bring me the Horizon eta A Day to Remember ikusten, gure estiloaren barruan erreferente ditugulako.

Bitxia da emo munduko erreferenterik ez duzuela aipatzen, duzuen adina kontuan izanda.

Nik izan nuen oso emo garaia, My Chemical Romance baziren nire elizako parte edo ni nintzen haien elizako parte. Gure musikan egia da ez dagoela emo musikarik presente, ez behintzat orain arte argitaratu ditugun abestietan, agian etorkizunean posible da zerbait agertzea.

Egia da punk rockari ateak zabaltzen zitzaizkion bezala, emoarekin mesfidantza handia zegoela.

Batez ere letren edukiaren arabera. Horren inguruan izan dira hainbat polemika eta abar, horregatik gu ez gara haiekin hain identifikatuta sentitzen. Guretzat musika festa bat da eta nahiz eta gure bizipenak batzuetan ez izan hain onak, eta horien inguruan ere abestu, kontatzen duguna modu alaiago edo argiago batean kantatzen saiatzen gara.

Non grabatu duzue hau?

Sekulako zortea daukagu Andonik ezagutza asko duelako grabazioaren inguruan eta ditugun baliabideekin grabatzeko moduan izan garelako. Andonik nahastu eta masterizatzeko lan guztia hartu du. Kalitatezko zerbait kaleratzeko moduan ginela uste genuen, Andoniren lanari esker eta gainerakoon ekarpenekin. Entzun daitekeen zerbait dela uste dugu.

‘Demo’ izena parean datorkio soinuaren aldetik, konprimitu samar dagoela dirudi, eta horrek ematen dio maketa itxura. Estilo honetan ibilita, zentzu guztia duen erabakia.

Hainbat soinu oso definituta ditugu, bateriaren soinua esaterako oso garrantzitsua zen guretzat eta buelta asko eman dizkiogu. Hortaz, ditugun ezagutzekin aurrera begira lan polita egin dezakegula uste dut. Orain zuzenekoena lasaiago hartzekotan gaude eta hemendik aurrera aterako dena potoloagoa dela esan dezakegu.

Kritika positiboa jasotzen ari zarete, ezta? Besteak beste, Barakaldoko HIriko Soinuak lehiaketan euskarazko talde onenaren saria eskuratu duzuelako berriki. Sorpresa izan da?

Sekulako sorpresa izan zen, bai. Inoiz ez dugu espero halakorik, Vertigo Rocken jo eta karpa bete samar ikustea ere sekulakoa izan zen. Lekunberrin emandako lehen kontzertutik astebetera beste bat izatea… halako denak opariak dira guretzat. Orduan, Hiriko Soinuak lehiaketako finalera iristea oparia izan zen eta euskarazko talde onenaren saria irabaztea, sekulako poza. Gainera, urriaren 20an, Los Deltonos, Lorraine eta Def Con Dos bezalako taldeekin jotzea, sekulako ilusioa sortzen digun zerbait da.

Egun horretarako urduri zaudete?

Ni ez, ez naiz urduri jartzen halakoen aurrean. Dena oso topera bizi dudan pertsona bat naiz, gauza txarrak oso gaizki tratatzen ditut eta gauza onak oso oso ondo. Hortaz, ez dut galtzen denbora urduri jartzen.

‘Rollercoaster’-a hortaz, zu zara?

Agian, izan daiteke. Abesti honetan denen aportazioak daude. Denok gara pixkat errusiar mendi.

‘That’s life’ kantuan aipatzen da ‘rollercoaster’ delakoa edota errusiar mendia dena euskaraz. Blink 182 taldeak ere badu kantu ezagun bat titulu horrekin. Hari egindako keinu bat da?

Kasualitate kontua da. Simil nahiko errepikakorra da gure bizitza ere badela ‘rollercoaster’-a. Berez ez da nahita egindako zerbait, baina keinu modura hartu nahi bada, pozik.

Erritmoan hardcoreagoa da eta koralek garrantzia dezente dute. Katariñek berak eginak dira?

Katarenak badaude eta baita Asierrenak ere. Sekulako ahotsa du Asierrek eta bultzada handia ematen du zuzenekoetan koroak egiten dituenean ere.

Esan duzu udazkenetik aurrera lasaitu egingo zaretela kontzertuei dagokionean. Barakaldokoaz gainera, bada beste datarik?

Momentuz ez, Barakaldon kontzertuaz gainera lau kantu grabatzeko aukera ere irabazi dugulako Hiriko Soinuak lehiaketan. Hori bai, norbaitek deitzen bagaitu, gu prest eta lehenak izango gara bertan egoten. Baina hurrengo lanean zentratzen saiatuko gara hemendik aurrera.

Bizitzan beti aurrera egin behar da.

Beti aurrera, atzera ez, ezta inpultsoa hartzeko ere.

Mila esker eta gozatu datorkizuen honetan.

Ziur baietz, behintzat gure aldetik dena emango dugu hori hala izateko.

Ondo izan!

Eskerrik asko.

Jaurlaritza Logoa