Zuzenean
«Bankuen kontrako reggaetoi abestirik ez dut sekula entzun»
Gorka Rodriguez Gomila algortarraren proiektu berriena da Txekoslobako. Musikaren munduan urte batzuk badaramatzan arren, bakarka eta doinu latinoak landu asmoz dator orain. Tabuak eta klixeak gainditu eta doinu mota honetan mezu indartsuak zabaltzeari eman dio garrantzia Algortako musikariak.
«Bankuen kontrako reggaetoi abestirik ez dut sekula entzun»
Gabon Gorka, zer moduz?
Ederki, ederki. Mila esker.
Egiten duzun aldarria, Euskal Herriak perreatzearena, geroz eta zabalduago dagoen zerbait da. Baina noiz uzten dio ‘delitu’ izateari?
Asko aldatu da kontua, baina musika estilo askorekin bezala, hau ere estigmatizatua izan da. Gaizki dagoena zer da, musika edo mezua? Bada hor etorri da aldaketa, musika bera delako baina edukia beste bat delako. Hor uzten dio delitu izateari, aldaketa ematen den unean.
Hasieran ere dena zaku berean sartzen genuen, baina kantu bat edo bestea entzun, bazegoen alderik. Zuk mezuari eman diozu garrantzia, akaso 2zio bezalako proiektuetan aritzeak izan du garrantzia bide horretatik joateko?
Beti saiatu naiz nire proiektu guztietan musika eta melodia erakargarri bat izateaz aparte, edukia daukan musika sortzeaz. Argi dago musika aisialdia dela, jaia, gaua… baina jendearengana mezua helarazteko erreminta garrantzitsua dela uste dut.
Orain, ia-ia, esaten duzu reggaetoia musika herrikoia dela egun.
Kantu honen abiapuntua herri bateko gaztetxe bateko kartela ikusten dudan unean dago. Kartelak zion: «gora musika herrikoia, pikutara reggaetoia». Bada, mezu horri heldu nion eta buelta ematen diot esaldi horri. Beste musika berri batzuk onartzen hasi behar dugu guk ere eta Euskal Herriak eta euskarak ere aurrera egin behar du bide horietan ere.
Reggaetoia baina askoz ere gehiago bada ordea zure kantuetan, eta ‘Dantza’ kantua bada horren adibide. Salsa bat dago honen atzean, nahiz eta erritmo markatu bat izan.
Elektro-salsa bat da hau. Urban musikatik ibilbide bat aurkituko du entzuleak hemen, salsa, reggaetoia, elektrolatinoa, bachata edota urban-pop musikak daudelako.
Ez dakit Daddy Yankee bezalako erreferenterik ba ote duzun, baina hark ere horiek guztiak jorratu izan ditu.
Ziur aski bai, nahi eta nahiez entzun dudalako gaztetatik. Jakin gabe ere kasik, horrelako musika lantzean gaztetatik entzun ditudan hauek burura etortzea normala da.
Eta ibili zara hauen munduan bilatzen edota, besterik gabe, jasotako estimuluen inguruan gehiago mugitu da zure sorkuntza?
Egiari zor ez dut gehiegi sakondu reggaetoia egiten duten artistengan. Nire estilo propioarekin jarraitu dut beste oinarri musikalen gainean. Beti egin dut musika nahikoa konbatiboa eta horri eutsi diot hemen ere.
Errimetan eta zure rap munduko bidea hor dago eta nabari da kantuetan. Baina estilo honetan erabiltzen dituzten elementuak ere ager dira, horri begira ibili zara?
Oso konbatiboak ez diren letrak saiatu naiz jendearengandik gertuago egon zitezen. Dantza, jaia, zure begiak, izarrak… halako elementuak daude eta niri ere gustatzen zaizkit, baina jendea Txekoslobakoren musikara gerturatzeko baliagarriak dira. Alaitasuna transmititzen dute eta ikasteko errazagoak dira halakoak.
‘Ez, bai, ez’ kantuarekin berriz ere beste estilo bat aukeratzen duzu. Intro tropikala du oso, reggae kutsua duena.
Bai, nire kantatzeko modua izatez ez delako reggaetoia abesten dutenen antzerakoa. Ragga estilora gehiago hurbiltzen da, nik behintzat horrela ulertzen dut. Morodo, esaterako asko gustatzen zaidan abeslaria da.
Uda kutsua duen abestia da, udaberrian kaleratua.
Bai. hala da, baina barrura begira egindako kantua da, ez beste abesti batzuen antzera. Hemen letrak pisu handiagoa du, nahiz eta melodiak beste zerbait iradoki.
Hortik nire galdera: dena ez, baina gertatzen zaigun gehiena norberaren erabakien ondorio izaten da?
Bada, bai, ezta? Bakoitzak erabaki dezake bidegurutze batean alde batetara edo bestera joan. Bat hautatzen duzu eta gaizki atera da, bestean zer zegoen ez duzu sekula jakingo, baina aukera zuk egina da. Motel samar nebilen bolada batean idatzi nuen kantu hau.
Guztia pandemiaren bueltan sortzen hasten zara. Baina, zergatik Txekoslobako?
Bada, begira. Gurean reggaetoia azaldu zenean, hamabost edo hamasei urte genituen. Lagunartean, musika mota hau agertzen zenean, fonetikoki eta silabak parean egokitzen zirenez, TXE-KOSLOBAKO egiten hasten ginen. Hortaz, lagunei egindako keinu bat da.
Hau guztia garatzeko, estetika eta guzti lantzen duzu nahiko modu potentean. Zein unetan esaten diozu zure buruari, «tira, hemendik probatuko dut serio».
Pandemian umoretik hasi nintzen hau sortzen, lagunentzako batez ere. Bada, lagunek esaten zidaten bazegoela zerbait honen atzean eta proiektua garatzera animatzen ninduten. Bada, azkenean garatu dut. Egia da hasierako ’Zenbat dira’ eta ’Nintzena’ kantuetan pandemiaren gaiari heltzen diodala gehiago, baina gerora beste bide batetik eta modu profesionalago batean sortzen hasi nintzen dena.
‘Iristen bada’ abestia bachata bat da. Asko gustatzen zait maitasun abesti baten barruan sartzen duzun egurra esaldi honekin: «Berezia zarenik ez zazu uste, pertsona guztiak ahuleziak dituzte».
Bai, saiatu nintzen ez izatea pastel hutsa. Akaso jende gehiena ez da mezu hori hartzera, baina beno. Denok dugu ahuleziaren bat, horrela da.
Oinarriak eta katalogoetan bilatuta daude edota zuk sortu dituzu? Galdetzen dut hau, katalogoetatik hartutakoak badira ere, sekulako lana dagoelako honen guztiaren atzean.
Albumeko oinarri guztiak beste beatmaker batzuei erositakoak dira, beren lizentzia eta abarrekin. Modu horretara hemengo beatmaker batekin lana egiteko aukera sortzen zaizu, baina baita Venezuelako beatmaker batekin egitekoa ere. Honen atzean sekulako bilaketa dago, erritmoak, tonoa eta gauza asko bilatu behar dira. Aldiz, esan behar dut, orain kaleratzen nabilenetan, nik sortutako oinarriekin daudela eginda. Baina ’Behar duzuna’ laneko guztiak beste beatmakarrenak dira.
Esan beharra dago oinarrietan eta entzuten diren ekoizpenak, oso onak direla.
Soinuaren aldetik aipatu behar dut Xabin Kareagarekin egin dudala lan eta urte asko doala musikaren munduan lan egiten, besteak beste, EH Sukarra, Koma edota idi Bihotz bezalako taldeekin.
Gainera, autotunearen aldeko apustu argia egin ordez, ahotsen bikoiztea eta bestelako gauzak ere bilatu dituzue zure ahotsa grabatzerakoan.
Hori da, ez dugu autotunea nabarmendu, badu, baina oso gutxi erabili dugu. Gertatu zait kontzerturen batean gazte batek hurbildu eta hasi baino lehen, soinu frogak egin eta gero, galdetzea, «aizu, ez daukazu autotunerik?». Eta nik ezetz esatean, «bada ni, banoa» erantzutea. Jendea soinu horietara ohituta dago eta nik zuzenekoan pixka bat gehiago potentziatzen dut.
Pop kutsu nabarmena du ‘Gehiago’ kantuak. «Zalla, haustea nire Zaballa», zure barruko kartzela hausteko nahi horretan, keinu bat ere utzi duzu hor. Jakin Zaballan ere entzuten dutela NAIZ Irratia. TIra, barrura egindako kantu bat baina aurrera begira jartzen gaituen abestia.
Oinarria entzun nuenean, ez dakit, olatu baten gainean izango banintz bezala sentitu nintzen. Melodia oso alaia izan daiteke, hortaz, letra ere barrura begira baina etorkizunean zer egin nahi dudan eta argitasunaren bila dago idatzita. Denbora pasa egiten da, eta ohartzen zarenerako auskalo non zauden.
‘Izarrak’ kantua dator segidan. Zuk badituzu izar propioak?
Denok dauzkagu, ezta? Gu gara izar bat hasteko eta behin, eta noski, baditut izarrak diren pertsonak eta haiei begira jartzen naiz askotan. Lagun bat edota pertsona berezi bat izan daiteke, konplize bat, harri begira jarri eta zu ere nola zauden jakiten duzuna unean. Badira bestelako izarrak.
Elektrolatino puru bat da, Henry Mendezen ‘Noche de estrellas’ ezinbestean gogorarazten diguna. Haizeen sekzioa eta kongak eta abar… kutsu hori du.
Total, horrelaxe da. Belarri ona duzu bai, ez dago zalantzarik, bide horretatik zihoan.
2010aren bueltan asko jo zuen elektrolatino mota honek. Gaur egun ere asko entzuten da?
Bai bai, oraindik ere entzun eta egiten da. Uda honetako kantu indartsuenetako bat elektrolatino bat izan da, Sebastian Yatrak atera duena. Oraindik ere badu bere ibilbidea egiteke musika mota honek.
Esaten nizun Bad Bunny eta konpainia eszenean sartu zirenean, dena ilundu zelako. Berriz ere argitasuna bueltan datorrela esan dezakegu?
Bai, beno. Udan badakite zergatik ateratzen dituzten kantu hauek, udan beste giro bat badagoelako. Ez da nire kasua, nik dena batera atera dut eta elektrolatinoa asko gustatzen zait. Beste melodia klase bat du, askatasun gehiago ematen du abesteko. Nik garai haietakotik gehiago sortzen dut orain modan dagoen reggaetoitik baino. Nolabait esateko, askoz ere latinoagoa da.
Izan daiteke estilo hauen ekoizleak Estatu Batuetara mugitzearen ondorioa musika estiloa bere ere ilunago bihurtzea?
Drilla jokoan sartu denean gertatu daiteke, reggaetoi abeslari asko drilla abestera pasa direlako bidean.
Reggaeoti purua, ‘Itzuli’ kantuan. Askatasun mezu argia eta mezu politiko argia duen kantua: «Herri askea al gara? Horixe da galdera». Zuk zure buruari egiten diozu galdera hori?
Beno, zabaltzen dut galdera.
Erantzuna nahikoa argia da ordea, tamalez.
Bai, eta horregatik kantua.
Abestian marimbak, sartzen den unean, argitasun handia ematen dio guztiari, sorpresan harrapatzen du bat.
Bai bai, gertatzen dira halakoak eta kantua hori izango dela erabakitzeko nahikoa izaten da xehetasun hori.
Klixeak kentzea, tabuak alboratzea, hori aldarrikatzen duzu. Elektrolatinoa sortzen lehenengoa zarela ere aipatzen duzu.
Bai, aldarrikatzen dudan horrekin bat eginaz. Beste kantuetan zabaldu nahi dudan mezuaren luzapena dela esan dezakegu. Proiektua martxan jarri nuenean lehenengotak abestiia izan zen eta funtzionatzen duela ere esan dezaket.
Kontzertuena, nola daukazu? Aurrera begira nola dago proiektua?
Ez da denbora askorik pasa kontzertuak ematen hasi nintzenetik, baina hobetzen doa dena. Hasieran ez nituen ordutegi onenak eta horrela, eta hor zaila da neurria hartzea. Baina parranda giroan eman ditudan kontzertuetan kontuz, bestelako zerbait izan da eta oso ondo funtzionatu dute. Adibide bezala Bilboko eta Erandioko jaietako kontzertuak. Nik jendeak gozatzen duela ikusten dut eta etiketa guztiak albo batera uzten dituela. Aurrekoan, adibidez, Hendaiako gaztetxe guztia bachata dantzatuz jarri genuen.
Orain, hilaren 19an Getxon egingo den gala baten barruan showcase bat izango dut, baina aurrerago, Gasteizen Abisinia tabernan izango naiz urtarrilaren 6an. Jimmy Jazz aretoaren ondoan dago eta egun horretan Green Valleyko lagunak izango dira bertan. Bada, haien kontzertuaren aurretik, hor izango naiz.
Hala ere ez al dago ohitura handiagoa Ipar Euskal Herrian elkar hartu eta dantza egitekoa Hego Euskal Herrian baino?
Bai, izan daiteke baietz. Baina hala ere oso polita iruditu zitzaidan gaztetxe guztia bachata bat dantzatzen, muga pila bat apurtzen ari zelako jendea une horretan bertan eta oholtzatik ikustea sekulakoa zen.
Bideoklipetan beroki lodi-lodi batekin ikusi zaitugu. Udako kontzertuetan ez zenuen bada hori jantziko, ezta?
Bai bai, eramaten dut kontzertuetan. Baina argitu behar dut lehen hiru kantuetan edo horrela soilik janzten dudala, baina lehen inpaktu hori lortzeko jantzi behar dut. Gero, azpitik sorpresa gehiago dauzkat. Jaka urdin berezi bat eta abar…
Estetika ere landu beharra dago halako proiektu bat deigarri egiteko, ezta?
Bai, bai. Hasieratik gainera. Txekoslobako, reggaetoia eta euskaraz, buruak eztanda egiten dio edonori. Gutxienez El puertorriqueño izan banintz, akaso entzuleren bat eskuratzeko errazagoa izango zen!
‘Suabe’ kantuan maitasuna bere horretan ulertu behar dugun kantu bakarra da?
Maitasuna zerbait oso handia eta zabala da. Aurretik ‘Zenbat dira’ kantua sortu nuen eta bai maitasunari buruz ari dela hura ere, baina modu desberdin batean. Hemen norberak hautatzen duen bakardadeari egiten diot keinua, maitasun mota horri.
Hori ere errespetatzen jakin behar da, eta ez zaigu erraza egiten.
Bai, hori da. Eta mezua horregatik da zu bazarela zu eta zarenarekin nahikoa maitasun izan dezakezula.
Reggaetoi izerditu bat irudikatzen nuen nik, bi dantzan pega-pega eginda. Baina esan duzunarekin, pistaren erdian bakarrik perreatzen ari den hori ere irudika dezaket orain.
Bakarrik ere dantza daiteke eta bakarrik ere dantzatu behar da. Baina bizitzarekin e? Bizitzarekin bakarrik dantzatzen ere jakin behar da.
‘Poztasuna’ abestian batzuk zoriontasuna saltzen ari zaizkigula esaten duzu. Nortzu dira, ordea?
Etxe kaleratze baten istorioa da eta horren inguruan doa kantua. Errepika hortaz doa, poztasuna gure bizitzaren truke saltzen digutela, baina egunen batean ordaindu beharko dute hori ere.
Etorri beharko luke buelta horrek, ezta? Denok ari baikara egoera honetan dena lehertuko dela esanaz, baina ezer ere ez da lehertzen.
Horregatik halako mezuak sartzea ere garrantzitsua da, jendearen kontzientzian eragiteko modu bat delako musika. Eta halako mezua reggaetoian ematea ere garrantzitsua dela uste dut, bankuen kontrako reggaetoi abestirik ez baitut sekula entzun, ez behintzat euskaraz.
Diskoa ixten duen kantuan 80etako sintetizadoreen kutsua du baina elektrolatinoa da. Hemengo haizezko instrumentuek duten dirdira, sekulakoa da, benetan soinu latinoa du.
Bada kantu hau Manu Quiros madrildarrarena da. Hori bai, haizezko instrumentuak jo dituztenak batek daki nongoak diren! Zalantzan izan nintzen abesti hau albumean sartu edo ez erabakitzen, baina azkenean buelta asko eman eta barruan da.
Norberak bere esku duena egin behar duela diozu, besteen zain egon gabe. Diskoa ere gisa horretara atera dela esan dezakegu?
Bai, ateak irekitzeari buruz doa, norberak bere aukerak zabaltzeari buruz. Bakoitzak bere bidea zabaltzean, bestelako aukera batzuk sortzen direla ere aipatzen dut.
Diskoaren atzetik, hiru kantu berri kaleratu dituzu, baina Instagram bidez soilik.
Bai, kantu sorta handiagoa izateko zain nengoen Spotify eta bestelako plataformetara igotzeko, praktikotasun kontua da. Igo daitezke banaka edo multzoka, eta ekonomikoki ez dagoenez desberdintasun handiegirik, denak batera igo ditut.
Erabat zuk egin dituzu hauek, prozesua nolakoa izan da?
Aspalditik jolasten dut programa hauekin, baina familiak urtebetetzean MIDI bat oparitu zidan eta horrek asko erraztu dit sormen prozesua. Dena dela, buruhauste asko izan dut sormen honetan ere, noski.
Diskoa pendrive moduan eta zure webgunetik eskuratu daiteke. Bestelakorik izango da?
Kontzertuetan noski eskuratu ahal izango da eta orain Musikazuzeneaneko lagunekin nabil harremanetan, haien standean pendrivea jarri ahal izateko.
IIlusioz eta gogoz zaudela nabari zaizu Gorka. Benetan, plazera izan da hau guztia aurkeztea.
Mila esker zuei deitzeagatik!