IRRATIA

«Espero dut hau eleberritzar baten lehen kapitulua baino ez dela izango»

Bakarkako lehen proiektua kaleratu berritan da Gartxo Unsain Letona donostiarra. Ghau izena du eta ‘nora(ez)eroso’ diskoa da estreinakoa, pop-elektronikoaren bueltan sortutako sei kantu biltzen dituena. Luze eta zabal kontatu digu nondik eta nora doan proiektua MusikHaria saioan.

Bakarkako bidean Ghau proiektua sortu du Gartxot Unsain donostiarrak. (Iratxe ETXEANDIA)

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.


Izen abizenik esan gabe saiatuko naiz elkarrizketa hau eramaten, Ghau izena baitu zure azken proiektuak.

Ghau aldaera bat da, eta dagoeneko entzule finenek, lagunek eta abarrek ezagutuko zuten nor den honen atzean dagoena. Hortaz, akaso jolasa apurtuko dut.

Bada, aipatu duzunez… GArtxot Unsain dagoela honen atzean. Hitz jokoekin hasi zara bai Ghau izenarekin eta baita ‘nora(ez)eroso’ diskoaren tituluarekin ere.

Badakizu eta jendeak ere jakingo du dagoeneko eman dudan lata guztiarekin nire proiektu guztietan, hitz joko zalea naizela. Izenak berak, proiektua jaio zenean, 2018an, badu istorio bat atzetik. Garai hartan Kutxa Kultur bekaldia betetzen ari ginen Madeleinen ‘Su hura’ lana prestatzeko, eta horren gustura nintzen bertan, bada hurrengo urterako proiektu bat asmatu nuela momentu hartan Ekain Perezen laguntzarekin eta Jon Horna eta Oriol Flores ondoan genituela. Talde faltsu bezala aurkeztu ginen, asmoa lokal hartan beste urtebetez jarraitzea zelako, taldea eta proiektua garatzeko.

Bi abesti aurkeztu genituen eta beka eman ziguten, eta eskertuta nago Mikel eta Ainarak eman ziguten tratuagatik. Orduan hasi ginen lantzen disko honetan sartutako abestiak eta baita gehiago ere. Hasieratik jarri genion Ghau izena eta hor bazegoen gauaren aldaera hori, baina h bat jartzen nion ‘gau hau’ esan nahi nuelako eta baita ‘Gartxot hau’ ere, nire aldaera berri bat bazuelako, abestiak etxean eta nire talaiatik sortzen ari nintzelako lehenengoz. Eta diskoaren izena letra baten hitzetan zegoen eta asko gustatzen zitzaidanez eta transmititu nahi nuen hori laburbiltzen zuenez, izenburura eraman dut.

Abestietan sartu aurretik, grabaketak etxean eginda daude edo estudioren batera ere jo duzu?

Estudioan egon naiz, baina planteamendu eta elementuak etxean MIDI bidez, Logic programarekin eginda daude. Abestiak sortu, konposatu, prestatu, letrak egin… etxean dago eginda dago, kanturen baten kasuan Ekain Perezen lokalean ere egina dago, baina behin guztia nuela Gaztain estudiora jo nuen Eñaut Gaztañagarekin pistak irauli eta dena txukuntzeko. Bonboaren soinua landu, etxekoarekin gustura banintzen horrela utzi eta ahotsak berriz grabatu ditut eta hor Eñautek asko lagundu nau soinuari forma ematen. Baina 2018tik gaur arte landuta dago, iaz nire gelan urte oso emankorra izan zen. Gelan sortutako musika da, nahiz eta estudiotik pasa.

Normalean, kantuez hitz egiteko, ordena nik aukeratzen dut, gaurkoan ordea zure eskutan utziko dut. Zein kanturen inguruan hitz egin nahiko zenuke lehendabizi?

‘Kafe bila nabil’ aukeratzen dut, hasierako garaiarekin lotzen dudalako. Konposizio aldetik bitan banatzen ditudalako abestiak, lehenengo bekaldiko fase hura eta pandemia garaia, eta kantu honek denbora dezente du. Hasieran beste planteamendu bat zuen eta Ekain Perezek izugarri landu zuen. Esango nuke meritu handiena harena dela. Hitzetan, uhartearen eta isolamenduaren figurez gain, kafea motibazioaren metafora bezala erabiltzen dut. Askotan aipatu izan dut dudan adikzioaz, orain ere kafea hartzen nago, eta egunero ibiltzen naiz piztuko nauen kafeina salda horren bila. Baina aldi berean egunero nabil motibazio berrien bila eta proiektu indibidual hau bada horren adibidea.

Motibazioa izan daiteke talde dinamiketan izan dudan paper hori aldi baterako utzi eta norberaren lana balioestea, zein puntutaraino zeure kabuz gauzak aurrera eramateko zaren gai ikustea, eta iruditzen zait abiapuntu bezala esanguratsua dela abestia.

Zuk esan duzu abestian, «biztanle bat, uharte bat», eta horietako bakoitza kafe kikarakada bat bezala irudikatua izan da bideoan. Zuretzako kafea ez al da pertsonen arteko kohesio elementua? Kafeak ez al gaitu batzen?

Bada, izan daiteke. Akaso kontzienteki ez baina inkontzienteki helarazi dut mezu hori. Kafeari eta kafe inguruari beti hausnarketa eta elkarbanatzea lotzen diot. Kafeak badu poesia bat bere baitan eta nahiz eta kafeina izan, nik lasaitasunarekin lotzen dut. Kafeari berari diogun maitasuna ere hor dago.

Bideoan ikusten den hondarra, Donostiako hondartzaren batetik hartuta dago?

Aitak erosi zuen, idolo bat da eta zakukadaren bat erosi zuen. Pentsatu nuen gau batean txanoa jantzi eta zakukadaren bat edo beste betetzea, baina aitak esan zidan hori posible zela erostea, eta esan nion bada bi zakukada erosteko mesedez.

Bideoek garrantzia handia izan dute proiektu honetan. Zein puntutan erabaki zenuen guztia irudiekin jantzita aurkeztuko zenuela?

Bidean aldaketa asko egon dira, barruan ziren ideiena eta abar. Jon Horna eta biok hasieratik geneukan harrikada hau buruan, diziplina anitzeko zerbait egin nahi genuen. Musikaz harago zerbait adierazi nahi genuen, baina abestiek gordetzen zutena agertuz, eszenaratze desberdinekin, estetikoki landuta… Bekaldiaren baitan kontzertu txiki bat ere eman behar izan genuen eta gehiago zentratu ginen hura prestatzen beste guzti honetan baino. Hortaz, alderdi musikalari eman genion garrantzia, nahiz eta kontzertu hartan performance txiki bat egin genuen.

Baina etxeko bigarren fase horretan, maila indibidualeko lanketa horretan, estetikarekiko eta beste diziplinekiko dudan errespetu eta miresmenarekin, egiten nituen bertsioen bi zaleturekin egin nuen topo, Jaiotz eta Xabi, Osa eta Mujika osatzen duten bi gizaseme epikoekin. Beren ‘Loser’ obrarako bi kantu sortzeko eskatu zidaten eta oso ongi joan zen prozesu hori, asko ahaldundu ninduen kanpoko elementu batek nire musikan sinisteak. ‘OK edo KO’ kantua hortik sortu zen eta hasiera batean Jonek eta biok buruan geneukan hori guztia lantzeko aukera sortu zitzaidan eta Jaiotzekin eta Xabirekin neuzkan ideiekin mundu hau sortu dugu.

Gauza bat aipatu nahi dut, bestela ez delako akaso ulertuko. Jon Horna nire lagun mina hasieratik nire ondoan egon da, garrantzia gehiegirik eman ez genion proiektu elkarbanatu bat hasi genuen eta, gero, A edo Bgatik, musikak nire bizitzan hartu duen garrantzia eta egin dudan bidean proiektu honek akaso hartu du hasieran zuena baino maila pertsonalago bat nire baitan, Horna hor dagoelako nire ondoan eta kafea azkenekoz atzo hartu genuelako. Ez da haustura bat izan, naturala izan da, eta hasieran harrikada bat bezala hartu genuena, bihotza, izpiritua, mezua transmititzeko nahi hori, biok osatzen genuena, nik bizitzan lehen lerroan jarri nahi izan dut eta Horna hor beti izan da laguntzaile, aholkulari eta errespetatu du nire sentimenduaren eboluzio naturala. Hortaz, beti egon da, dago eta egongo da berak nahi duen posizio humanoan. Nik ez nekien 2022an proiektu pertsonal honek argia ikusiko zuenik, garapen bat izan du, hasieran gauza bat zen eta garapen bat izan du.

Bigarren kantua aukeratzeko unea.

Bigarren fase honetaz ari naizenez, ‘Noite’ aukeratuko dut, 0tik 10era nire gelan egindako kantutzarra. Abestu batzuk segidan ateratzen diren bezala, onartu behar dut kantu hau hilabete batzuetan ibili nuela bueltaka, birplanteatzen beat, elementu eta gainerakoak. Oso harro nago emaitzarekin, orain, entzuten dudanean, gogora etortzen baitzait lehendabiziko ideia hura eta nola eraikitzen joan naizen Lego txiki bat balitz bezala. Kariño berezia diot abesti honi. Nire baitan kantu honi ‘Barruk triste’ izena ematen diot, baina ‘Noite’ deitzen da Martxel Mariskalen ‘Me llamo Ezequiel y así será para siempre’ nobelako protagonistetako batengatik. Sekulan irakurri dudan eleberri ederrenetakoa da. Desioa proiektatzen duen emakume bat da eta gainera gaua ere esan nahi du. Desioaren inguruan eta nola kudeatzen dugun parean dugun pertsonaren arabera kontatu nahi izan dut.

Hor diozu «penen izen-abizenak PDF batean gordeta», hori zer da, hutsik sentitzearen ondorio bat?

Asko gustatzen zait eguneroko elementuen erabilera egitea gauza sakonagoak adierazteko, eta PDFa bada egunero erabiltzen dugun zerbait eta gorroto duguna «edit PDF» eta halakoak irakurtzean. Abestiak aipatzen duen hausnarketaren barruan, gustatzen zitzaidan bakoitzak barrura begiratu eta pena guztien zerrenda baten figura. Afektibitate pertsonalean oinarritutako kontuak dira.

Eta bideoko badminton partidarena noren burutazioa da?

Jaiotz eta Xabi izan dira munduari forma eman diotenak eta Alvaro eta Aitorrek asko lagundu didate, batez ere grabazio egunetan. Baina badmintonarena niri bururatu zitzaidala esango nuke, horren itxura du. Esan nuen gustatuko litzaidakeela larru-jotze osteko eszena bat irudikatzea, ezezaguna den edota PDFra sartzeko izendatuta dagoen pertsona edota egoera batekin. Parekoak duen sentsazio sorta hori adierazi nahi nuen, askotan ez delako behar den bezala lantzen halako egoera bat. Hortaz, gustatzen zitzaidan goizean, esnatzean, gertatzen den ego zaurgarri horien arteko badminton partida irudikatzea. Eta hortik aurrera hori nola egitea, gainerakoen eskutik joan da.

Bizpahiru kolore dira bideoetan gehien errepikatzen direnak eta hainbeste elementu topatzea kolore horietakoak, ez da lan batere erraza.

Niretzako liluragarria izan da, beti izan dudalako inkontzienteki beste obrek duten estetika miresteko nahi hori. Gero barrutik bizi eta ikustean zuk zure abestietan jartzen duzun maitasun eta ilusio hori, beste batek beste diziplina batera eramaten duela, ba ikusten duzu zer nolako lana dagoen logika horiek mantentzean. Asko ikasi dut eta gerora jabetu naiz haiek aipatutako gauzak benetan ikusten ditugula guk ere, nahiz eta ez izan kontzienteki.

Dena plano sekuentzian grabatu duzue, ez dakit mozketarik egin ote duzuen.

Bitan dago eginda. ‘Iada’ kantuan Inar nire ilobarekin eginda nituen hartualdietan mozketak eginda daude, ez genuelako erabat hartualdi perfekturik hartu plano sekuentzian eta borrokaren sentsazio hori gorenera eraman nahi izan dugu. Gainera berari asko gustatzen zaizkio halakoak. Eta ‘Biluzik’ kantuan ere jertsearekin efektua egiten dugu aurretik beste modu batean zeuden pertsonak tokiz eta janzkeraz alda zitezen. Zinemagintzako truko txiki bat. Baina hasieratik argi neukan plano sekuentzian egin nahi nuela, antzerkian izan dudan esperientzia labur baina betegarri eta eder horretan, antzerkiaren beraren indarra transmititu didalako eta hortik jo nahi izan dut. Maite ditut inputez eta efektuz betetako bideoklipak ere, baina proiektu honek behar zuen hain gertu sentitzen dudan antzerkiaren mundu hori eta plano sekuentzia organikoa-edo iruditu zitzaidan. Ikasi ditudan gauzen artean, Alvarok esandako esaldi batekin geratzen naiz: «Zuk lortu behar duzu kamerak galderarik eskaini ez dezan».

Oso gustura aritu nintzen era berean Jaiotzekin koreografia horiek prestatzen, erronka handia izan zen, fisikoa zein mentala. Guzti honetan bakarrik aritu naiz, lagunduta, noski, baina adibidez espazioaren kudeaketa, garbiketa, materiala lortzea, enegarren mesedea eskatzea hori eta besteari… Zintzoki esanda, egun horietan dena ondo ateratzearen presioa askoz ere handiagoa izan zen, kameraren aurrean jarri eta nire lana egitearena baino, hori banekielako ondo prestatuta nuela. Kuriositate moduan, bi egunetan grabatuta daude bideo guziak.

Esadazu zein den aukeratzen duzun hirugarren kantua.

‘Iada’ bera aukeratzen dut. Lehenengo etapa horretan kokatzen dut, gitarrarekin ideia melodiko dezente nituen eta hemen Ekain Perez handiak lagundu zidan forma ematen. Bere konposatzeko era nabaria da, ezagutzen duenak behintzat segituan hartuko dio tankera. Asko lagundu zidan armoniekin-eta, asko gustatzen zait bere ukitua izatea nire kantuek maila lirikoan eta transmititu naizen hori bikain musikatu delako. Denboraren inguruko hausnarketa bat da, zein puntutan utzi genuen ginen umea eta noiz bihurtu ginen ezer ezbaian jartzen ez duen heldua.

Umeak zaindu behar ditugunaren mezua jaso dut ikus-entzunezko honekin eta zer mundu uzten ari garen umeei pentsarazi dit, negar egiteko gogoa eta guzti sentituz.

Ulertzen zaitut. Saiatzen naiz ni negar egin ordez barne negar horiei abesti forma ematen, gainera, musikalki ahalik eta sonoritate positiboenean, baina bai, egia esanda inguruari begira ez dakit helduleku positibo askorik badagoen hurrengo belaunaldiei mundu gizatiarrago bat uzteko. Eta ni horrek asko penatzen nau, batez ere bideo, honen protagonista den nire iloba eta munduko pertsonaia faboritoaren bizitza nolakoa izango den kuestionatzen dudanean. Baina ez diot tragedia moduan heldu nahi afera horri eta ni bizi naiz ahalik eta modu positiboenean hartuz gauzak, hori transmititu nahian. Hausnartzen badugu, maite bagara eta parekoa maite badugu, nik uste mundu mailan ez dakit, baina eskala txikian bizileku hobea eraiki dezakegu. Eta hobe gure ataritik hastea parekoarena begiratu baino.

Eraginen artean Tame Impala, Parcels edota Daft Punk bezalako proiektuak etortzen dira burura.

Tame Impala nire talde kuttunenetakoa da, nire bakarkako ibilbidean nabaritzen da, baina akaso Madeleinen azken diskoan ere bai. Kuriosoa da Madeleine taldeko Jagoba Salvadorrek gomendatutako taldea dela. Beti aurpegiratzen dit. John Berkhouten garaian ere denok ginen zaleak, sonoritateaz gainera faltsetearen trataeran ere bai, Ekain gainera niretzako ispilua izan da kontu horretan, konfiantza hartzeko balio izan dit, ez baita batere erreza.

Daft Punk, berriz, Jesukristoren parekoa da, Parcels ere badago, eta komertzialagoetara joanda, The Weeknd, Drake, Frank Ocean edota Dua Lipa etorri daitezke baita ere burura, eta nola ez Bon Iver. Egunero ikusten dut azken hauen NPR bideoa duela lau urtetatik hona, hutsik egin gabe. Gizatasuna, elektronika eta makinarekin transmititze hori oso erronka polita iruditu izan zait beti, efektu saldarekin biluztasun hori lortzea oso zaila da eta gustatzen zait Bon Iverrek hori maisutasunez nola egiten duen. Hortik aparte, pandemia garaitik hona nahikoa sona izaten ari den Sen Senra galiziarra oso eragin zuzena izan da, batez ere ‘Biluzik, ‘OK edo KO’ eta ’Noite’ kantuetan. Orain oso modan dagoen musika urbano hori lortzen du, baina sentsibilitate oso otzan batean, ez da elementu uholde bat eta gutxirekin asko egiten du, eta ahots oso berezia du.

Hurrengo kanta lehen edo bigarren fasekoa aukeratuko duzu?

Bigarrenekoa, ‘Biluzik’, kaleratu den azkenekotako kantua, gelan zerotik sortutakoa. Iñigo Goñi lagunak lagundu zidan kafetxo batzuk hartuz bere iritzia ematen. Asko gustatzen zaidan abestia da, azalekotasunaren inguruko hausnarketa moduko bat, eta bideoan adierazi nahi izan dugu gizartearen estamentu batzuk gauzen azalekotasunera bideratzen gaituztela. Horren aurrean, nire aldarria da egunen batean adorea bilduko dugula barruko biluztasun horiei aurre egiteko. Eta, kuriositate soniko bezala, abesti honetako bonboa, tratatuta dagoen arren, nik ahoarekin egindako soinu bat da, Eñauten bost mila kapa magikotatik pasa ostean. Bihotz taupada irudikatu nahi izan dut.

Eta zu biluzten al zara erabat? Emozionalki diot.

Nik uste dut baietz. Sonikoaz harago, estilo batek definituko banindu hori izango litzateke. Edo hori sinistu nahi dut. Saiatzen naiz nire ardurak, nire ziurtasunak, hausnarketa prozesu batetik pasatzen, biluzten ditut eta ematen diet forma bat edota jantzi bat jartzen diet. Baina uste dut ezagutu nahi nauenak abestiak entzun besterik ez duela. Askotan pentsatu izan dut, «zer moduz zaude?» galdetzen didatenean, «bada entzun diskoa» erantzutearekin.

Horregatik nion kantuen ordenak zerikusia duela eta egun bakoitzaren arabera, ziurrenik, ordena batean edo bestean entzungo zenituzkeela abestiak, zure egoera emozionalaren arabera.

Bai, azkenean denok gara bide honetan sentimendu desberdinen sorta bat. Noraezeroso bat.

Hainbat pertsona aipatu ditugu, baina bideoen kredituetan, kantu denetan, Maiku, Mattin, Arantxa, aita eta ama agertzen dira.

Badira ardura espezifikoak izan dituzten pertsonak: jantziak, kamerak, errealizazioa… Baina badago aspektu humano bat teknikotik harago, babes psikologikotik hasita ogitartekoen bila joaten den pertsonaraino. Aitari hondarra ekartzeko, Maikuri jateko zerbait ekartzeko, Arantxari lokalaren kudeaketan laguntza eskatu diot… Teknikoa ez den beste jende sorta bat egon da honen guztiaren atzean, halako tamainako erronka bat aurrera eramateko babes psikologikoa eta praktikoa eman didatenak. Merezi zuten beren aipamena, eta uneoro egon zirenez bost horiek, bertan jarri ditut.

Aipatu dugun azken kantuan, ‘Biluzik’ abestian, aktore pila bat izan dituzu ondoan, baina atentzioa eman dit kamisetaren maukak biltzeko zure moduak. Marc Lendersen itxura hartu dizut.

Bada, kuriosoa da zerbait aipatu zidatelako arroparekin dudan ohituraren batengatik. Mundu guztiak modu batean egiten duen gauzetako bat nik desberdin egiten omen dut, ez dakit maukak biltzearena zen edota kamiseta janzteko moduagatik esan ote zidaten, edota galtzerdiak jartzeko moduagatik. Eta nik nire buruari esaten nion, «baina horrela egiten da ez?». Bada, grabazio aurretik ez nekien, baina, dirudienez, munduarekin alderatuta badaukat halako dislexia textil bat.

Bi kantu geratzen dira, hurrengoa zein?

’OK edo KO’.

Nik handitan Jaiotz Osaren flowa nahi dut.

Bada nik ere bai, animo Iker.

Bestela zuk duzun autentikotasuna izanda ere konformatzen naiz. Autentikotasuna diot, ez gaizki egiten duzulako dantza, ongi egiten baituzu, baina dantzari profesionalaren ondoan duzun grazia asko gustatu zait.

Serio jarrita, Jaiotzek dantzarako duen sortzeko gaitasuna eta gaitasun fisikoa sekulakoak dira. Dantza maite nuen lehendik, ama dantzan ibilia da, dantzarekin harremana izan dudala esango nuke, baina bat-batean bere gorputzarekin transmititzeko duen gaitasuna izateaz gainera sortzeko duen maila hori… Parean ikustean, «baina hau zer da?» esaten nion nire buruari. Bideoan garbi ikusten da. Abesti hau beren ‘Loser’ ikuskizunerako sortu nuen, baina diskoan sartzeko baimena eskatu nien eta gero azkenean crossover moduko bat egin dugu. Obrako estetika eta baliabide asko erabili direlako kantu honen bideoari forma emateko.

Dantzari hauek sekulako inbidia ematen didate, baina ez sanoa e? Ni saiatu naiz naturaltasunetik egiten gauzak, baina ez dut broma moduan hartu. Saiatu naiz erakutsi didaten hori nire lotsa ez guztiarekin eta nire gaitasunarekin egiten, eta Jaiotzek zoriondu ninduen. Baina bai, biok parean ikusita, nik uste dut mundu guztiak desberdinduko dituela nor den profesionala eta nor amateurra. Baina kontuz, oraindik akaso oraindik baten batek ez e? Inkesta egin beharko duzu.

Irabaztearen eta galtzearen arteko marra finaz hitz egiten du kantuak.

Hori da eta oso interesgarria da, obraren izena esan zidatelako ateratzen delako ‘Loser’ hitza kantuan ere. Lehen aipatu dizudan ‘Noite’ kantuarekin alderatuta, hau arratsalde batean egindako abestia da. Gogoratzen dut nola eskatu zidaten eta lau akordeen buklea sortu nuela arratsalde horretan bertan, gero melodiako lehen kolpea etorri zitzaidan. Armonizadorea hartu, elementuak sortu, letra egin eta Ekaini bidali nion, bera delako nire termometroetako bat. Normalean hartu eta gauzak aldatuko lituzkeela esaten dit, baina, oraingoan, bizitzan lehenengo aldiz, fresko-freskoa iruditu zitzaiola nahiz eta egitura ezohikoa duen eta horrela utzi genuen.

‘Ea nor naizen’ da geratzen zaigun bakarra, baina nik uste hau norberak ulertu beharreko kantua dela. Hortaz, galdera da, hau zuzenekoetara eramateko asmorik baduzu?

Noski baietz. Hau guztia zuzenekoetara eramateaz gainera, luzerako proiektu bezala ulertzen dut. Unean unekoari heldu eta kantuak egin, landu, horiekin mundu bat sortu, jendearekin elkarlanean aritu eta ‘nora(ez)eroso’ diskoaren tankerako hurrengo errenkada bat sortu. Bidea egin nahi dut maila artistikoan eta baita zuzenekoetan ere. Oholtza zalea naiz. Baina ezin dut erantzun garbi bat eman zuzeneko hori nola egin pentsatzen nabilelako. Musikariekin kontzertu antzeko bat egin edota dantza, elementu performatiko eta atrezzoekin jolastu zerbait indibidualagoa eginaz… Niretzako erronka bat izango den taularatze bat garatzen ari naiz nire baitan, baina ez daukat erantzun finkorik, bestela emango nizuke gustu handiz.

Proiektua berezia da niretzat. Maila tradizionalago batetan musika bandak oholtzan defendatzearen zera hori aseta dut, bizipen horiek atzo eta bihar edukiko ditut. Baina hain niregandik jaio den proiektu bat oholtzara eramateko, nahi diot eman beste buelta bat, edo bi edo hiru. Erronka izango den zerbait sortu, presarik gabe, baina nik uste dut aurten izan behar duela. Eta bide batez aurreratuko dizut bi-hiru urte hauetan landutako sei abesti hauez gainera, beste asko ere badaudela. Hau da, hamalau bat abesti ditut Ghaurekin estudioan grabatuta nire ordenagailuko mahaigainean, hortaz, aurten ere izango dira beste sorkuntzak, ez dakit bideoan edota hanburgesa moduan kaleratuko direnak. Espero dut hau eleberritzar baten lehen kapitulua baino ez dela izango.

Ghau.eus atarian daukagu diskoa eskuratzeko modua ezta? Ulertu dudanagatik, digitalean soilik kaleratuko da.

Hor ere fintzen eta ontzen nabil edizio fisiko bat, baina ez musikarena. Hortxe utziko dut. Nik diskoarekin desenkantu handia dut, ez daukat bat bera ere etxean. Ez nion zentzurik ikusten sei abestiko formatu fisikoan kaleratu eta kito egiteari, nahiz eta jakitun naizen erreminta garrantzitsua dela eta beharrezkoa askotan ekonomikoki militantzia moduan bada ere egindako inbertsioari buelta emateko. Aukera bat galtzen dut.

Baina jendeari egiten dudana doan eskaintzeaz gainera, beti emango diot aukera klik bat emanda 5 euro edota 3,70 Bandcamparen bitartez helarazi nahi dizkidanari. Eta dirurik emateko gogorik ez duenari edozer gauza esateko aukera ere utzi nahi izan diot webgunean horretarako propio dagoen atala sortuta. Bakoitzak ahal eta nahi duen tokitik lagundu dezala, eta laster etorriko da edizio fisiko hori.

Hor utzi duzu datu bat, Bandcampen kasuan artistak zenbat eramaten duen eta zenbat plataformak.

Bandcampen 5 euro ordaintzen dituenak 6,70€ ordaintzen ditu eta Bandcampen eta PayPalen komisioak kenduta, guri 3,70€ iristen zaizkigu.

Kasik hobe dela pribatutik idatzi eta Bizum bat eginda.

Noski, milioi bat sartu nahi didanak hor du nire instagram kontuan telefono zenbakia. Baina beno, tristea da eta deigarria izan daiteke eman dudan zenbaki hori, baina Bandcamp da halako plataformetan artista ongien zaintzen duena. Pentsa besteak nola diren!

Nik beste proposamen bat egingo dizut. Diskoa udan oso ongi sartuko denez gure belarrietatik, ‘OK edo KO’ bideoko ‘Loser’ bainujantziaren edizio mugatua egitea jostun batekin hitz eginda.

Izan daiteke merchandisingerako bidea. Egingo dugu bilera enpresarialen bat businessa martxan jartzeko.