Zuzenean

Iker Gurrutxaga
NAIZ Irratia. MusikHaria saioko gidaria
Elkarrizketa
Gartxot Unsain
Ghau proiektuko zuzendaria

«Batzuetan deserosoa da gure ume horretara itzultzea»

Abiada handian garatuz doan proiektua dela esango du askok Ghau, baina abestietan erakusten du aspalditik egosten ari diren kontuak ere badaudela tartean. Egiten duena sortu orduko kaleratzeko beharra sentitzen duela esan dezakegu ordea Gartxot Unsain Letona (Donostia, 1987) musikariak.

Audio_placeholder

«Batzuetan deserosoa da gure ume horretara itzultzea»

Loading player...
Barruan dugun umeari begira jartzeko gonbita egiten du Ghauk ‘Arin nira’ diskoan.
Barruan dugun umeari begira jartzeko gonbita egiten du Ghauk ‘Arin nira’ diskoan. (Andoni BERISTAIN)

Egun on, Gartxot.

Egun on, plazera da beste behin hemen egotea.

Egia da esan dudana, kantuak ateratzeko behar hori baduzu?

Esango nuke baietz, baina bai eta ez. Zure abiadura eta jendearen abiaduraren arteko diferentzia da hori erlatibizatzen duena. Ez naiz hain konpultsiboa, baina sortzen nabil eten gabe eta, diskoa atera berri dudan honetan ere, dagoeneko ari naiz kantuak sortzen. Talde batek baditu bere denborak eta logikak, baina ni horien guztien gainetik sortzaile eta komunikatzaile naiz eta horrela nabil.

‘Arin nira’ diziplina anitzeko pack oso bezala ulertu behar dela uste dut, liburua ere kaleratu baituzu izenburu berarekin.

Esango nuke Ghau badela nire espresatzeko gaitasunaren osotasun bat eta bizitzan behingoz heldu diot guztiari nik nahi dudan guztia askatasunez kontatzeko zera horri. Garapena izan du eta hasieratik nuen argi ez nuela kantuak ateratzeko zerbait soilik bezala ikusi, abesteko eta letrak idazteko neurtzaile inkontziente bezala ikusten dut hau, sormenaren plaza nagusi bezala, eta musika da bertako banku nagusia edo gehien erakartzen nauena, baina letragintzari eta ekoizpenari ere aukera eman nahi nien eta plazako beste bankuetan ere eseri nahi izan dut, mugarik gabe.

Zenbat murru jartzen dizkiegun sentimenduei…

Bai, ez diot beste inori egotzi nahi erru horri, baina parean ikusten dudan sentimendu bat gehiago da barruan dudana baino. Ez dakit etxean jaso dudan babesagatik den, bizitzen dudan bizitza pribilegiatuagatik den edo zer. Baina barruan ez dut taburik zorionez eta hori guztia partekatzean ez naiz txikiago sentitzen, handiago baizik. Inguru humano garrantzitsuak ere lagundu du horretan.

Aldaketa bat badago ‘Noraezeroso’ diskotik, udatiarragoa iruditu zait, akaso estetikak ere horretan laguntzen duelako.

Abesti bakoitza mundu bat bezala tratatzen dut eta ez dut talde batek akaso errespetatu behar izaten duen estetika edo estilo bat, nahiz eta hori ere anbiguoa den. Egia da denok estilo bat dugula, kantatzea maite dut eta nire erregistro gogokoenaren bila nabil, hortaz gauza guztien artean horretan ere banabil nahiz eta bidean esperimentu asko egin. Udatiarrago akaso erritmoetan izango da, lan asko eta denbora asko eskaini diot horri eta, orain, Portugalen izan ostean, hori ekoizle izatea omen dela esan didate, nahiz eta hitz lodikotea den niretzako. Orri txuria izan da Logicaren aurrean jartzea eta hor ibili naiz askatasun osoz. Hala ere, udatiarra akaso erritmo sarkor horietan izango da, baina 3:30 irauten duen kantu dantzagarri bat da niretzat udatiarra den kantua, balkoitik kanpora begiratzekoa eta ‘Murru bat’, adibidez, balkoitik barrura begira jartzeko kantua da.

‘Arin nira’ hitz jokoa nola sortzen da?

Inori eskatu gabe norberaren burura etortzen den zerak egoten dira eta energia hori errespetatzea gustatzen zait. Nire buruari palindromo bat ote zen galdezka hasi nintzen eta idazten ari nintzen gaiarekin lotua bazuen, badudalako halako sentsazio bat iraganari adikzio handia diodana. Hortaz, erantzunak beti iraganean bilatzen saiatzen naizenez, ‘Arin nira’ bizi dugun eta murruak sortzen dituen arin hori, arintasun hori, gure barrura joateko aplikatu beharko genuke, ni horretara, arin nira alegia. Izan ginen horretara bueltatzen jakitea, murruak berriz ere eraikiko direlako. Abestiak eduki aurretik kontzeptu zentral bezala jarri nuen. Baina fonetikaren estetika polit eta itsusiak badaude, hori ere gustatzen zait identifikatzea eta arin nira inkomodo samarra zen esateko, eta batzuetan deserosoa da gure ume horretara itzultzea ere, hortaz, lotura zuen guztiak.

Liburua eta diskoa paraleloan idazten joan zara? Diot ‘Murru bat’ kantuko etxeorratz eta izateak liburuan topatu ditudala uste dudalako.

Bada bai eta ez. Liburuak eta abestiek elkarbizitza egin dute eta ez nuke esango propio lotuta daudenik. Azken urtean unibertso bat garatu dut nire bueltan eta liburuak momentu puntual bat kontatzen du. Hortaz, batzuetan liburuaren aurreko Gartxot dago diskoan eta besteetan liburuan kontatzen dudan bizipenak eman didate abestiei eta sentimenduei forma emateko gasolina. Hortaz, gauza global bat bezala ikusten dut, aurretik aipatu dudan plaza hori. Baina intrinsekoki lotuta daude, denaren atzean buruhandi bera dagoelako.

Sena ibaia ere agertzen da ‘Su ta ke’ kantuan, drill moduko bat bada, nahiz eta errepika oso desberdina den.

Hor aipatuko nuke bide indibidual honetan, zorionez, animalia soziala naizela eta gertuko jende askorekin partekatu dudala. Feedback zuzena jasotzen dut edota jasotzen dut etxean Serrullarekin egindako jamming bat. Hortik ateratzen da abesti hau ere, Serrullarekin pasatako goiz bat dago hor, edota Usopopekoekin Larrunen egindako egonaldia entzuten dut melodian, Jagoba Salvador edota David Gorosperen ekarpenak ere badaude. Hamabi pertsona daude hau entzuten dudanean. ‘Murru bat’ kantuan, adibidez, piano depresibo batekin egin nuen proba edota Etzakit taldearen kantu baten itxura ere izan zuen, baina Alejo Orbegozo lagunak arratsalde batez egindako ekarpena ere badu. Hortaz, nire izatea du, nire sormena badu, baina lagun askoren ekarpena dago. Drilla, reggaetoia, Etzakit edo dena delakoa topatuko duzu, baina atzean ni nago dena lotzen duen alkate moduan.

Kea eta suaren ondoreneko errautsak edo kafearen hondarrak ditu nahiago Gartxotek?

Kafe hondarrak egunerokotasuneko errauts politenak dira akaso. Hemen suaren errautsez ari naiz eta sentimendu sakonen inguruan idazten dugunean jendeak uste du beti harreman sexual-afektiboetaz ari garela, askotan aipatu dut hori Odeirekin ere. Baina bizitzan sua eta kearen arteko desberdintasun hori gauza askotan aplika daiteke, izan harreman pertsonaletan edota gizarteko beste hainbat agenterekin dugunean ere. Senaren defentsa egiten dut hemen, norberari kasu egitearena, askotan zain egoteak ez nauelako eroso sentiarazten. «Nik dena eman nizun» hori ideal bati esaten diogun zerbait izan daiteke, adibidez. Irakurketa asko ditu kantu honek eta horregatik egin nahi nuen argipen hau, jendeak akaso bere beharretatik dena esparru pertsonalera edo harremanetara bideratzen duelako.

Ongi dago argipen hau zuk egitea, liburuan kontatzen dena kontuan izanda. Baina beno, Sena aipatzen da eta baita Rock en Seine jaialdia ere liburuan. Benetako istorioa da liburukoa?

Bai, bai. Gainera, Rock en Seinera joan aurretik egon nintzen Serrullarekin aipatu dudan jamming hori egiten. Bidaia horren aurretik, bitartean eta ondoren gertatutako bizipenak kontatzen ditut bertan.

Parcels aipatzen duzu, baina eskerrak aurten ez zoazen Rock en Seinera, Boygeniusekin topo egingo zenukeen-eta. Hondoa jotzeko modukoa izan zitekeen hori.

Zahurgarri zauden egoera batean halako festibal handi batetara joatea bada indartsua, nahiz eta asko lagundu zidan, txute bat delako kontzertu bat ikusi eta aho zabalik itzultzea etxera. Stromae ikusi osteko ordubetean, nire barruko obra hondakin guztia altxatzen zen behintzat. Zuk hainbeste lantzen duzun artearen erakustaldi ederra izaten da halako emanaldi bat, batzuetan ilunagoa eta bestetan argiagoa, bizitza bezala.

Stromae aipatu duzu, zuk ere haren azpiegitura izango bazenu…

Sekulakoa iruditzen zait. Zuzeneko bereizgarria du, apustua egiten du aldaketen alde eta hori da nik uste artista batek egin behar duen guztia.

Beno, distantziak salbatuz zure zuzenekoetan ere saiatzen zara halako zerbait eskaintzen.

Hemendik Belgikarainoko distantzia izan daiteke, baina bai, abestien garrantziaz gainera gero hori guztia zuzenean nola adierazi, bideoak zaindu eta identitate artistiko guztiei erreparatu eta zaintzeari garrantzia ematen diot. Hortaz, bada nire erreferente garbi bat, distantzia guztiak errespetatuz.

Euskal Herrian rap abeslarien arteko guda askorik ez da izaten, euskaraz gutxiago, baina Ødeirekin egingo al zenuke inprobisazio erronka bat?

Bai bai, bizizalea naizelako eta egoera polita izango litzatekeelako. Etxera pozik joango nintzateke, baina inprobisatzeko eta hitzak lotzeko Odei Barrosok duen gaitasun zerutiarraren kontziente, Stromaerekin dudan distantzia bezalaxe errespetatuz. Hitzen artisau onena da lur honetan eta horregatik bota nion abesti honetan parte hartzeko gonbita. Hilabete luzez nintzen honekin burrunban eta Ødeiren ‘Terapia’ obsesiboki entzuten ari nintzen. Antzerakoak garela uste dut, talaia beretik ari garela, bihotzetik, nahiz eta musika espresioa modu oso desberdinean jorratzen dugun.

Berak idatzi ditu hitzak, baina «bikote deituko diren bi bakardade» hori ere zuk idatzi zenezakeen.

Penak eta pozak oso unibertsalak dira eta mahai gainean jartzeko modua da desberdina. Aukera asko daude horren baitan, baina Odei eta biok gardentasunetik abiatzen gara. Gainera, esan zidan nahi nuen moduan aldatzeko letra, baina Messiri baloiarekin takadak erakusten jartzea bezala izango litzateke orain. Ez dago aldatzeko koma bat bera ere. Galdu egin genuen jokatu gabe abestian eta galtzaile sentitzearen inguruan egiten den gogoeta sekulakoa da, hori bai, irakurketa askorako ematen du kantuak. Entzuten dudan bakoitzean halako irribarre urdin bat ateratzen zait.

Nondik abiatzen da hau? Errepikatik?

Ez daukat egonkortutako modus operandirik abestientzako. Aurreko diskoko ‘OK edo KO’ lau akordeko segida bat da, buklean egiten hasi eta melodia azkarrean etorri zen, gero kongak jarri eta kitto. ‘Galduinun’ berriz hasierako esalditik sortzen da, kaletik nindoala fonetikoki asko gustatu zitzaidan eta hortik antolatzen hasi nintzen. Erritmo asko probatu nituen, ez zen lehenengoan etorri eta gero errepika edo hook hori behar zuen eta etorri zen. Hilabete askoz borrokatu nuen abesti honekin egun batez emaitza hau lortzeko. Batzuetan horrela da eta besteetan askoz ere azkarrago, naturalago, gertatzen da. Orain, Portugalen egon naizen lau egunetan, egonaldi bat egin dut eta dagoeneko Logicen nago lanean Ghaurentzako diren melodiak etorri zaizkidalako han.

Inspirazioak lanean harrapatzen zaitu hortaz?

Antinaturala eman dezake, baina gogorik ez dudanean ere jardunean nabil. Batzuetan horrela harrapatzen zaitu inspirazioak, baina pasiboki ere lana egin behar da besteetan. Abesti berriak entzun, sareetan dauden oinarriak arakatu… esponja moduan funtzionatzen dugu askotan eta, murruak murru, buruan sartzen dira halakoak. Hortaz, nire burua lanean jartzeko joera dut, ‘Galduinun’ bezelakoak etorri daitezen.

Abestiak bihotza izan behar duela diozu beti. Elektronikan zabiltza eta puri-purian dagoen gai bat atera nahi dut. Adimen artifizialaren laguna izango zara edo zer jarrera izango duzu horren aurrean?

Adimen artifizialaren aferak berandu harrapatu nau. Baina iraultza teknologiko asko egon dira eta ohitu gara. Lanpostu asko desagertuko direla dio jendeak, baina berriak ere sortuko dituela uste dut. Gizatasuna ere ezbaian jartzen duela egia da, Drake eta The Weeknden abestia atera den unean zabaldu da hau, baina norberak kontsumitzeko moduak ere hor zerikusia duela erakutsi du garbi. Adimen artifizialak sortutako abesti batek aldakak dantzan jarri eta pozik jarraitzeko bidea ematen badizu, ondo, baina halako bat ez da inoiz Parisen lau egun bizipenak jasoz ibiliko edo ez du jakingo Alejorekin dudan harremanaren berri edota ez du Odeiri diodan miresmenik izango. Baina betikoa da hau, berarekin bizi edota uko egin behar diogu? Gauza on eta txarren interpretazioa beti teknologiaren eskutan uzten dugu, baina sormenerako ate berri bat ere ireki dezake eta horrek zalantzak sortzen dizkit. Ez dakit artifizialago edo humanoago egingo duen honek guztiak sortzaileen lana.

Zure kasuan aldakak dantzan jartzeko aitzakiarik ez duzu emango; tropikaleo pixka bat badu ‘Txuri beltz’ kantuak.

Aurreko diskoa prest nuenerako kantua guztiz eginda edo ia eginda zegoen. Abesti asko sortzen dira, estudioan grabatzen dira, baina ez dira kaleratzen gero, prozesu baten barruan akaso ez duzulako sentitzen egokia denik. Aurreko diskotik kanpora zegoen, nahiz eta oso 2019 sentitzen dudan kantu hau. Zuzenean ari nintzen aurkezten eta ‘Arin nira’ diskoan tokia zuela uste dut. Elementu bereziak ditu eta esperimentazio horretan gauza oso bitxiekin egin dut topo.

Logic programan soinu  liburutegi zabala duzu?

Ojo, bada ez, nik ez dudalako ordenagailu indartsurik eta ez dudalako haientzat lekurik. Oinarrizko piano batekin konformatzen naiz ideia islatzen badu. Gero estudioan egiten dut lanketa sonikoa, etxean ez naiz soinuen bila hasten, horretarako Eñaut Gaztañagaren estudiora noa, abiada bizian topatzen duelako nahi dudan soinu hori. Ni, gauza bakoitza non egotea nahi dudan eta zer nahi dudan pentsatuz ibiltzen naiz, hortaz etxean lantzen dut zerbait baina ez dut burua hausten, elementu oinarrizkoekin konformatzen naiz.

Bada ez nuen berehalakoan esango, ‘Munduaren zai’ kantuko flauta eta perkusioak ere oso bereziak direlako. Zenbat perkusio mota erabili dituzu diskoan?

Bada ez dakit, baina interesgarria da. ‘Murru bat’ kantuan 808 errepikakor hori badago ere, ni isiltasunen zalea ere banaizelako ohiko bateria batetik ihes eginaz. Betiko kutxa, txaston, bonbo, klap, shaker… horietatik ihes egin eta poto bat eroriz, txiskero bat piztuz… soinu horietatik abiatutako perkusioak ere gogoko ditut. Hemen dinamikekin asko jolastu dut, baxua eta perkusioa ez dira elkar zapaltzen. Edota flauta berezi hori bere espazioan dago, atzekaldean akorde moduan jarri ordez. Asko maite izan dudan zerbait da prozesu hori.

Edizio fisikorik izango du honek?

Dakizunez ez naiz disko eta binilo zalea eta diru hori liburua kaleratzen eta Jone Tabernarekin egindako 50 kamisetako tirada batean erabili dut. Nire inbertsio txikia hortik etorri da, abestiak sarean daude eta militantziaz plastiko zati bat erosteari ez nion zentzurik ikusten.

Poster bat atera beharko duzu akaso portadekin.

Andoni Beristainen argazkiekin postal bat oparitu nuen, baina posterrak ez ditut maite, bihotzaren argazkiak gehiago maite ditut.

Kontzertuena nola dator?

Abiada eta gauzatze polita izaten ari da, baina ingurura begiratu eta nahi baino kontzertu gutxiago eskaintzen ari naiz. Maiatzaren 7an Saran izango naiz eta 13an Lemoan. Dantzari batekin profesionala den zerbait eskaintzen ari naiz eta akaso beste formatu batean aurkezteko kontuari ere ari naiz buelta bat ematen. Denontzako ez dago espazio bera eta borrokan ari naiz kalitatezko zerbait eskaintzeko dudanaren jakitun. Oholtza asko maite dut eta komunikatzea ere bai. DabaDabako betetasun hura erlatibizatzen saiatzen naiz. Hartara, bihotzetik eta bihotzera egindako musika nahi badu norbaitek, Ghauri deitu, majoa eta merkea naizelako.

‘Bidean’ kantua da azkena. Bideak zalantza gehiago sor ditzake akaso, baina zalantzarik ez abesten entzuten duguna Inar, zure iloba, dela.

Inar da bai, izate handiena.

Pianoa zuk jotakoa da?

Bada bi abesti baino ez ziren geratzen grabatzeko eta Garazi Esnaolari ideia bat pasa nion, melodia zaharrez osatuta zegoena. Inarrekin dueto bat egin nahi nuela esan nion eta maisuki grabatuta dago arratsalde batez Garaziren etxean pianoaren pista. Inarri, berriz, Aquarius baten trukean abesteko eskatu nion eta baietz esan zidan. Barruan dugun umearengana buelta egin behar dela aldarri egiten duen diskoa izanda, bada iloba bertan egoteak badu bere zeresana. Ez du produkzio handirik kantuak, baina naturaltasun osoa du eta bizi egin behar da hori ere eta Inar edota Garaziak ere behar ditugu bizitzan. Zeinen desberdin sortu diren disko bereko kantuak.

Bada Aquarium ondoko Aquarius gehiago egon daitezela.

Mila esker, Iker.

Jaurlaritza Logoa