IRRATIA

«Geroz eta gutxiago garen arren, rockaren aldeko apustua egiten duenik bada eta indartsu gaude»

 Hondartzako gitarra eta kantu saio batzuetan ereindako ametsak bost disko kaleratzeraino eraman ditu Dientes de Luna taldekoak. Oraingoan, gainera trilogia bati bukaera ematen dion ‘Medusa’ lanarekin datoz gernikarrak. Aimar Cid taldeko abeslaria izan da MusikHaria saioan diskoa aurkezten.

Soinuaren estetikaz gainera, oholtzara ateratzen direnekoa ere asko zaintzen du Dientes de Luna taldeak. (Ainhoa VÁZQUEZ/Ander GUERRERO)

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.


‘Medusa’ diskoaren kaleratzearekin, trilogia bat osatu du Dientes de Luna talde gernikarrak. Nahikoa buruhauste izaten dira disko bat osatzeko eta hauei, gainera, pandemia bat tokatu zitzaien tartean: «Musikari denen helburua izaten da disko bat kaleratzea, ‘Medusa’ gure bosgarrena da, guk ez ditugu 20 urte… eta hau trilogia baten bukaera da. Hasiera batean, hiru urtean egitea zen asmoa, 2018an etorri zen ‘Utopista’ eta 2019an ‘Atmosfera’. Disko hori kaleratzean argi geneukan segidan, 2020an, behar zuela hurrengoak. Tokatu dena tokatuta, denbora hori beste gauza batzuk egiteko baliatu dugu, diskoa hobetzeko edota bideoklipak sortzeko adibidez».

‘Medusa’ diskoaren izena izateaz gainera, kantua ere bada, diskoa ixten duena. Lo-Fi ukitua du, ulertzen zaila da akaso diskoaren eta taldeak duen estiloaren baitan, bonus-track moduan ulertu daiteke akaso. «Gure sustraia rocka da, gu sei gara eta bakoitzak rockaren adar bat entzuten du eta hori nabari da gure musikan. ‘Atmosfera’ diskoan instrumental indartsu batek ixten zuen diskoa eta ‘Atmosfera’ zuen izena. Oraingoan ere gauza bera egin dugu, baina ‘Medusa’ zuzenekoetara begira dago eginda eta tranpa txiki bat badu», aipatu digu Aimar Cid taldeko abeslariak. Gainerako taldekideak hauek dira: Unai Bilbao gitarra-jotzailea, Lander Egia baxu-jotzailea, Gorka Etxeberria gitarra-jotzailea, Joseba Mugartegi bateria-jotzailea eta Amaiur Zugaza abeslaria.

Minak aurpegi asko ditu
Beren herriari aipamen nabarmena egin diete ‘37’ abestian, Gernikan oraindik ere iltzatuta dagoen urtea baita 1937a. «Denok dakigu urte horretan Gernikan tamalez zer pasa zen eta gu  gure herria dena gara, eta minak hor jarraitzen du. Kanta aipatzerakoan esaten dugu, bagara izan zirelako eta bagara baginelako; eta izango dira izango garelako. Gure herrian 1937a horrela bizi da, bagarelako izan ginena, baina baita izan ez ginena ere». Kantua kaleratu zutenean, kolaborazio berezi bat izan zuten, Shinova taldeko Gabriel de la Rosa eta bideoklipean ere agertzen da. Aimarren ahots urratua eta De La Rosaren garbia elkartzea nolatan erabaki zuten esan digu Cidek: «Durangon ezagutu genuen, kontzertu batean, eta nahi genuen gurekin zerbait egin zezan. Zuria eta beltza dira bere eta nire ahotsak, eta Shinova taldeko abeslaria euskaraz abesten jartzea ere bazen guretzako halako nahi berezi bata, pozarren onartu zuen eta horrela egin genuen». Sintetizadorearen soinu apurtzaileak ditu kantuak sarreratik eta sortzen du halako ezinegon bat entzulearentzat. Cidek bat egiten du gogoetarekin: «Bideoklipean ere ikusten da itolarri hori, Astran dago grabatuta eta bunkerrak ere ikusten dira. Gernikarrak izanda, gu geu ere egoera horretan barneratuta sentitu behar ginen».

Minaz ari dira ‘Maldita’ abestian, diskoa irekitzen duenean. «Amorrutik ateratako mina du kantuak, «duele lento» esaten du ezintasun baten aurrean. Zure burua eta gorputza jaten doan horri buruz ari gara hizketan kantu horretan, eta bizitza pixka bat ere horrela da egunerokotasunean». Abestiaren zati batean «Se creía dios con sus chorradas» dio Dientes de Lunak, esaldi esanguratsua: «Bat askotan ez da konturatzen gauzez denbora batera hotzean pentsatzen jarri eta zertan ari zen jabetzen den arte. Merezi ez duen hori jainkotzen dugu gehiegitan. Eta amorru asko du abestiak, eta askok esaten dit «Vaya canción de amor». Kontuz, «amor» hori esaten badidazu, badakit zer gertatu zaizun zure bizitzan». Oinarri erritmiko interesgarria du abestiak eta horren inguran zera azaldu digu Cidek: «Tempoarekin asko jolastu dugu kantu honetan eta eskertzen da hori aipatzea, gutxi jabetzen direlako. Dientes de Luna beti izan da oso ‘gitarreroa’, baina kantu honetan presentzia berezia dute baxuak eta bateriak eta diskoan orokorrean oso landuta daude».

Rockaren gainbeheraz
Rock klasikoak ere izan du tarterik Dientes De Lunaren disko berrian eta rockero klasiko baten presentziaz ere gozatu dute ‘Marea’ abestirako. Bizkaitarrak izanik, Francis Diez izatea bidelagun berezia izaten da beti: «Ikono bat da guretzat Francis. Rocka hiltzen ari da eta elkarren artean lagundu behar garela uste dugu. Gure musika mota hau indartu nahi badugu, garrantzitsua iruditzen zait halako artisten kolaborazioak egotea. Baina ez gurekin soilik e? Baizik eta sare moduko batean. Bideoklipean egon da Francis, baina diskoan ez, diskoa gurea delako eta ez dugulako nahi besteek egindakoaz bizi. Rocka, bizitzeko modua da guretzat eta, aurretik ere, Kutxi Romero edota Zuriñe Hidalgo ere izan genituen bidelagun eta halakoek bultzada bat ematen dute beti. Nik uste belaunaldien artean lagundu beharra dagoela haria ez eteteko».

Gernikako rock eszena, ordea, ez da makala. Gatibu, Audience, Supercremalleras, Laukatu… Badira adibide ugari: «Iparragirre Rock elkarteak egiten duen funtzioa nabarmena da bide horretan eta hor gabiltza gu. Sare polita dago bertan eta halako toki batek kultura musikal bat jorratzen laguntzen du. Entsegua bukatzean, barran elkartzen gara askotan eta hor sortzen dira harreman ugari». ‘Marea’ kantuan korrontearen kontra doanaren ikuspegia jorratzen da eta rocka egitea akaso bada hori gaur egun: «Korrontearen kontra baino, kontran noa ni. Geroz eta txotxongilo gehiago daude gure munduan eta horien kontra noa gehiago korrontearen kontra ere banoala sentitzen dudan arren», dio Aimar Cidek.

Abestian, koro batzuk entzun daitezke eta horrek ere badu bere istorioa: «Gure jarraitzaileen artean sorpresa bat eman asmoz ginela eta ea nork hartu nahi zuen parte galdetu genuen sare sozialetan. Haietatik bederatzikk hartu zuten parte koroak egiten, guretzako ere esperientzia oso polita izan zen, guretzako gakoa baitira halako gauzak aurrera jarraitzeko. 2005ean hasi ginen, lagunak ‘Play’-arekin jolasten zuten bitartean freskagarri batzuk hartu eta hondartzan gitarra batekin amesten. Beranduago, 2012-13an hasi ginen pixka bat serioago eta 5 disko etorri dira, nork esango zigun guri!».

TAOM estudioan grabatutako trilogia
Trilogia osoa TAOM estudioan grabatu dute Jagoba Ormaetxearen eskutik, ez da erreza horrelako lan bati aurre egitea taldearentzat, baina ezta estudioan lanean dabilenarentzat ere. «Nabaritzen da trilogia bat dela baina diskotik diskora eboluzio bat dago. Guk hasieratik argi geneukan zer nahi genuen, baina Jagobari ahapeka esaten genion, pentsatu zezakeelako flipatzen ari ginela eta ez genuela aurrera aterako. Baina gauzatu da eta disko guztietan bera egon da ondoan, gainera. Diseinuak ere Martinek egin dizkigu trilogia guztian eta formula errepikatuz pozik geratu gara». ‘Dispárame’ kantuan nabaritu daiteke akaso gehien ekoizlearen eskua, geruza ugari dituen abestia delako: «Jagobarekin oso lasai egiten dugu lan, badakigulako zer soinu aterako digun. Berak badaki zer nahi dugun eta badakigu guk berak zer duen gogoko. Nik uste nahi dugun hori lortu dugula eta ez da erreza izaten disko bat kaleratzean denarekin oso gustura gaudela esatea. Bada hemen hori gertatu da eta singlea ateratzekoan sekulako eztabaida izan zen, bakoitzak kantu bat aukeratu genuelako. Hori bada zerbaiten adierazle».

Kontzertuak emateko asmoz badira ere, patxadaz hartuko dute gaia eta neguari begira jarri dira Dientes de Luna taldekoak. «Geroz eta gutxiago garen arren, rockaren aldeko apustua egiten duenik bada eta indartsu sentitzen gara. Lehenengo kontzertu garrantzitsua otsailean izango da Kafe Antzokian eta atzetik Iberiar Penintsulatik ere ibiliko gara. Hori bai, Bizkaian, Gipuzkoan, Gasteizen edota Iruñean ere izango gara. Gu ikustera bi mila etorri edota bi etorri dena emango dugu kontzertuetan, guk ere behar dugulako publikoaren berotasun hori». Durangoko Azokatik pasatzeko asmotan dira, «kañatxo batzuk hartzen» eta zaletuekin hizketan egoteko: «Duela bi urte izan ginen eta oso polita izan zen. Jendearekin hurbiltasuna izatea asko gustatzen zaigu eta ‘jaleotxo’ hori eta ‘kañeoa’ ere asko gustatzen zaizkigu», bukatu du Cidek.