Zuzenean

Iker Gurrutxaga
NAIZ Irratia. MusikHaria saioko gidaria

«Estudiora sartu aurretik kantuak ‘matxakatzeko’ aprobetxatu genuen itxialdi garaia»

Bergara eta Antzuolan sortutako taldea da Lemak, 2019tik hirukote moduan dabilen taldea. Garai arraroak pasa ostean, 2 urte beranduago, debuteko ‘Hegikide’ diskoarekin etorri dira MusikHaria saiora, 11 kantu dituen albuma.

Audio_placeholder

«Estudiora sartu aurretik kantuak ‘matxakatzeko’ aprobetxatu genuen itxialdi garaia»

Loading player...
Mendialdeko irudiekin osatu dituzte beren ikus-entzunekoak Lemak taldekoek. (Beñat BIZENTE|@srto.aloha)
Mendialdeko irudiekin osatu dituzte beren ikus-entzunekoak Lemak taldekoek. (Beñat BIZENTE|@srto.aloha)

Kosta omen zaie diskoa ateratzen, lan handia izan dutela esan dute, baina atera da ‘Hegikide’, Lemak taldearen estreinako lana. «Brainstorming gogorra izan genuen diskoari izena jartzerako garaian. Hegia Bergara inguruan erabili izan den hitza da, ortzi-mugaren sinonimoa dena, eta ikusi dugu duela 30 urte inguru erabiltzen zela eta gustatu zitzaigunez, hortik izena». Bergara eta Antzuola artean dagoen taldea da Lemak, Antxon Arregi Iturbe, bateria-jotzaileak; Beñat Larrañaga Bolinaga, baxu-jotzaileak eta Biken Larrañaga Moñux, gitarra-jotzaile eta abeslariak osatzen duten taldea.

Kantu biziak zein geldoagoak dituzte eta azkarrenek 90. hamarkadako punkera eramaten gaituzte: «Guk 23 eta 26 urte bitartean ditugu eta denetarik entzun dugu eta diskoak hori erakusten du. 90eko punk, rock eta grungea, 70. hamarkadako musika eta gaur egungo popa ere baditu diskoak». Orokorrean maitasun kontuak eta laguntasunaren inguruan idatzitako hitzak dituzte, sentimenduz josiak.

Iraganak gugan duen pisuaz ari direla dirudi ‘Azken amenetan’ abestian baina bestelako kontuak dira Biken Larrañagak esan digunez: «Iraganak baino, iraganeko belaunaldietan fedeak izan duen pisua izan da gai nagusia hemen. Erakutsi nahi izan dugu erlijio kontuek belaunaldi berrietan askoz ere gutxiago eragiten dutela».

Doinu freskoak
Gitarra freskoak entzuten dira ‘Hemen gaude’ kantuan eta baita beste batzuetan ere, distortsio handirik gabekoak: «Hasieran, maketak egin genituenean, askoz ere zikinagoa zen, distortsio gehiago zuten… Beranduago, Fredi Pelaezi bidali genizkion eta estudioko lanean argitasun hori edota pop ukitua eman diegu kantuei hari esker». Belaunaldi galdutzat ote duten beren burua galdetu diegu, abestian pixka bat horren inguruan ari direlako: «Depresio momentu batean idatzitako kantua da. Italian nintzen eta lagunak eta familia faltan botatzen nituen, eta dekadentzia une horretan idatzi nuen. Orduan ez nuen ikusten belaunaldi galdua ginenik, orain, panorama ikusita ordea, izan daiteke», dio Larrañagak.

Hasierako ideiatik bukaerako emaitzara aldaketa handia izan ote den ere jakin nahi izan dugu: «Lehen aldia zen estudioan eta ez geneukan argi nolakoa izango zen prozesua. Maketa batzuk egin genituen zer nahi genuen ikusteko, eta Fredik sekulako esperientzia du. Abestien estrukturak eta ukitu ez dituen arren, soinuan aldaketa nabarmena izan da», kontatu digu Arregik. Teklatu eta sintetizadoreak ere jo ditu Fredi Pelaezek, hor ere ikasketa prozesu bat egon da Lemak taldekoentzat: «Hasiera batean kosta zitzaigun soinu aldaketa horretara ohitzea. Kantu azkarretan ia ez du ezer ukitu, lasaiagoetan, berriz, nahi duena egiten utzi diogu eta pozik geratu gara».

‘Gezurrez’ kantuan herri zapalduaren ikuspegitik abestu dute Debagoienakoek: «Gure herriak urte askotan bizi izan duen egoera bat da, aspalditik gainera. Paralelismo bat egin dugu Kolonek egin zuen konkistarekin, engainu bidez nola garaitzen gaituzten esateko. Gaur egun ere gu lokartzen saiatzen ari dira, gainera».

Laguntasuna presente
Berriz ere lagun eta gertukoen beharraz ari dira ‘Kristalezko bihotz zauritua’ baladan: «Gure kantu kutuna da lehenengo aldiz jo dugun egunetik. Abesti guztiak momentu desberdinetan sortuak dira, eta hau bada berezia». Balada moduan atera zaie baina zuzenean «askoz ere ‘kañeroagoa’» dela kontatu digute Lemak taldekoek. Elkarrekin beste talde batzuetan kointziditu zuten arren, 2019an beren aurreko taldeak desegin eta elkartu ziren, «probatuz ibili ginen eta gaur arte». Taldearen izena ere beste brainstorming baten ondorioz sortu zen eta «era demokratikoan» aukeratu. Denetariko musika entzuten dute, momentuaren arabera, eta hori ere nabari da haien musikan.

Jet taldearen ‘Are you gonna be my girl’ kantua ekarri digu gogora ‘Lurralde grisa’ kantuak. «Diskoan baxua nabaritu daitekeen zati asko daude, disfrutatzeko une asko eta hau da bat». Letra ezkorra du, grisa: «Nik idatzi nituen kantuaren hitzak, baina batez ere aipatzekoa da elkartu eta 2 aste pasa zirenerako eginda genuela abestia. Taldearen batasuna abesti honekin eman zela esan daiteke». Taldea sortu eta gutxira banatze moduko bat bizi izan zuten, ordea, Antxon eta Bikenek kontatu digutenez: «Taldea sortu eta gero Erasmusera joan ginen bi eta hirugarrena Estatu Batuetara lanera. 2020ko martxoan itzuli ginen eta pandemiak harrapatu gintuen. Estudiora sartu aurretik kantuak ‘matxakatzeko’ aprobetxatu genuen, 10 kantu ziren guztira eta azken unean 11. abestia etorri zen, ‘Ni’. Frediri bertan parte hartzeko eskatu genion eta nahi zuena egiteko, esperimental samarra zelako. Mirenek egindako hitzak dira eta bakoitzak mundua ikusteko duen moduari buruz idatzita dago».

Abeslari andana
‘MM’ kantua single moduan etorri zen eta bertan Mikel Morenok hartu du parte: «Aspaldiko kantu bat da, 2017koa eta guk Miren eta Maitek egindako hitzei musika berria jarri genien. Hortik dator abestiaren izena, bien izenetik». Kautaren hasieratako kantua izan zitekeen baina badu Berri Txarraken azken urteetako soinua ere: «Bi taldeak ere oso gustukoak dira guretzako. Diskorako zentzua izango zuen kolaborazio bat nahi genuen eta, aurretik esperientziarik ez genuenez, uste genuen Mikel Moreno egokia izan zitekeela parte hartzeko. Berak egun kantu lasaiagoak egiten ditu baina grabatzen disfrutatu zuela iruditu zaigu».

Jende gehiago ere izan dute diskoan abesten, koroak egin baitituzte Alexek, Anek, Mariñek eta Urkik: «Lau lagun dira, eta haietatik batek kenduta, Alex Brigade Locoko gitarra jotzailea delako, estudioan egon gabeak ziren gainerakoak. Konfinamendu garaian jende askorekin elkarlanean bideo bat egin genuen eta han parte hartu zuten batzuei proposatu genien koroena; baietz esan ziguten. Nik uste detaile polita izan dela eta pozik daudela». ‘Gertu’ abestia da ahots horiek entzuteko adibide nabarmenena, denak elkarrekin abesten entzun daitezkeelako.

Datorren kontzertua abenduaren 11n emango dute, Bergarako Seminarixoan eta gainerakoak 2022tik aurrera etorriko direla espero dute. Bergara eta Antzuolako hainbat tabernatan eskuratu daiteke disko fisikoa kontzertuak iritsi bitartean, ez baitute beste modurik une honetan banaketa egiteko. ‘Gu’ kantuan aurkezten dute beren burua eta bertan diote «Bizitzak emandako aukeraz baliatu gara disko hau grabatzeko», ongi baliatu ere. Diskoa ‘matxakatuta’ eraman dute estudiora eta guk ere izango dugu denbora behar den moduan entzuteko kontzertu berriak iragarri bitartean.

Jaurlaritza Logoa