IRRATIA

«Hemen birus txiki honek erakutsi diguna da handikeriek tokirik ez dutela, zentzu zabalean»

Behe Nafarroako errealitateaz kantu intimoak sortzetik, barne prozesu bat kontatzera pasa da Thierry Biscary (Anhauze, 1976) musikaria ‘Muda’ diskoan. Diskoaz hitz egiteaz gainera, beste hainbat errealitatez ere aritu da musikaria, gertutik ezagutzen baititu kulturaren inguruko hainbat errealitate.

‘Muda‘ izeneko diskoarekin, bakarkao bideari buelta bat eman dio Thierry Biscaryk.

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.


‘Muda‘ izena du Thierry Biscary musikariaren azken lanak eta kontzeptu horren bueltan irekitzen du diskoa artistak. Kantuek argi eta garbi bizitzan eman den aldaketa baten inguruan hitz egiten dute, Manez eta kobreak izatetik bere izen propioan izatera pasatzearen ibilbideari buruz ari ote den galdetuta, ordea, guztiz horrela ez dela azaldu digu: «Barne prozesu baten inguruan ari naiz hizketan kantu horietan. Erabaki gogorrak hartu ditut azkenaldian: dibortziatu naiz, berriz ezkondu, Kalakan utzi… eta horren ondotik gauza onak etorri dira, zorionez. Hori kontatu nahi izan dut diskoan».

Sorkuntza prozesuan murgilduta zela, kantu hauek ez zituen Manez eta kobreak proiektuaren barruan ikusten. Baina orotara hamasei musikari bildu ditu disko hau aurrera ateratzeko eta kobreek ere beren tokia izan dute, jakina. Horrez gainera, idazle asko izan ditu inguruan. Uxue Alberdi, Jon Benito, Leire Bilbao, Itxaro Borda, Xabier Euzkitze eta Jon Maia. Xabier Euzkitzerekin aspalditik du harremana. Kalifornian familia du Biscaryk eta haiek bisitatzera joan izan da Euzkitze itsasoz bestalde bidaiatu duenetan. «Idazle ona ez naizenez, Xabierri azaldu nion banuela proiektu hau esku artean eta berarekin kantu bat egiteko gogoa nuela esan nion. Baiezkoa jaso eta gero, besteekin ere ausartu naiz gauza bera egitera eta horrela sortu dira elkarlan eder horiek guztiak», kontatu digu Biscaryk.

Baina bera letragilea ere bada eta dituen eraginak beste garai batekoak dira argi eta garbi, ‘Badakizuia Maritxu’ izeneko kantuan entzun daitekeen bezala. «Gereziondoaren loraldi bat baino ez zuela iraungo» harremanak dio kantuan Biscaryk eta, egiari zor, zinez ondo josten dira hitzak eta musika: «Ni mundu zahar batetik nator zentzu batean. Ingurukoekin ikasi dut abesten eta horien artean abesti zaharrak kantatzen genituen, Benito Lertxundik berak abestu dituenak, esaterako. Hortaz, halako mezu asko dago kantu horietan eta barneratuta ditut. Nik porrot asko izan ditut maitasun istorioetan eta hori badakite nire hurbilekoek eta Maritxu izenekorik ez badago ere, maitasun istorio horietan pilatu ditudan porrot denen batura da Maritxu. Urte asko pasa dira ezetz esaten ikasteko eta ikasi dudanean bilatu dut nahi nuena. Eta ezetz ikasten duzuenean, zerbait pasatzen da zure baitan eta askeago sentitzen zara», esan digu Biscaryk.

Maiaren hitzak dituen ‘Begizkoa’ kantuko istorioa ere benetakoa da. «Erresilientzian oinarritzen dira hainbat kantu eta hau zer esanik ez. Neska gazte bat bere bi haurrekin etxetik kanpora bizitzen egon zen gurasoekin izandako gorabeheren ondorioz. Hor gertatutako krudelkeriak jasotzen dira batetik, eta, bestetik, etxera itzultzean gurasoei gertatutakoaren larritasunaz jabetzen egindako ahaleginaren ondorioz sortzen den bakeaz ere hitz egiten da. Hau da, neska horrek drama bat gainditu du», aipatu digu musikariak. Kantu honetan, doinuek bortizkeria eta horren osteko bakea argi eta garbi adierazten dute: «Musika sortu zen lehenbizi eta gero istorio hori sortu zitzaidan. Horrela izaten da normalean, letragileari ideia eman eta hark idazten dit kantua. Doinuak egiten ditut eta metrika nahiko garbi uzten diet letragileei, gero atzetik hitzak jasotzeko», azaldu digu Biscaryk.

Jeremie Garat, taldekide eta ekoizle
Jeremie Garaten lana goraipatu du behin baino gehiagotan MusikHaria saioan emandako elkarrizketan. «Musika genero honetan ez gara gehiegi ibiltzen eta mundu zaharreko musika ere bada nolabait ere egin duguna. Jeremie Garat ekoizle eta teknikari moduan ibili da disko honetan. Normalean egiten dugunarekin alderatuz beste modu batera egin dugu. Hasiera batean ohiko moduan egin nahi nuen, musikariei deitu eta estudiora joan eta bertan eginaz guztia. Baina batzuk eta besteek denborarik ez eta Jeremiek baiezkoa eman zidan bere etxean egitekotan. Hala, zirriborroak izan behar zutenak kantu bilakatu ziren, lana bikoiztea ere ez zelako kontua. Baina ez dut berriz modu honetan lan egingo. Kantuak egin, geruza mordo batekin osatu eta atzetik kantuak soiltzen lan handia hartu dugu. Nahiago dut ideiak hutsetik hasi eta musikariekin ohiko moduan grabatzea», nabarmendu du Biscaryk.

Aurretik aipatu moduan, hamasei musikari batu ditu orotara disko honetarako Biscaryk. Kantu horietako baterako, ordea, musikari baten bila jo behar izan dute gitarra portugesa jo dezan. «Fado estiloan egin nahi izan nuen abestia eta mandolinarekin eta abar jantzi ostean, Jeremieri esan nion gitarra portugesak egon behar zuela. Hartara, kantu horretarako Facebook bidez gitarra portugesa jotzen zuen Diogo Mendesekin harremanetan jarri eta baiezkoa eman zidan. Azken urteetan jende askorekin egoteko suertea dut eta nire ekoiztetxearekin ere antzerako lanetan ibiltzen naizenez, pozik nago hainbeste musikarirekin lan egiteko aukera izateagatik», dio Biscaryk.

A capella ere, ahotsaren soiltasunaz baliatuta, abestu du Biscaryk, hori baita bere musikaren oinarrietako bat: «Zalantza izan dut abesti honetan nola abestu erabakitzeko; soiltasunean abestu edota musikaz lagunduta. Otoitz baten modukoa baita kantu hau. Ni eskuindar familia batean hezia izan naiz, giristinoak dira etxekoak eta ni akolito ere izan naiz. Gerora asko urrundu naizen arren, nire alde espirituala bizirik daukat eta egun batez hori idatzi nuen. Konturatu nintzen otoitz baten modukoa zela eta denbora bat pasa ostean titulatu nuen, ‘Xarma’ izenarekin. Buruan erraz irudikatzen nuen kantua, borobilean eta su baten bueltan abesten den kantua da», nabarmendu du Biscaryk.

Itxaro Bordaren hiru testurekin ere egin ditu hiru kantu eta kasualitatez segidan etorri dira diskoan. «Itxarorekin konfiantza asko dut eta mementoan artez idazten du. Hala, Itxarorekin egiten dudan lana behin eta berriz errepikatuko nuke. Susa argitaletxeko poesia asko irakurtzen dut eta barruan oihartzun egiten didatenak kantu bihurtzen ditut batzuetan», aipatu du musikariak. Hitz joko asko egiten ditu Itxaro Bordak bere letretan, esaterako, badu esaldi indartsu bat: «Ilunpeak memoria zuritzen du». Biscaryk horrela erantzun dio horri: «Itxaro zorrotza da eta maite dut bere idazteko manera». Gauzak horrela, diskoa erosten duenari askotan esaten dio denborarekin eta patxadaz entzun behar dela, hartzeko letrak irakurri eta diskoa gozo entzuteko beta.

Egoera ankerra
Zuzenekoen mundua barrutik primeran ezagutzen du Thierry Biscaryk. Kalapita produkzioak izeneko bulegoa martxan du eta egungo egoeraren zailtasuna alde guztietatik ezagutu du. Gustatzen zaio batetik bestera ibiltzea, musikaren inguruko lan berdinak ezagutuz, baina orain zalantza egoeran egon da eta kontzerturik ezak kezka areagotu dio: «Musikaren industriak globalki eztanda egin du eta Euskal Herrian eta euskaraz abesten dugunok ttantta txiki bat gara eta umilak izan behar dugu. Nire artistaren atala egunerokoaren zati bat da, ez dut hortik bakarrik jaten eta askatasun pixka bat ematen dit horrek, zorionez. Dena erori den honetan horrela izan da. Egun hasi eta buka lan guztia nire gain hartzen dut, baina ez dut esango gerora lanaren zati bat beste bati emango ez diodanik. Egun gazta saltzailea bezala nabil, hasi eta buka guztia nik lantzen dut», dio Biscaryk.

Anhauzekoa da sortzez, baina Euskal Herriko errealitate desberdinak nahikoa ongi ezagutzen ditu. Barrukaldetik kostaldera aldea bada, Iparretik Hegora are eta gehiago Biscaryren ustez eta berak gainera egunero bizi du hori ia-ia: «Azken hilabeteetan hainbat ikastetxetan nabil eta batzuetan musika tresnak eramaten ditut, mundu guztikoak. Alboka ateratzen dudanean, esaterako, gehienek ez dakite zer den. Nire buruari galdetzen diot orduan: «Hain dinosauroa al naiz?». Horri, gainera hizkuntzaren gaia ere gehitu behar zaio. Ni, zorionez, euskaraz bizi naiz %90ean, baina Donostian izan nintzen aurrekoan, eta kanpotik inork ez luke egon behar Donostian, zenbat erdara entzun nuen harrituta itzuli nintzen etxera. Eta hori iparraldetik natorrenik eta gurean hizkuntza ez denik hain ongi zaintzen. Dena dela Francoren garaian iparraldetik etorri zen halako berpizkunde bat eta egun ere akaso hizkuntzarekiko atxikimendua duenak beste era batera heltzen dio hizkuntzaren gaiari», egin du gogoeta Biscaryk.

Kulturaren egoera, ordea, ez da batere samurra izaten ari Iparraldean, dena geldik dago. «Hegoaldean, normala denez, bertako artistei eman zaie aukera. Maiatza aldean baditut saio batzuk eta oihartzun onak ditut horren bueltan. Antolatzailearen tokian jarrita ere ez da erraza gauzak aurrera ateratzea eta eskertzekoa da hegoaldean mantentzen saiatzen direla. Kontua da horrek gerora dena dekalatzen duela eta aukerak sortzea zailagoa dela. Hemen birus txiki honek erakutsi diguna da handikeriek tokirik ez dutela, baina zentzu zabalean. Atturri bazterrean ditugun kiwiak jan ordez Zeelanda Berrikoak ekartzeak zentzurik ez duela erakusten digu. Gauza bera musikariekin, bertakoa babestu behar da. Balio bat daukagu. Estatu Batuetatik datorrena dotorea da, ados, baina etxean ere sekulako musika kalitatea daukagu. Ez daukagu Madonnaren beharrik gure kalitatea zer nolakoa den erakusteko», aldarrikatu du Biscaryk.

Horrek etsigarria izan behar duela galdetuta, erantzuna argia izan da: «2011n Zamudion 30 pertsona genituen aurrean eta, urtebete beranduago, ezer aldatzeko betarik gabe, 700. Gu ez ginen aldatu, baina jendartean zerbait aldatu zen. Madonnak amets bat ekarri zigun zentzu batean eta ametsak eduki behar dira, jakina. Jendeak nola bizi zuen hori edota guk nola bizi izan dugun oso desberdina da, ordea. Horregatik, ezagutu dudana ezagututa, baimentzen naiz esateaz industria lehertu egin dela eta industriak txikiaren beharra duela. Ahal dela tarteko bitartekariak askotan sobera daude eta hor, askotan, guk egiten dugu kale. Gure diskoa nolakoa den azaltzeko aukera gutxi izaten dugu eta dugunetan ez dugu argi eta garbi hitz egiten. Adibidez, disko hau 20.000 euro kosta da, nik jarri dut diru hori. Manez eta kobreak proiektuaren diskoak saldu direlako eskuratutako dirua da, baina hor jarrita dago. Kopiarik ez banu egingo ere, 18.000 euro kostako zen. Musikariak, teknikariak, diseinatzaileak, letragileak… dena ordaintzen da hortik», azpimarratu du Biscaryk.

Gaztagilearen pare dabilela ere esan digu eta bertako produktuen alde hitz egin du behin baino gehiagotan: «15 eurotan nire borobil hori saltzen dut baina diruaz gainera, zenbat denbora, kilometro eta amets sartzen ditugun diskoan esan beharra dago. Eta bertakoa babestu. Gure lurrarekin eta gure gauzekin amestea garrantzitsua da. Tuterara joan haurrarekin eta bisita gidatua euskaraz egitea. Hori guztia ametsa da eta ez dago Mumbaira joan beharrik. Lehen konfinamenduan Arrasate inguruan izan nintzen eta askotan pentsatzen nuen zeinen ederra den Euskal Herria, eta egia da! Alegia, etxekoari balioa eman behar zaiola uste dut», nabarmendu du musikariak.

Diskoa momentu honetan denda txikietan uzten saiatzen da, «baina errealitatea da ez dela askorik saltzen dendetan. Kontzertuen ostean eta etxetik, sarean, saltzen da gehien eta modu horretara erosten du jendeak. Horrez gainera, plataforma digitalen bidez entzuteko modua ere badago. Guk haietan egoteko ordaindu egiten dugu eta bueltan ia ez da ezer jasotzen, hori horrela da. Hartara, nire mezua honakoa da: entzun eta elkarbanatu gure musika; barrurago sartu nahi duenak, erosi diskoa eta beste gauza gehiago eskuratuko ditu: irudiak, diseinua, diskoa bera eta kantuen itzulpenak», azaldu du Biscaryk. Kalapita produkzioak bere ekoiztetxearen webgunean eskuratu daiteke diskoa.

‘Bartetatik’ izeneko kantuan itxaropena dagoela kontatu digu barruan: «Atturri bazterrean bada Amikuze aldetik etorri eta izkirak modu berezian arrantzatzen dituen gizon bat, baina gaztea behar du teknika hori erakusteko gerora mantenduko bada. Hartara, esan beharra dago gazte asko laborantzara pasa dela Ipar Euskal Herrian eta neurri txikiagoko ekoizpenak egiten badituzte ere, zerotik hasi eta azken produkturaino guztia beren eskuekin egiten dabiltzala. Mementoko irauten dueino, benetan pozgarria da. Geroz eta euskaldunagoak dira haiek ere eta hein batean identifikatuta sentitzen naiz. Militantzia lan handia egin dute eta horrek itxaropena sortzen dit», bukatu du Biscaryk.