En direct
1971ko urriaren 31an, Txindoki magalean jo zuen Enarak taldeak azken kontzertua, aurreikuspen guztiak gainditu eta bost mila lagun elkartu ziren. Kontzertua ez zen oharkabeko pasa, «akelarretzat» eta «orgiatzat» hartu zuen Elizak. Lau urteko ibilbide labur eta emankorra izan zen, nahiz eta haien diskografiak ez duen gauza bera islatzen: hiru kantuko disko bakarra kaleratu zuten. Mendi erdi beranduago, azaroaren 12an estreinatuko da 'Enarak' dokumentala Bilboko Zinebi jaialdian, 'Bertoko begiradak' sailean. Beñat Iturriotz hernaniarraren lehen film luzea da, haren aita Juanjo Iturrioz izan zen Enarak taldeko frontmana.
1967an, diktadura frankista betean, askatasun egarri ziren seminarista batzuek sortu zuten Enarak. Pop, rock eta psikodelia estiloak jotzen zituzten, euskara hutsean. Alegia, bertsioak egiten zituen taldea zen Enarak. 60. hamarkadan AEBetan «hippyak tripiak hartzen zituzten bitartean» hemen, Euskal Herrian, «txuri-beltzeko errealitatea bizi zen». Horregatik, «Musika entzute hutsa, askatasuna zen» esan du Beñat Iturriozek NAIZ irratiko Bideokluba saioan. «Pailazo karneta behar zen musika jotzeko. Euskara debekatua zegoen eta ezin zen dantzatu», baina seminaristak izatearen abantailak ongi baliatu zituen taldeak: «Elizaren aterkipean zeuden, eta horri esker lortu zuten dena euskaraz abestea».
Ez Dok Amairu taldeko kide Benito Lertxundiren gitarrarekin jo zituzten lehen akordeak, hari erosi zioten gitarra elektrikoa: «Euskal abesti tradizionalak hartu eta beste estilo batekin moldatzen zituzten». Atzerriko talde arrakastatsuen bertsioak ere egiten zituzten: 'The Beatles' eta 'Rolling Stones' bandak bertsionatu zituzten euskaraz, eta progresibo sinfonikoan espezializatu ziren 'Moody Blues' edo 'Procol Harum' taldean bertsionatu zituzten. Erviti musika dendara jaisten ziren partitura bila, irratian aditzen zituzten atzeriko hitak, tarteka, diskoren bat heltzen zen haien eskutara.
'Enarak' dokumentala omenaldi bat ote den galdetuta, zuzendariak erantzun du ezetz, egiten diren gauza txikiak «balorean jartzeko» nahia izan duela: «Inurri lanari garrantzia eman nahi nion nik. Txikitasunetik, alez ale gehitzen diren pilatzeek asko ematen diote herrigintzari eta kulturgintzari».
Lehen pertsonan kontatzen du Iturriozek Enarak bandaren sorrera, ibilbidea eta heriotza. Bere off ahotsa bikain lagundua dago sormen handiko irudiekin eta eszenekin. «Baliabide ekonomiko gutxirekin egindako dokumentala da hau, nahiko autogestionatua. Beraz, ezer ez duzunean, nola kontatzen duzu? Ba, eskura dituzun gauzekin», dio Iturriozek. Erabili ditu ditugu collageak, disko azalak, itzal antzerkia, artxibo irudiak eta mota guztietako objektuak.
Azken faseko muntaia lana izan da denboran gehien luzatu dena, hor bidelagun izan du Maria Elorza ('A los libros y a las mujeres canto', 2022): «Astoak beti behar du azenarioa aurrera egiteko», dio barrez Iturriozek. «Gero eta gauza gehiago erabiltzen hasi, orduan gehiago baimendu dut nire burua hori egiteko. Azkenean, horrek guztiak estilo bat eman dio dokumentalari».
Dokumentalean taldekideen artxibo irudi aberatsa ikus daiteke, Enarak taldearena ez hainbeste. «Seminarioko apaiz edo irakasle bat argazkilaria zen, eta garaiko argazki asko topatu ditut», baina ez du zori bera izan taldearen artxiboarekin.
Azaroaren 12an, iluntzeko 20:00etan estreinatuko da 'Enarak' dokumentala. ZINEBI labur eta dokumental jaialdiaren 'Bertoko Begiradak' sailean estreinatuko da eta doako sarrera izanen da aforoa bete arte.
Diskoa eta kontzertua, Larraitzen
Enarak taldeak 1969an, hiru abestiz osaturiko disko bat grabatu zuen. 54 urte beranduago, 2023ko Maiatzaren 21an, berriz ere Larraitzen, beste kontzertu bat egin zen. Amorante, Rüdiger eta Liher taldeek Enarak-en hiru abestien bertsioak jo zituzten.
Disko hau ez da disko soil bat, ezta kontzertu arrunt bat ere. Exorzismo bat dela diote antolatzaileek. Enarak berpizteko erritual bat, pieza historiko berreskuratu bat edota taldearen arima kapsulatzen duen memoria kutxa bat.