En direct

Iker Gurrutxaga
NAIZ Irratia. MusikHaria saioko gidaria

Rockaren atmosfera desberdinetan murgildu gara Iker Bárbararen eskutik

Aste honetako proposamenen artean proiektu berriak, ez hain berriak eta klasikoak ekarri dizkigu Zarata Mondo Sonoro aldizkariko zuzendariak. Batetik bestera ibili gara rockaren bueltan sortutako lau abesti berrirekin.

Audio_placeholder

Rockaren atmosfera desberdinetan murgildu gara Iker Bárbararen eskutik

Loading player...
Ibai Gogortza, Harat proiektuaren sustatzailea, Bilboko Kafe Antzokian 2019an.
Ibai Gogortza, Harat proiektuaren sustatzailea, Bilboko Kafe Antzokian 2019an. (Dena FLOWS)

Harat - Jostailuak

«Ibai Gogortza talde izugarrietatik ezagutzen dugun musikaria da: Borrokan, JIEL, MICE, Joseba B. Lenoir… Eta, orain, bere proiektua aurkeztu du, Harat. Denbora tarte bat zuela eta inprobisaziotik abiatutako kantuak sortu dituela kontatu du Gogortzak, hortik garatu dituela abesti eta ideiak. Iñigo Irazokiren Berako Atala estudioan grabatu dituzte abestiak, analogikoan. Esan behar da, musikari hauekin gertatzen dena bitxia dela, urte asko mila proiektutan pasa, eta, bat-batean, bere kantu propioak sortzen dituzte. Diskoa kalean da, baina ez dago sare sozialetan, hain justu kontsumitzeko modu horri egin diolako kritika moduko bat Harat proiektuak», kontatu digu Bárbarak.

NIZE - Ize

Bagenekien NIZEren lan berria bidean zela, Urtzi Izak kontatu zigulako Otoi aurkeztu zigunean. «Esan behar da ‘Zu lo han’ izeneko EPa kaleratu duela dagoeneko NIZE hirukoteak. Nabaritzen da lan berriarekin taldea nora doan, hasi zirenetik 5 urte pasa direlako eta aurreko lan zikinen ostean soinu garbiago batekin datozelako oraingoan. Hauek entzutean Belako, Lukiek edota halako taldeak etortzen zaizkigu burura, Mungia aldeko soinu propioa sortzen ari dira», aipatu digu kazetari bilbotarrak.

Kokein ft. Kiliki Frexko - Ispiluari begiratzean

Ez dakigu disko berria etorriko den edota single soil bat den, baina Kokein taldeak kantu berria kaleratu du: «2019an bi abestiko EP bat kaleratu zuen Kokein taldeak eta aurreko diskoa lauzpabost urte lehenago etorri zen. Lasai doaz, presarik gabe, hortaz, ez dakigu single bat edota disko berri bat etorriko den. Kontua da ibilbide luzeko rock klasikoko talde bat eta Chill Mafiako Kiliki Frexko elkartu direla abesti hau osatzeko, eta benetan dotore geratu zaie kantua. Hit bat da».

Head holes - Paul (The alien I mantained interesting conversations with while I was a high as a kite)

Bukatzeko, talde gazte bat ekarri digu Iker Bárbarak, Head holes: «Bilboko eszena tradizionala pozik dago talde honen loratzearekin. Eraginen artean rock melodikoaren atal guztiak aipatzen dituzte: Green Day, No Use For A Name, My Chemical Romance, White Stripes… eta halako pila bat. Diskoa elkarrekin joz grabatu dute, Martin Capsularen Silver estudioetan. Bigarren diskoa da bi urtetan eta itxura oso ona hartu du proiektuak, eta hasieratik horrela izaten denean, etorkizunean ere hala izaten da».

Jaurlaritza Logoa