Zuzenean

Elkarrizketa
Intza Arakistain
Nize taldeko bateria-jotzailea

«Euskaldunak gara, bertakoak gara, eta kantuak euskaraz izatea garrantzitsua da guretzat»

Andrea Plaza, Niko Bortolini eta Intza Arakistain dira Bilboko Nize taldea osatzen dutenak. ‘Ezin’ izeneko diskoarekin debutatu zuten 2020an eta iaz, 2022ko irailean, kaleratutako ‘Zu lo han’ diskoa aurkezten dabiltza orain. Bateria-jotzailea, Intza Arakistain azkoitiarra, izan da MusikHarian.

Audio_placeholder

«Euskaldunak gara, bertakoak gara, eta kantuak euskaraz izatea garrantzitsua da guretzat»

Loading player...
Arte ederretako fakultatean sortu zen Nize taldea eta artearen esparruko diziplina desberdinetan aritzen dira taldekideak.
Arte ederretako fakultatean sortu zen Nize taldea eta artearen esparruko diziplina desberdinetan aritzen dira taldekideak. (Maria MURIEDAS)

Egun on, Intza.

Egun on, zer moduz?

Ondo eta zu?

Ondo baita, bai.

‘Ezin’ kaleratu eta gutxira grabatu duzue ‘Zu lo han’ disko berria nahiz eta beranduago kaleratu den. 

Diskoa irailean kaleratu genuen eta kontzertu dezente eman ditugu lan berriarekin, baina dagoeneko ari gara pentsatzen kontu berrietan. ‘Ezin’ 2020an kaleratu genuen eta BBK soinu berriak sariketa irabazi genuen gero. Sari moduan El Tigre estudioan lau kantu grabatzeko aukera eman ziguten eta, kantuak eginda genituenez, ahalik eta lasterren grabatu behar genituen, 2021a bukatu aurretik. Horregatik etorri da beranduago diskoaren kaleratzea.

Zuen denbora hartu duzue horretarako.

Nikok egin ditu diskoaren diseinuak, nik egindako marrazki batzuetatik abiatuta. Bideoklipak ere egin nahi genituen gainera, eta ‘Metal‘ eta ‘IZE’ kantuen bideoklipak egin genituen. Hala, bigarrena Andreak egindakoa da.

Talde multidiziplinarra zarete, beraz.

Bai, arte ederretatik gatoz denak.

Taldea nola sortzen da?

Bada ni azkoitiarra naiz, Andrea donostiarra eta Niko Artzentaleskoa. Unibertsitatean ezagutu genuen elkar eta pixkanaka hasi ginen gauzak egiten. Ni Erasmus programaren baitan kanpoan izan nintzen eta beraiek hasi ziren elkartzen lehendabizi, baina itzultzean elkartuko ginela hitz eginda geneukan. Inolako asmorik eta intentziorik gabe hasi ginen lanean.

‘Metal’ kantuak irekitzen du diskoa. Post-punkaren bueltan koka daiteke hau?

Musika horren bueltan gabiltza, post-punk eta rock alternatibo asko kontsumitu dugulako hirurok eta musika sortzerakoan hortik etortzea logikoa da.

Izenburua nondik dator?

Bada Drop D afinazioan sortutako kantua da eta nahikoa metal ukitu duela uste genuenez eman genion izen hori, gorputz asko duen kantua delako. Ez du hainbeste pedal eta distortsio, berez nahikoa metalero entzuten da, efektuaren beharrik gabe. Kantuen izenak batzuetan horrela etortzen dira eta batzuetan mantendu egiten dira, beste batzuetan gehiago lantzen baditugu ere.

Esaldi batean diozuenari jarraika, gezurrak bukatu dira edo denak agerian geratu?

Berri Txarrak entzunaz topera zegoen Andrea une hartan eta horrek eraginda edo izango zen guztia. Nik ez dakit zehazki zer nahi zuen transmititu, mezu orokorrago bat jaso dut eta bakoitzak bere moduan ulertzeko bidea ematen du.

Bideoa Maria Muriedas eta Ximon Agirrerekin egin duzue.

Bai eta erropa Jaleoren, Mikelen, eskutik etorri da eta nolako poseak egin eta abar laguntzen ere ibili da, ederra izan da hiru pertsona hauekin elkarlanean aritzea.

Efektuen eta halakoen zaleak zarete, ezta?

Bai bai, dudarik gabe bai.

Talde berri bezala agertzen zarete orain, baina musikan bakoitzak bere aldetik ibilbidea egina duzue aurretik?

Niko beste hainbat taldetan dezente ibilitakoa da eta nik ere Nizeren aurretik beste talde batean jotzen nuen, akaso ez proiektu honetan bezain serio. Andrearen kasuan, berriz, esango dugu hau dela lehen talde-taldea.

Autodidaktak izan zarete edota musika ikasketak-eta egin dituzue?

Orain elkartu gara, baina bakoitza bere aldetik asko ibilia da. Bakoitzak bere jotzeko moduak eraikita zituen eta orain elkarrekin lanean jotzeko modu berriak ere ikasten ari gara. Denok ere eskola batzuk eta hartutakoak gara, baina instrumentua jotzen nondik hasi ikusteko, gero hortik aurrera lan asko egin dugu modu autodidaktan ikasiz.

Bigarren kantuaren izenburuak ere atentzioa ematen du, ‘The Miu’. Grunge mundura eta eramaten nauena. Nondik dator guztia?

Nik grunge dezente entzun dut eta kontzienteki erabakitzen ez bada ere, entzuten dugun horretatik abiatuta sortzen dira melodia asko. Kantu honek, horregatik, akaso grunge ukitu bat badu, nahiz eta poperoagoa den, letra gehiago dituelako eta abar. Kantuaren titulua berriz, berriena zelako jarritakoa da. Hau da, diskorako sortutakoen artean «the new» zen eta hortik eraldatuta geratu zen ‘The Miu’. ‘Zuloan’ da, berriz, hitzekin jolasean gabiltzan izenburua, hori bai dagoela pentsatuta.

Kontua da ‘The Miu’-n badirudiela dagoeneko zuloan sartuta dagoela pertsonaia.

Bada galdera interesgarria da eta ez nuen sekula horretan pentsatu eta ez dakit Andreak istorio bat sortu duen edo ez. Baina hitzekin eta jolas asko egitea gustatzen zaio eta akaso izan daiteke baietz.

‘Pegada’ handia duzu baterian hemen.

Bai, akaso taldean bateratuago-edo goaz, poperoagoa, ohikoagoa dela esan dezakegu. Letra asko landuta dagoen abestia da, ingelesez egin genuen hasieran eta ez zuen funtzionatzen, eta presaka bada ere, egin genuen letra berria eta pozik geratu gara.

‘Ize’ bai, ordea, ingelesez dagoela.

Bai, lehen diskoan bat eta bigarrenean beste bat dago ingelesez, biak ere nik idatziak. Musika gehiena ingelesez entzun dugu eta barruak hala aginduta idatzita daude. Baina euskaldunak gara, bertakoak gara, eta kantuak euskaraz izatea garrantzitsua da guretzat, eta hemendik aurrera eraikiko dugunean kontuan izan behar dugun zerbait da hori ere. Hasieran, ordea, errezago zelako-edo egiten genituen hitzak ingelesez.

Post-rockaren erritmo eta atmosferak ditu erabat.

Andreak eta biok etxean sortu genuen abestia da, konfinamenduan, gitarrarekin eta ahotsarekin eta kitto. Hortaz, abestia lasaiagoa da, intimoagoa-edo.

Zenbat pedal erabiltzen ditu Andreak?

Ba oraintxe beste batzuk hartu ditu eta bost gutxienez bai. Eta Nikok askoz ere gehiago, asko maite dute mundu hori.

Zu sinpleagoa zara alde horretatik?

El Tigren esan zidan Jon Aguirrezabalak primitiboagoa nintzela jotzerakoan, instintuak gehiago gidatzen nauela beste ezerk baino ere. Hala ere guk, bateria-jotzaileok, baditugu gure maniak, ez pentsa.

Lokalean zenbat denbora pasa dezakezue kantu baten soinu bilaketan?

Bada batzuetan segituan ateratzen da eta beste batzuetan mila milioi aldiz grabatuta ere ez dugu nahi dugun bezala ixten abestia. Orain, sortzen gabiltzan honetan, audio pila bat ditugu. Batzuetan, inprobisazio batzuk oso onak dira eta horrela geratzen dira betirako, eta, beste batzuetan, zati batzuk asko gustatzen zaizkigu baina ez dute funtzionatzen orokortasunean. Hor gabiltza lanean.

Urtzi Izarekin izan zineten lehen eta Jon Aguirrezabalagarekin orain. Biak musikariak eta ekoizleak dira teknikari izateaz gainera. Eskua sartzen uzten diezue zuen kantuetan?

Gu gomendatzen uzten gara, noski. Ez daukagu ideia super zehatzik, baina kantua entzutean bai esaten dugula zerbait. Urtzik batez ere, proposamen asko egiten zizkigun eta guk berari ere egiten genizkion eta oso dibertigarria izan zen guztia, asko ikasi genuen.

Bukaerarako utzi dut ‘Zu lo han’. Ametsetan gara benetan aske? Errealitatean jendeaz ezin gara benetan fido?

Ez dakit letrak sortzerakoan errealitatean ikusten duenetik edota subkontzietetik sortzen ote dituen hitzak Andreak. Hori bai, ez dakit askeago non ote garen eta zeinetaz fidatu pentsatzen jarrita ere… ez dakit erantzuten. Zer pentsatua ematen du abestiak.

Kantatzeko modu berezia ere baduzue, ikasi egin duzue hori horrela izan dadin? Bilatua izan da?

Melodia bat sortzen da eta gero horren arabera goaz eraikitzen letra eta esan beharrekoa. Ez du letra askorik, baina kantatzeko modua asko landuta dago, non eta zer esan argi izateko.

Soinu aldetik gauza asko ditu. Baxuaren fuzza, kantatzeko modu berezi hori, 3. minutuan argitasuna baina zaratekin eta azken 30 segunduetako leherketa.

Hau bai ez dela tiro baten moduan irten, nahikoa gatazkatsua izan da. Bateria-jotzaile naizen aldetik, orain arte egin dudan kanturik arraroena da, zati desberdin asko dituelako. Baina ederra da lerro bera mantenduz zenbat aldaketa egiteko gai izan garen ikustea. Sonic Youthen abesti bat izan genuen buruan, oso instrumentala eta luzea dena, burbuila batean sartzen zaitu eta halako zerbait nahi nuen eraiki nik behintzat.

Zuzeneko batzuk eman dituzue, baina orain gehiago badira?

Martxoan pare bat baditugu. Martxoaren 11n, Larrabetzun izan ginen eta martxoaren 31n Villabonan izango gara. Horrez gainera, Campos Eliseos antzokian ere jaialdi baten aurkezpenean pare bat kantu jotzera gonbidatu gaituzte. Gero, ekainaren 10ean Andoaingo 15. rock jaialdian ere izango gara. Motibatzen gaituzten saioak dira denak ere.

‘Beste bat’ saioen parte ere izan zarete.

Interesgarria izan da saioaren grabaketa, bakoitzak zer entzuten duen ikusteko. Askotan ez dakigu unean zer entzuten ari den bakoitza eta elkarbanatzea polita izan da. Ea emaitza gogoko duzuen.

Azkena, diskoa nola eskuratu daiteke?

Atico Stereroren instagramean bada esteka bat eta bestela guri idatzi pertsonalki eta geratuko gara Bilbon diskoa emateko.

Jaurlaritza Logoa