Zuzenean

Ipar Euskal Herritik datozen hiru musika proposamen ‘Zarata’ tartean

Aste honetan ekarri digun musikak badu udazken girotik, doinu ilunagoak eta pausatuagoak aukeratu dituelako Iker Bárbarak: «Nik ez dut gehiegi pentsatzen horretan, nahikoa eklektikoa naiz eta denetariko musika ekartzen dut. Baina doinu lasaiago eta leunagoak dira akaso aukeratu ditudanak».

Audio_placeholder

Ipar Euskal Herritik datozen hiru musika proposamen ‘Zarata’ tartean

Loading player...

Orbel - Irentsi

Aurreko diskoa atera zutenean bagenekien dagoeneko musika berria bazutela. «Bigarren diskoa azaroaren 4an kaleratuko du talde baionarrak eta bigarren aurrerapen kantua kaleratu dutenean, Instagramek zentsura jarri die», aipatu du Bárbarak. Bideo artistikoa da, taldekideak agertzen dira gerritik gora biluzik, baina ezer arrarorik gabe. Usopop eta Medication Time Records zigiluen azpian aterako dute disko berria. Godspeed You! Black Emperor taldearen eragina du Orbel taldeak, eta, asteazkenean, urriaren 12an, Santana 27 aretoan, kontzertua emango kultuzko talde honek».

Dual Split - At least

«Duela bost urte-edo kaleratu zuten beren aurreko lana Dual Split taldekoek. Aste batzuk dira Zaratan bideoklip eta abesti berrienaatera genituenetik; sorpresa polita izan zen bueltan direla ikustea. Iparraldean bizi diren arren, eta, Ibar familia guztia Euskal Herrian duten arren, jaiotzez estatubatuarrak dira Baptiste eta Maia anai-arrebak. Kulturalki duten lotura eta beren arteko lotura agerikoa da proiektuaren izaeran, oso berezia eta gomendagarri. Bideoklipa oso artistikoa da eta emaitza txukun eta dotorea geratu zaie. Forbidden Coloursen zigilupean dator hau ere eta ekoizle lanetan Johaness Buff ibili da» kontatu digu Iker Bárbarak.

Willis Drummond - Bidasoa

Disko pausatua kaleratuko dutela iragarri zuen aurreko astean Willis Drummond talde lapurtarrak: «Beren rock fin eta sentikorrarekin dator kanturik berriena. Arctic Monkeys taldearekin gertatu zena gogoratzen dit. Talde hark egurra zuen eta segidan goraino iritsi ziren, baina Turnerrek, abeslariak, bere aldetik musika lasaiagoa jorratu zuen. Horrek eragina izan zuen taldearen musikan eta Buff eta Ekizak beren aldetik egin dutena ikusita, badirudi, bide horretatik doala Willis Drummonden bidea ere». Urriaren 18an jakingo dugu gehiago disko berriaz eta Bilboko Kafe Antzokian eta Biarritzko Atabal aretoan egingo dituzte lehen aurkezpen kontzertuak.

BENIZZE - Urrea, txanpaina eta intxaurrak

Lau abesti interesgarri atera ditu Beñat Goitia gasteiztarrak bere Benizze proiektuarekin. Hauxe da proiektuaz kazetari bilbotarrak esan diguna: «Estetika eta bideoklip oso landuak ditu, ekoizpena bezalaxe. Ez dakigu laster izango den edota aperitif gehiago kaleratuko dituen bere lana osorik kaleratzeko, baina Jon Aguirrezabala eta Xabi Egiarekin aritu da grabatzen El Tigre Estudioan. Elektronika, trapa... baina oso dotore eta fina da egin duen ekoizpena, nabaritzen da proiektu pertsonala dela eta estilo horiek, urbanoak, bere bidera eraman dituela. Aurten ez bada, datorren urtean, errebelazioen artean sartuko da zerrendetan».

Jaurlaritza Logoa