En direct

Eli Pagola - Maite Bidarte

«Euskal Herrian ez dago artikulazio ekologista bat, ez dago muskulu eragile potenterik»

‘Azken krisia’ leloarekin egun bizi dugun muturreko egoera islatu nahi dute, soluziorik aurkitu ezean, azkena izango baita, benetan. Baina, sinesgaitza badirudi ere, aukera bezala ikusi behar da: erabakiak hartzeko, giharra ateratzeko. Helburu horrekin antolatu dira asteburu honetako Ekotopaketak. 

Audio_placeholder

«Euskal Herrian ez dago artikulazio ekologista bat, ez dago muskulu eragile potenterik»

Loading player...
Ekotopaketak jardunaldian aurkezpena Sestaon
Ekotopaketak jardunaldian aurkezpena Sestaon (Ekotopaketak)

Tresna ekologista indartsu bat behar du Hego Euskal Herriak, eta horretarako antolatu dituzte irailaren 30etik urriaren 2ra izango diren Ekotopaketak. 'Azken Krisia Gure Garaia' lelopean egingo dira Portugaleten, Sastraka gaztetxean. Ainhoa Intxaurrandieta, Gorka Laurnaga eta Josu Larrinaga NAIZ irratiko ‘Gelditu Makinak’ saioan izan dira topaketa hauen atarian, hirurak dira aktibista ekologistak, hirurak badute diagnostiko komun bat: Euskal Herrian ez dago artikulazio ekologista bat, ez dago muskulu eragile potenterik. Ekologismoaren garaia da eta sujetu berri bat behar da. 

«Ekologistei beti leporatu zaie apokaliptikoak izatea», hala aitortu du Josu Larrinagak izandako solasaldian. Baina egiari zor «iragarritako dena betetzen ari da» dio, «horregatik, orain ekologismoaren garaia da. Bada momentua gelditzen zaigun denbora erabiltzeko gauzak konpontzeko, gauzak okertzeko ez dago denborarik». 

Beraz, krisi ekosozial larria bizi dugula eta erantzun beharra dagoela argi izanda egingo dira asteburuko Ekotopaketak, eta galdera zuzena egingo zaie parte hartzaile guztiei: behar al du euskal jendarteak tresna berri bat?

Feminismoak badu berea, langileek sindikatuak dituzte, baina ekologismoak ez duela tresna indartsurik ohartarazi dute. «Feminismoak lortu du artikulazio orokor bat eta lortzen du interpelatzea eta gai batzuk mahai gainean jartzea, gure helburua ere hori da», dio Intxaurrandietak. Hain zuzen, kezka horrek bildu zituen hainbat lagun eta hainbat batzar egin ostean erabaki zuten Ekotopaketak antolatzea. «Euskal Herria berez oso ekologistatzat dugu baina mugimendua atomizatua dago, gaizki ulertuak eta haserreak egon dira eta horrek ez du laguntzen», dio Intxaurrandietak, bada garaia «gu hori sortzeko» ohartarazi du Laurnagak.

Zer behar da, beraz? Ba argi dute, behar dena dela jendarte zabal bat, anitza, erantzuleak interpelatuko dituena,  gobernuek erabaki zuzenak har ditzaten. «Guk guztiok ardura bat daukagu horren aurrean mobilizatzeko» gehitu du Intxaurrandietak.  

Baina ez da muskulu gabezi hori Ekotopaketa hauetan landuko den gai bakarra. Ekologismoaren ertz ezberdinen inguruko eztabaidak ere izango dira. Besteak beste, trantsizio ekologikoa hizpide hartuta, berriztagarrien inguruan hausnartuko dute. 

Ekologismoaren eta feminismoaren arteko zubiez ere ariko dira. Energia, enplegua nahiz klima izango dira beste eztabaidagaietako batzuk, baita gazteak ere, Ekotopaketen bultzatzaileek uste dute zailtasunak daudela gazteak ekologismoaren borrokara erakartzeko.

Jaurlaritza Logoa