Zuzenean

Eli Pagola
Elkarrizketa
Josu Larrinaga
Ekopol Ikerketa Taldeko kidea

«Gure zibilizazioa akabatuta dago»

Kolapso politikoa eta materiala tarteko, ez dira gutxi «gure zibilizazioa akabatuta dagoela» dioten ahotsak. Aurrera begira, ordea, badago argirik eta alternatiba bila ari dira EKOPOL Ikerketa Taldean. Josu Larrinaga kidearekin hitz egin dugu.

Audio_placeholder

«Gure zibilizazioa akabatuta dago»

Loading player...
Josu Larrinaga, Ekopoleko kidea
Josu Larrinaga, Ekopoleko kidea (Jon Urbe | Foku )

Guztiak adierazten du garai aldaketa bat bizitzen ari garela: oparotasunaren arotik urritasunaren arorantz goaz. Izan ere, baliabide energetiko eta materialak gero eta murritzagoak izango dira eta, hori gainera, ekologikoki hondatuago eta hauskorrago den planetan gertatuko da, klima-aldaketa globalak edo biodibertsitatearen gainbehera azkarrak adierazten duten bezala. Aro berri horretan, hazkunde mugagabearen mitoaren aurrean, mugak guztiz erabakigarriak izango dira. Egoera ikergai izanda, Ekopol eta Parte Hartuz Ikerketa Taldeek krisi ekosozialari alternatibak aurkitu nahian, ikastaro bat antolatu zuten Viento Sur, Betiko, Hitz&Hitz fundazioarekin eta UPV/EHUko Politika eta Administrazio Zientzien Sailarekinekin batera.

Ikastaro hartatik ateratakoei tiraka, Josu Larrinaga EKOPOLeko kidea NAIZ Irratiko Gelditu Makinak saioan izan da. Krisian ote gauden eta ekosoziala den jakiteko atzera begirada bat proposatzen du Larrinagak. «Duela 10.000 urte, holozenoa hasten denean, lurrean klima epeldu egiten da eta hor aukera bat agertzen da giza espeziarentzat: nekazaritza eta abeltzantza». Horrela, gizakia sedentario izaten eta elikagaiak ekoizten hasten da. Gerora, ekoizpenean oinarritutako zibilizazioak sortu dira. Orain, ordea, «erregai fosilen erabilera intentsiboan oinarritutako zibilizazioa kolapso egoeran dago eta, berotze klimatikoa gelditu ezean, ez da baldintzarik egongo elikagaien ekoizpenerako». Era berean, ikerlariak azpimarratu du energia bidezko irtenbide teknologikorik ez dagoela, hain zuzen ere, eredu horri segika heldu garela puntu honetara. «Giartea eta honi lekua egiten dioten baldintza fisikoak, biak daude kolapsatuta eta alternatibak behar dira produkzio- eta kontsumo-ereduetan».

Gaiaren dimentsioaren aurrean, norbanakook ardura badugula dio Larrinagak, kontzientzia piztea eta aldaketa kulturala ezinbestekotzat ditu eta, hala ere, aldaketarik nabariko bada, bestelako egitura kolektiboak beharko direlakoan dago. Ez du baztertzen, gustokoa ez izan arren, autoritateen esku-hartzea eraginkorra eta onuragarria izan daitekeela zenbait eskalatan; «Tabernetan eta barrukietan erretzea debekatu zenean gehiengoa kontra agertu zen baina denborarekin erabakiaren onurak azaleratu dira». Zibilizazioak antolatzeko moduak eraldatzean ikusten du gakoa, beraz, Larrinagak. «XIX. mendetik aurrera, energia xahutzearen ikuspegitik, desberdintasunak desberdintasun, zibilizazio eredu bat gailendu da mundu osoan. Hori baino lehen, ordea, ereduen arteko aldea handiagoa zen eta gertuago zeuden ingurunearen baldintzetara».

Ikerlariak argi du leku guztietan ezingo dela berdin bizi eta aldaketa kultural handiak emango direla. Horren haritik, aipatu du globalizazioa krisian dagoen kontzeptua izanik ere, espeziearen kontzientzia global bat garatu izana interesgarria dela eta minimo horiek mantentzea garrantzitsua izango dela etorkizunean. Izan ere, azken mendeetan populazioa ohi baino gehiago mugitu eta nahasi da eta datozen lehen hamarkadetan bilakaera traumatikoa aurreikusten da distribuzioari eta kopuruari dagokionez. «Global mailan pentsatzen dugunean gainpopulazioa dagoela diogu baina, tokira ekarritakoan, jubilazioak ordaintzeko jaio-berri gehiago behar direla esaten dugu». Larrinaga argia da: «gaur egun, jaiokortasun-tasa igotzeko politikak egitea sekulako kontraesana eta sekulako hipokresia da».

Amaitzeko, Larrinagak egiten duen analisian dio azken hamarkadetan errotu den hegemonia neoliberalista gaindituta eta porrot eginda dagoela. Beraz, alternatiba oso interesgarriak sortzeko eszenatokian gaude. XXI. mendea ekonazionalismoaren mendea izan daitekeelakoan dago, baina, «ekonazionalismoa oso erraz bilakatu daiteke ekofaxismoa».

Jaurlaritza Logoa