Zuzenean

Eli Pagola
Elkarrizketa
Iñaki Antiguedad
Hidrologian katedraduna

«Amorrua ematen dit klima aipagai denean energian zentratzen garela eta ahaztu egiten dela ura»

«Ur-kultura gutxiago dugu ura bera baino» hala esan du Iñaki Antiguedad hidrologoak NAIZ Irratiko ‘Gelditu Makinak’ saioan. Eta nabarmendu du lurralde-antolaketa egin behar dela «helburu hidrologiko batetik, klima aldaketari begira eta erresilientziaren izenean».

 

Audio_placeholder

«Amorrua ematen dit klima aipagai denean energian zentratzen garela eta ahaztu egiten dela ura»

Loading player...
Iñaki Antiguedad.
Iñaki Antiguedad. (Oskar Matxin Edesa | Foku)

Iñaki Antiguedad geologian doktorea da eta hidrologian katedraduna. Uraren kudeaketaren gaineko gogoeta egin du NAIZ Irratiko ‘Gelditu Makinak’ saioan. Argi du urari ulertzeko lurraldeari erreparatu behar zaiola.

Gero eta uholde eta lehorte gogorragoak al ditugu?

Urtebete ez dela, iazko azaroaren erdialdetik hasita, albiste izan zen 21 eguneko euri jasak, ur-gainezkak bai Kantauri aldean, bai Ebro aldean eta uholdea izan zen albiste ardatz. Gero etorri dira etorri direnak, maiatzetik aurrera ia hilero bero olatuak izan ditugu –orain dena neurtzen da olatutan– eta, orduan, pasatu gara beste muturrera. Alde batetik, esan behar da, gertaera berezkoak direla; beti izan ditugu uholdeak eta, lehorteek kasuan, komeni da errepasatzea 1988 eta 1991 urteen artean izandako lehorte gogor hura, ikasgaiak atera daitezke eta.

Komunitate zientifikoak argi dio, gero eta gogorragoak baino, ohikoagoak izango direla. Gogorragoak diogunean kalteei begira ari gara eta hori da ibaiak zer aurkitzen duen hazten denean. Duela hamarkada bat uholde batek sortzen zituen kalteak eta gaur, egoera berean, sortutakoak oso dira desberdinak. Kontua ez da hainbeste nola gertatzen diren euri jasak, baizik eta, gertatzen direnean zer aurkitzen duen euriak lurraldean. Eta lehorteetan, berdin. Hidrologo bezala amorrua ematen dit klima aipagai denean energian zentratzen garela eta ahaztu egiten dela ura. Faltan sumatzen dut energia alorrean aipatzen diren hainbat kontzeptu (ekonomia zirkularra, murrizketak…) ez aplikatzea uraren gaian. Ur-kultura gutxiago dugu ura bera baino.

Zuri entzuna da uholdeak onuragarriak ere badirela.

Uholdeen eta lehorteen arteko desberdintasuna da lehenak denbora tarte motzean gertatzen direla eta espazio mugatua hartzen dute. Lehorteak, aldiz, denboran luzeagoak dira eta lurralde osoan eragiten dute. Egia da, baita ere, baso politiken ondorioz, euriteak direnean eragin nabarmena dutela, erreketatik harago, malda eta mendi magaletan.

Prozesu horiek, uholdeek batez ere, badute eragin positiborik ekosistemaren ikuspegitik, baina, kalteak sortzen direnean, ez da gai erraza, batez ere ditugun inertziengatik. Bada hitz bat asko eta txarto erabiltzen duguna: arriskua. Arriskua da zerbait gertatzeko probabilitatearen eta eragin ditzakeen kalteen arteko biderketa. Klima aldaketaren eszenatokian, ziklo hidrologikoa azkartzen eta intentsifikatzen ari da eta, beraz, probabilitatea areagotu da baina, sor ditzakeen kalteak gizarte eta lurralde antolamenduari lotuta ere badaude eta antolamendu horrek lotura zuzena du arriskuarekin. Lurraldea beste modu batean ulertu behar dugu eta barneratu baduela funtzio hidrologiko bat. Horrela, kaltea gutxituko da eta beraz baita arriskua ere, probabilitatea aldatzerik ez badugu ere.

Politikoki ere kalteak gutxitzeko erremintak behar dira eta, uste dut, atzeratuta gaudela, besteak beste, URA agentziak dituen konpetentziak ibaira mugatzen direlako, eta hori tragedia bat da. Ura kudeatzeko ur-esparruaren eskumena behar litzake, Baso politika eta guzti.

Aurtengo udan arazo iturri izan dira lehorteak eta ur-eskasia. Zein da ur-edangarriaren egoera Euskal Herrian?

Ur-hornidurari dagokionez, metropoliari begira urtegiak ditugu, gune txikiagoetan hartune zuzenak ditugu eta manantialen hartunea. Akuiferoak ere erabiltzen dira. Hala ere, ur-edangarriaren eztabaida gehiegi zentratzen da urtegietan eta badaude akuifero handiak eta oso estrategikoak izan daitezkeenak.

Lehorte egoeran, ordea, bi faktore kudeatu behar dira: batetik, eskaria. Lehortean gaudenean eskatzen da kontsumoa murriztu dezagun, baina neurriak lehenago hartu behar dira. Bestetik, eskaintza. Hornitzailea bazara, eskura duzun baliabidea da kudeatu dezakezuna, ez du balio potentzial handiko hartuneak eta proiektuak egiteak, horiek uneko beharrari ez diote erantzuten, etorkizuneko eskaintzari baizik. Era berean, urtegiak jainkotu egiten dira. Zadorratik gero eta jende gehiago hornitu nahi izateak zaurgarri egiten gaitu eta mendekotasuna handitzen du. Badaude beste modu batzuk, adibidez, hor dago Oizeko akuiferoa. Ez duela %100 aseko? ez, baina ez da berdina %10ean egon edo %60an.

Teknologia kontua bada baina baita erabaki kontua ere.

Bestalde, aurten, ur eskasiaz gain, tenperatura oso handiak izan dira. Ur-balantzean, euri uraren atal bat ibaietara doa eta beste parte bat ebapotranspiratu egiten da; ur urdina eta ur berdea. Baldintza horietan ebapotranspiratu egiten da gehiena, atmosferara lurrunduko da. Hori guztiagatik, lurralde antolaketa egin behar da, batez ere, gure hornidurarako ur-iturrien inguruan helburu hidrologiko batetik, klima aldaketari begira eta erresilientziaren izenean, bermatzeko ez dugula emaririk galduko agorraldiak gehien jotzen duen momentuan, beti ere, eskariaren kudeaketa ahaztu gabe.

Aipagai ditugun fenomenoen harira, epe motzera ze neurri hartzeko premia ikusten duzu?

2002an, Lurraren Nazio Batuen Erakundeak Johanesburgon antolatu zuen Nazioarteko Gailurrean, bertako idazkari nagusi zenak esaten zuenez, «jasangarritasuna planeta mailan lortzeko munduko txoko guztietan lortu behar da», alegia, ez bakarrik Euskal Herrian, baizik Euskal Herriko eskualde guztietan. Hori ulertzeko, bost zutabe bermatu behar dira txoko guztiotan: ura, energia, biodibertsitatea, nekazaritza eta osasuna. Bost elementu horiek funtsezkoak dira. Gaur da eguna, modu zabalean, uraren murrizketa edo eskariaren arrazionalizatzea ez dela eskatzen ez bada lehorte garaian. Hortik kanpo, ez daukagu ganorazko eta beharrezko presiorik (energiarekin daukagun bezala). Ekonomia zirkularraren gaian, berriz, 88an planteatu zen agian uraren hornidura sistemak zirkularra behar lukeela eta ez lineala, oraindik dugun bezala. Aipatutako bost zutabeei dagokien garrantzia eman behar diegu, ez baitago trantsizioak egiterik ez badugu gaia bere osotasunean ulertzen.

Jaurlaritza Logoa