En direct
Liher taldearen disko aurkezpenean izan ginen aurreko astean. Zuzeneko kontzertu batean kantu guztiak eskaini zizkiguten eta, haietako bat entzutean, esan genuen, «Joño, entzungo genuke bada abesti hori datorren asteko tartean rock amerikarraz hitz egiteko». Baina azaroaren 4a arte itxaron beharko dugu, harik eta Izkanderrek bestelako traturik egite ez duen.
The Jayhawks taldearekin eman dio rock amerikarraren tarteari hasiera Lemoako musika adituak. «Soinu bandaren zera bat badu, badauka istorio bat eta eguna hasteko moduko abestia da. Neil Youngen eragin zuzena duela ere esan dezakegu», aipatu du Fernandezek.
Errepidea aipatu du tartearen hasieran eta bigarren kantuaren gaia ezagututa errepidea istorioaren zati bat badela esan digu: «Abesti honek badu alde erromantiko bat eta The Jayhawks taldearen musikarekin lotu daiteke. 1999ko Elkartasun Eguneko abestia izan zen, hortaz, presoen inguruan ari da eta Bide Ertzean taldekoek Ruper Ordorika, Gorka Urbizu, Igor Elortza, Unai Iturriaga eta Labrit izan zituzten kolaboratzen. Abesti erromantikoa da eta ez balitz Euskal Herrian eta gai horren bueltan sortu abestia, beste dimentsio bat hartu zezakeen».
Iker Martinez eta Zaldi Herrenak taldearen diskoak rock amerikarrari aipamen garbia egiten dio Izkander Fernandezen aburuz, eta horregatik erabaki zuen estilo honi tarte zabalago bat eskaintzea. «Zuk esan zenidan disko hori entzuteko eta ez nuen espero halakorik Iker Martinez Latzen eta Potemkin bezalako taldeetatik zetorrela jakinda. Oso proposamen egokia da niretzako eta pozik nago bere disko berriarekin, buelta asko emango dizkiodala uste dut. Hala ere, nire kontura entzutea gustatzen zait, jendearen elkarrizketa eta kritikarik entzun gabe. Abesti honek, gainera, badu errepidearen alde erromantiko hori», azaldu digu Fernandezek.
Tom Petty izan da aste honetako azken proposamena: «Nahikoa gazte ezagutu nuen Petty, MTVn ere agertzen zelako, nahiz eta MTVa nire etxera berandu iritsi zen. Nu Metalaren garaian Tom Petty sartzea, sekulakoa izan zen niretzat. Berriz ere 1991ra joango gara, ordea kantu honekin; grunge eta hard rocka entzun genituen eta rock amerikarrak ere kaleratu zuen disko esanguratsu hau. Bob Seger, Bruce Springsteen eta Neil Youngekin batera, Tom Petty da countrya eta rock amerikarraren arteko lotura egin duena. Errepideak, paisaiak, lautadak, kotxeak… iruditeria hori jorratzen zuen bere abestietan. Beti gazte bat izan zen Tom Petty», bukatu du lemoaztarrak.
Hauek dira, beraz, aste honetarako hautatuko lau abestiak:
– The Jayhawks - Tampa to Tolsa
– Bide Ertzean - Badator eguna
– Iker Martinez eta Zaldi Herrenak - Azken porturarte
– Tom Petty & The Heartbreakers - Lerning to fly