Emakumeen indarra duten lau kantu Izkander Fernandezen aste honetako hautaketan

Kasualitate batek bestera eramanda osatu du aste honetako zerrenda Izkander Fernandez Lemoako musika adituak MusikHaria saioan. Haria izatez beste bat bada ere, lau emakume indartsuren abesti rockeroak ekarri dizkigu.

Audio_placeholder

Emakumeen indarra duten lau kantu Izkander Fernandezen aste honetako hautaketan

Loading player...
Virginia Fernández abeslariaren inguruan sortutako proiektua da Seda (@aizkolari77)
Virginia Fernández abeslariaren inguruan sortutako proiektua da Seda (@aizkolari77)

Amyl and the Sniffers taldea sartu nahi zuen aurreko astean Izkander Fernandezek bere asteroko hautaketan eta tokirik ez zuen izan talde australiarrarentzat. Hartara, hari harri tiraka osatu du aste honetako tartea. The Gits taldea etortzen zaio etengabean burura Amyl entzutean eta haiekin eman dio asteroko errepasoari hasiera. Seattlegoak dira eta bitxia da nola musika alternatiboko beste talde asko ere Seattle inguruan kokatu izan den: «The Gits izatez Ohiokoak dira, baina ziurrenik gauza handirik ez da egongo bertan. Hala, 1989an Seattlera mugitu ziren, eta garai hartan ez ziren bakarrak izan. Seattle musika hiriburu horietakoa izango zen, B aldekoa nabarmen, ikusita grunge eztanda bertan eman zelako. Baina esperantzaren batekin edo bertara mugitu ziren talde asko, tartean hauek».

Taldearen buru egiten zuen Mia Zapata abeslariak, baina bortizki bortxatu eta hil zuten 1993an. Ondorioz, hainbat ekimen jarri ziren martxan atzetik Washingtongo estatuan: «Ikerketa pribatu bat jarri zuten martxan nork hil zuen jakiteko eta 2013an aurkitu zuten hiltzailea. Gainera, Nirvana, Presidents of United States eta antzerako taldeek dirua jarri zuten ‘Home alive’ ekimena martxan jartzeko gertaera horren harira, emakumeen ahalduntzea eta autodefentsa tailerrak martxan jartzeko», kontatu digu Izkander Fernandezek.

Amyl and the Sniffers taldea zuzenean The Gits taldearekin lotzen du Izkanderrek eta lagun kazetari batek haiek elkarrizketatu behar zituela aprobetxatu zuen ea beren erreferente ote ziren galdetzeko: «Ez zituztela ezagutzen esan zioten eta horrek zer pentsatua ematen dit. Tesiak egiten ditugu askotan eraginen inguruan eta abar, baina gauza berezia da musikariei edota zaleei edota kazetariei nola iristen zaien musika. Hor badago zer pentsatua, ea musikariek nola entzuten duten besteen musika». Kantu honetan segurtasun arduradun batekin edukitako afera bat kontatzen du taldeak Amylen ahotsean.

Aste honetako hirugarrena, The Plasmatics taldea, institutuan ezagutu zituen taldeen multzoan sartuko luke Izkanderrek: «Garai hartan ezagutu nituen Black Sabbath edota Danzig bezalaxe. Plasmaticsen garaia, ordea, ni institutuan egon aurrekoa izan zen, hala, 1982ko kantua da ekarri dudana. Wendy O. Williams da taldeko abeslaria, halterofilia txapelduna eta porno izarra izandakoa, talde fisiko eta biolento baten buru egiten zuena. Horren adierazgarri oholtzetan denetarik apurtzen zuela Williamsek».

Atzerritik lokalera etortzeko ohiturari eutsiz, Seda taldea da hautaketa honetako azken erreferentzia: «Seda taldea beti pasadan entzun dudan zerbait izan da eta, MusikHaria entzuten nintzela, ea non nengoen ni hauen berri ez izateko galdetu nion nire buruari. Izan ere, taldeko abeslaria, Virginia Fernández Jardín Infiernotik ezagutzen nuen eta gainerako taldekideak ere ezagunak dira. Ez da egunero halako disko bat kaleratzen eta taldea erdi all-star bat dela esan dezakegu Seda taldea. Aitzinako punkaren eta gaur egungoaren arteko nahasketa batekin bukatuko dugu aste honetako tartea», bukatu du lemoaztarrak.

Hauxe da, beraz, aste honetako zerrenda:

– The Gits - Second skin

– Amyl and the Sniffers - Security

– The Plasmatics - Rock N Roll

– Seda - Hey!!