En direct

Iker GURRUTXAGA

Ekaitz Etxezarreta: «Momentu txarrenetan argi ikusten da nork agintzen duen hemen»

Bi disko desberdin aurkeztera etorri da 'MusikHaria' saiora Ekaitz Etxezarreta 'Kaleko Urdangak' taldeko bateria-jotzailea. Batetik, beren azken EPa izan dugu hizpide; eta, bestetik, 'Kaosa Euskal Herrian' bilduma. Punk-oi mugimenduaz eta horren inguruan dauden beste hainbat gauzez ere aritu gara.

Audio_placeholder

Ekaitz Etxezarreta: «Momentu txarrenetan argi ikusten da nork agintzen duen hemen»

Loading player...
Kaleko Urdangak 'Kaleak sutan' EPa kaleratu berri du
Kaleko Urdangak 'Kaleak sutan' EPa kaleratu berri du

Info Zazpi irratiko 'Kaleko mobida' saioan elkartu ziren, handik lokalera pasa eta 2011n eta 'Kaleko Urdangak' sortu zuten. «Hurrengo urtean 10. urteurrena izanda, zerbait ospatu beharko dugu» hasi du elkarrizketa Ekaitz Etxezarretak, taldeko bateria-jotzaileak.

'Kaleak Sutan' da taldearen EP berria. Etena izan eta gero, disko luzea kaleratzea erabaki zuten eta 2018a indartsua izan zen, disko horrez gainera, beste hainbat EP kaleratu zituztelako. Baina, konstante izateko helburuarekin, lan berria egingo zutela erabaki zuten eta horrela iritsi da azken EPa. Aurtengo bigarrena.

Diskoaren azalean taldearen intentzioak argi ikusten dira. Barruan dituen hiru abestiak islatzen saiatu dira, «kaleak sutan ikusten dira, jendea antolatuta borrokan eta balea ehiza ere ikusten da» azpimarratu du Etxezarretak. Kantuen hitzak iraultzarako grina dute eta mezu zuzenekoak dira, «punk-oi mugimenduari eta nazio askapenaren militante izan gara beti eta estetika horretan ere mugitu gara» dio Etxezarretak. Nolabait ere kantuetan memoria historikoa mantendu nahi izaten dute, «historia maite dugu eta norberaren bizipenetatik herri honetan gertatu dena kontatzen saiatzen gara. Kontakizun ofiziala nork eramaten duen ikusita eta benetako historia ezkutatzen saiatzen direla jakinda, horren kontrako erreminta bezala ere erabiltzen dugu musika» nabarmendu du Kaleko Urdangak taldeko bateria-jotzaileak.

«Gizartea lo dago. Azken krisi honekin inposatu digute egunerokotasun bat, etxean sartu gaituzte, muga itxi digute; lehendik ere geneukan tartea zabalduz… Ikusten da nork agintzen duen hemen. Batzuk saltzen digute ia ia estatu subiranoa garela, Europako autogobernu handiena daukagula eta, gero, momentu txarrenetan, argi ikusten da nork agintzen duen hemen. Kontura gaitezen, kontzientzia hartu dezagun herri zapaldua garela eta esnatu egin behar dugula» kontatu digu Etxezarretak.

Kontzertu ugari geratu zaizkie bertan behera aurten 'Kaleko Urdangak' taldekoei. Ingalaterran eta atzerriko beste hainbat tokitan jotzekoak ziren, baina arantzatxoa atera zuten 'DOKA T'artea'n emandako kontzertuari esker. «Esperimentu batean hartu genuen parte eta oso gustura geratu ginen. Ikusleek ere antzemango dute urduri ginela, hankak ere dardarka genituen. Eskola bateko gela batean bagina bezala sentitu ginen, publikoak gela hartako ikasleek ziruditelako. Eta zuzenekoa telebistako plato batean sentiarazi zigun baita ere. Baina oso pozik geratu ginen» esan du azkoitiarrak.

Horrez gainera, beste proiektu baten sustatzaile nagusienetako bat izan da Ekaitz Etxezarreta. 'Kaosa Euskal Herrian' izeneko bilduma bat osatu dute punk-oi mugimenduko hainbat talderekin batera. Binilo bikoitza kaleratu dute eta bertan Bizkaiko 10 talde, Gipuzkoako 7, Nafarroako 6 eta Arabako eta Lapurdiko bana daude bertan. «Hizkuntza aniztasunaz gainera, aberastasun asko eta estilo andana daude diskoan bertan. Beti egon izan dira estilo eta estetika aldetik desberdintasunak talde batzuen eta besteen artean» kontatzen digu Etxezarretak.

Sarean eskuratu daitezke bai Kaleko Urdangaken 'Kaleak sutan' EPa eta baita 'Kaosa Euskal Herrian' bilduma ere, biak ala biak binilo formatuan. Dena dela, sarean ere zintzilikatu dituzte abestiak edonork entzun ahal izateko.

Jaurlaritza Logoa