En direct

Iker GURRUTXAGA

Laino artean, 'Orbel' taldearen bila

Baiona inguruko lau kidek osatzen dute 'Orbel' taldea. Post-rock musikaren inguruan biltzen diren arren, lau hankako mahaia osatzen dute eta bakoitzak bere gustuak ditu. Horiek guztiak entzungo ditugu astelehenetako 'Beste bat' saioetan. Baina aurretik taldea ezagutu nahi izan dugu 'MusikHaria' saioan, Txomin Urrizaren eskutik.

Audio_placeholder

Laino artean, 'Orbel' taldearen bila

Loading player...
Orbel taldea, iluntasunean
Orbel taldea, iluntasunean

Orbel taldeko lau kideek egingo dituzte astelehenetako 'Beste bat' saioak. Hartara, Txomin Urriza taldekidearekin elkarrizketa bat izan dugu 'MusikHaria'-n. Taldearen sorreraren inguruan galdetuta, laguntasun baten fruitua dela adierazi digu Urrizak, «Orbel taldea sortu aurretik, lagunak ginen eta lagunak gara egun. Gure artean hizketan ari ginela sortu zen 'Orbel'. Garaian, etxe berean bizi ginen hiru taldekide eta etxeko egongelan egiten genituen kantuak, jakin gabe gero benetan taldea izango ginela».

Sarean ez da Orbeli buruz informazio gehiegi aurkitzen. Baina nahiko ohikoa da hori post-rock munduko musika taldeetan. «Musika da Orbelen alde garrantzitsuena eta bideo batzuk ere baditugu irudi politekin. Nongoak garen esaten dugu, jendeari batzuetan inporta zaiolako. Ez dakit askoz gauza gehiago jakin behar diren gutaz. Musika bezala izango gara akaso, lainotsuak» nabarmendu digu Urrizak.

Baldintzak ematen diren kasuetan jotzen dute Orbel taldekoek. Euskal Herrian baino gehiago jo dute Europan. 'Bilbo Hiria' lehiaketan ezin izan zuten horrela egin ordea, «ia denborarik gabe egin genuen soinu proba eta kontzertua ere laburra izan zen, baina, zorionez ondo irten zen» kontatu digu Orbel taldeko kideak. Izan ere oholtzan bi gitarra, baxua, lau ahots, 3 sintetizagailu eta akordeoi bat dituzte Orbelekoek, ordenagailuko soinuez gainera. Urrizak horrela kontatu digu: «Pentsa teknikari batentzat zenbateko lana den hori guztia orekatzea. Gainera bateriarik ez dagoenez, elkarri oso ongi entzun behar diogu oholtza gainean ere».

Atabal eta Le Magnetto aretoetan eszena lokaleko taldeei ematen zaien babesaz galdetuta, «eskertzekoa» dela esan digu Txomin Urrizak, baina kritiko jarri da beste maila bati begira: «Falta duguna maila apaleneko eszena da. Gaztetxeetan duela urte batzuk kontzertu pila bat zeuden eta gaur egun oso gutxi. Guk kontzertuak antolatzen ditugu eta taberna eta gaztetxeak falta ditugu kontzertuak egin ahal izateko» bukatu du Urrizak.

Maiatzean, astelehenero 15:00etan eta errepikapena 21:00etan entzun daitezke Orbel taldeak egindako 'Beste bat' saioak, eta, ezin duenak, podcast plataformetan entzun ditzake.

 

Jaurlaritza Logoa