Zigilu propia duten lau proiektu ‘Zarata’ tartean
Elektronika jaialdi batetik abiatu eta rock eta elektronika doinuak ekarri dizkigu aste honetan Zarata Mondo Sonoroko zuzendari Iker Bárbarak. Lau proposamen berri, fresko eta gazte luzatu dizkigu aste honetarako.
Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.
Aste honetako tartea zabaltzeko, aurreko asteburuan egin den 1000 gradutan jaialdia naturan, familiarekin eta elektronikaz gozatzeko moduko festa izan dela esan digu Iker Bárbara kazetari bilbotarrak: «Ezagunak ez diren edo ahaztuta dauden tokiak ezagutzeko aukera ematen du jaialdi honek eta hori da helburuetako bat. Karrantzan izan nintzen ni eta aspaldi bertan egon gabea nintzen, adibidez. Gainera, horrelako festak normalean rave moduan egin izan dira eta beste giro eta ordutegi batean. Zaletuentzat, halakoetan parte hartzea ondo dago beti».
Etxeko txikiak lagun zituela joan zen bertara eta galdetu diogu ea haiek elektronikara zaletzeko baliatu duen: «Guraso bezala ez dut atsegin bereziki nire musika inposatzekoa, beren gustuetan esploratu dezaten gustatzen zait, nahiz eta nire gurasoek entzun izan duten musikatik edan dudan nik eta gustu oso ona izan duten. Dena dela, garrantzitsuena gauza oso desberdinak entzutea da eta bakoitzak bere birea har dezala», gaineratu du Zarata Mondo Sonoroko arduradunak. Eta aste honetan ere aniztasuna ekarri digu bere tartera.
Haira - Ikusten duzu goizean
Proposamen elektroniko batekin hasi dugu tarte musikatua Karrantzatik Sara aldera salto eginaz, bertakoa baita Haira proiektua: «Honen atzean Peio Erramouspe musikaria dago, Moi Moi kolektiboan hasi zena. Elektronikaren eragin handia du eta diskoan kolaborazio oso interesgarriak daude, Lumi taldekoak, Paxkal Etxepare edo Felix Buff kasu. Korg polysix batetik abiatu omen dira abestiak ‘Laupabortz aire ttipi’ diskoa osatzeko».
Txopet - Dorrean gora
«Azken bi urtetan epaimahaian egon naizen lehiaketetan beti talde interesgarrietako bat izan da. Zuzeneko ona, ondo pentsatutako proposamenarekin eta badute rock oso pertsonal bat autotunez jantzita, beren ukitu berezia emanaz. Azkenaldian bospasei hilabetean desegin diren proposamen interesgarriak hiltzen ikusi dugu, baina hauek beren aukerak ondo aprobetxatuz ari dira eta aurten BBK Live jaialdian jotzeko aukera ere izango dute. Zuzenean energia handia transmititzen dute eta plazera da haiek ikustea, hortaz, gomendatzen ditut», aipatu digu Bárbarak.
Full Cab - Lucky to feel it
«Talde gaztea da eta zigilu berezia duena da eta Lian McDonnell taldekidea denez abeslaria ingelesez bikain abesten dut. McDonellek, gainera, bideoklipetan ere egin du lan Airu, Hofe edota La M.O.D.A. bezalako taldeekin. Diskoa iaz atera zuten eta pozgarria da single berria atera dutela jakitea. Hauen zuzenekoa oso gomendagarria da baita eta jendeak ezagutzen ez baditu, Bilboko underground eszenan dagoen rock talde berezienetako bat da», kontatu digu kazetari bilbotarrak.
Tooth - Mamuak
Ibilbide luzea duen talde batek disko berria kaleratu duela esanaz bukatu du aste honetako tartea Iker Bárbarak: «Gernikako taldeak 90etako soinua du eta hara eramaten gaitu. Bidehuts zigiluaren eragina duela esango nuke, DUT edota Lisabö taldearen eraginak agerikoak dira, baita Viva Belgradorena. Dagoeneko 14 urte daramatzate eszenan eta esan dugun moduan denboran atzera egiteko aukera ematen du. Sorpresa izan da ‘Errautsetatik’ diskoa kaleratu dutela jakitea eta dagoeneko erosteko moduan dago beren bandcamp orrialdean. Aurten grabatu dute, Lorentzo Records eta Azkueren Zarauzko estudioan. Koedizioan atera dute diskoa, estilo honetan ohikoa denez».