Zuzenean

Kalean da ‘Basques on decks’ musika elektronikoaren aldizkari espezializatua

Iker Bárbara astero legez MusikHaria saioan izan da ‘Zarata’ tartea osatzeko. Baina bere proiektu berrienak argia ikusi duenez, asteroko lau gomendioez gainera, proiektuari buruzko azalpen batzuk ere eman dizkigu NAIZ Irratian.

Audio_placeholder

Kalean da ‘Basques on decks’ musika elektronikoaren aldizkari espezializatua

Loading player...
Jeff Mills Detroit hiriko DJ eta ekoizle ospetsua izan da ‘Basque on decks’ aldizkariaren lehen azaleko irudia.
Jeff Mills Detroit hiriko DJ eta ekoizle ospetsua izan da ‘Basque on decks’ aldizkariaren lehen azaleko irudia. (BASQUE ON DECKS)

«Aurpegia ikusiko balidate, hiru egunez parrandan ibili naizela pentsatuko luke askok», hasi du aste honetako tartea Iker Bárbarak. Jaiarekin lotura duen baina lana den proiektu baten berri eman digu, ordea, bilbotarrak. «‘Basques on decks’ izeneko proiektu bat daukagu martxan bazkide batek eta biok 2019tik eta Euskal Herriko elektronikaren inguruko albiste, elkarrizketa, agenda eta abarrak biltzen ditugu webgunean. Pandemiak makaldu gintuen zertxobait, baina aldizkari bat atera dugu orain, erotuta gaudela dion arren askok. Harrera oso ona izan du, edizio digitalak ere hala izan duelako denbora guzti honetan. Uda eta gero beste hiru ale ateratzeko asmotan gaude, hasiera batean askoz ere murritzagoa zen argitalpena izango zela espero genuen arren», kontatu digu ‘Zarata’ tartearen arduradunak.

DJ historiko bat ekarri dute aldizkariko azalera, gainera, udan Euskal Herrian izango dena:«Esan beharra dago aldizkarian agertzen den guztia Euskal Herrian sortua dela, baina nazioarteko artista handi bat sartzea polita iruditzen zitzaigun. Vitalic zen izen hori, baina, aldizkaria ixtear ginela, Jeff Mills ekoizle eta DJ famatua, techno munduan kultuzkoa dena, elkarrizketatzeko aukera izan genuen. D_antz jaialdian izango da aurten eta guretzako oso garrantzitsua izan da elkarrizketatzeko aukera eduki izana, are gehiago oporretan zegoela izan zelajakinda».

Aldizkaria bandcamp bitartez edota Donostiako Drunkaten, Bilboko Power Recordsen, Gasteizko Vinyloran eta Iruñeko Clic dendan eta Elektra tatuaje estudioan eskuratu daiteke. 

Dena dela, dena ez da hor bukatu eta asteko lau gomendioak ere luzatu dizkigu Zarata Mondo Sonoro aldizkariko zuzendariak.

Oki Moki - Mundu berri bat II

Aurreikusi gabeko lan horietako bat iritsi zaigu eskuartera azken egunetan Paulinni Recordsen eskutik: «Entzun ostean sorpresan harrapatu gaitu, baina kexatiak gara beti. Diskoaren estiloa errepikatzen denean kexati gaude eta aldaketa ematen denean ere kexatu egiten gara. B alde modura sortutako esperimentazio lana izan da ‘Space demo’ deituriko hau». Nazioartean badira hori egiten duen artista handi asko eta gisa horretan ere ulertu dezakegu, beraz, Oki Moki taldekoen hautua.

Feline - Ezin zaitut begiratu

«Hilabete hotzetan estudioan sartu eta udarako kantuak kaleratzea, zuzenean aritzeko, plan ona dela iruditzen zait eta gisa horretan aritu dira Feline taldekoak. Estetika garajeroa dute eta rock klasikotik asko edaten duen taldea da eta ‘Jan zu’ izeneko diskoa atera du aurtengoan», aipatu digu kazetari bilbotarrak.

Bayou la batre - Neandertala

Alabamako herri baten izena daraman taldea da eta horrek atentzioa ematen du hasieratik: «Behar bada zerbait bitxia gertatu da taldean, eta oso klasikoa da leku baten izena eramatea talde batek. Kasu honetan talde hau Gasteizkoa da eta, aurretik beste hainbat taldetan ibili ondoren, hardcore musika egiten ari dira, metalaren riff garbiekin. Euskaraz egindako abestiz osatutako ‘Argi-ilun’ diskoa atera dute».

Raimundo el canastero ft. La Wera - Bizitzeko gogoa

«Zarataren maiatzeko alean kaleratuko da taldeari egindako elkarrizketa eta argi utzi digute taldekide bat bera ere ez dela Raimundo deitzen. Kuadrilla bat bezala dira eta 6-7 partaide finko badituzte ere, 36 pertsona iritsi dira beren emanaldiren batean parte hartzera. Ardatza rumba musika bada ere, askoz ere zabalagoa da egiten dutena. Soinu desberdinak, mestizajea eta abangoardia nahasten dituzte, hortaz, zabalik daudenentzat proposamen interesgarria da oso. Hautatu dudan kantua, esaterako, bachata bat da, José Heredia Bermúdezen ‘Alegría de vivir’ abestiaren moldaketa bat. Gaur egun gazteek ez dute erreparorik estiloak nahasteko, erritmo bat hartzen dute eta horren gainean jolastuz aurrera», bukatu du Bárbarak.

Jaurlaritza Logoa