Zuzenean

‘Gallery sessions’ ekimenaren baitan Ben Yarten ‘Ceros’ abestia ekarri digu Iker Bárbarak

Labetik atera berri diren lau proposamen ekarri dizkigu aste honetan Zarata Mondo Sonoroko zuzendari Iker Bárbarak. Musika Bulegoa sarietan ere izan da Merina Gris taldeari saria ematene eta horrekin nolabaiteko lotura ere badu hautatu duen musikak, iruditu ez arren.

Audio_placeholder

‘Gallery sessions’ ekimenaren baitan Ben Yarten ‘Ceros’ abestia ekarri digu Iker Bárbarak

Loading player...
Ben Yart askok Chill Mafia kolektibotik ezagutzen duen arren, bakarka ere ari da bidea egiten. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)
Ben Yart askok Chill Mafia kolektibotik ezagutzen duen arren, bakarka ere ari da bidea egiten. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Adarra saria Zea Maysek eskuratu duela jakin berri dugun honetan eta saria esleitu dutenen artean Sara Zozaya zegoela jakin dugunean, abeslari donostiarraren kolaborazio bat ekarri digu aste honetan Iker Bárbarak ‘Zarata’ tartera. Gainera, Zozayak ‘Caravan’ abestia publikatu du aste honetan bertan.

Bihar ft. Sara Zozaya - Labe

«Oso gaztea da baina urte asko darama eszenan eta kasik beteranoa dela esan daiteke. Gainera ez dabil musika sortzen bakarrik eta garrantzitsua da halako gazte bat eszenan horrela dabilela ikustea. Bihar taldekoen musika sentikorrarekin ahotsa bikain uztartzen da eta gainera bere sorkuntzan ere badabil murgilduta Sara», kontatu digu kazetari bilbotarrak.

Uger - Hirugarrengaiak / Hitz-mitz

Bilbo aldetik ekarri digu bigarren proposamena Iker Bárbarak: «Zortzi minututako abestia da bitan banatuta eta aurreko diskotik kanpora geratutako kantuak bat eginda dira. Punka eta psikodelia ditu lehen zatiak eta bigarren zatia askoz ere lasaiagoa da eta izugarria iruditzen zait. Pasa dira urte batzuk talde hau eszenan agertu zenetik, baina sorkuntza etengabea izan dute. Soinu potentea dute eta zuzeneko oso interesgarria duena da Uger, oso gomendagarria».

Mi Buenaventura - Chandé

«2019an atera zuten lehen lana ‘Éxitos bailables’ eta orain lehen diskoa kaleratuko dute Clifford Records zigilu garrantzitsuarekin. Bilbon bizi diren jatorri kolonbiarreko bi musikari dira taldearen arima, Michael Vera eta Esteban Gaviria. «Rock salsiento» edota «cumbia enrockada» egiten dutela esaten dute, hau da, Kolonbiako doinu tipikoak rockarekin, psikodeliarekin eta halakoekin nahasten dute. Sei dira oholtza gainera igotzen direnak eta zuzenekoetan sekulako festa izaten da», azaldu digu Zarata Mondo Sonoroko zuzendariak.

Ben Yart - Ceros

«Tiny desk delakoetan ikusi izan ditugu hainbat artista eta Ben Yartek parte hartu duen ‘Gallery sessions’ formatua ere geroz eta ezagunagoa egiten ari da. Bartzelonan egiten dira eta artista bereziak pasa dira bertatik. Letretan badirudi ez diola ezer, baina mezu potentea du atzetik, nahiz eta errima eta hitz batzuk oso sinpleak diruditen. Gero kolperen bat ere eman dut betiko moduan, «aunque me haga facha como Sabina» esaten baitu kantuan. Bestetik, aipatu behar dugu bizi garen momentuan musikalki proposamenak, artistak eta egiteko moduak asko aldatu direla eta horren adierazgarri da hau. Nik dagoeneko nabari dut adinean gora goazela, inguruko lagunek eta halako musikarekin ez dutelako hainbeste konektatzen. Baina hori da bide normala eta naturala», bukatu du Bárbarak.

;

Jaurlaritza Logoa