IRRATIA

50. atalean omendaldia egin diogu ‘The Legend of Zelda’ bideojokoari

Game Erauntsia irratsaioaren 50. atalean Nintendo-ren abentura saga maitatura itzultzea erabaki dugu, egun gutxi falta baitira  ‘Tears of the Kingdom’ joko desiratua estreinatzeko.

Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.


Game Erauntsia irratsaioaren lehen atala ´The Legend of Zelda´-rekin hasi genuen. Euskal Bideojokozaleen Komunitateak egindako podcast zaharra Denboraren Okarina deituta, Nintendokoek ´Ocarina of Time´ ezaguna gogorarazi behar genuen. 50. atalera iritsi gara jada, eta beste behin Zeldara itzultzea erabaki dugu; izan ere, egun gutxi batzuk falta dira Tears of the Kingdom desiratua estreinatzeko. Hori dela eta, aurreko abentura, Breath of the Wild, izan dugu hizpide gure saioan.

Mugarik gabeko mundu irekia, toki koloretsuak eta ederrak, arerio barregarriak zein beldurgarriak, Sheikah tabletaren botereak, apurtzen diren armak, arkuak zein ezkutuak nahiz sukaldean aritzeko dozenaka errezeta. Hori guztia eta askoz gehiago proposatzen zituen 2017an estreinatutako Wii U-ko azken jokoak zein Switch-eko lehenak.

Ez dago esan beharrik: azken urteetako jokorik esanguratsuenetakoa da guretzat. Hyrule eraberrituarekin sortutako munduak esploratzeko gogoak eragiten ditu; hau da, zalantzarik gabe, Breath of the Wilden ardatz nagusia, eta modu ezin hobean proposatzen du. Herrixkak ezagutzea, biztanleekin hitz egitea, baliabideak biltzea zein eskalatzen aritzea ikaragarria da, eta ez du nekatzen.

Zelda sagaren oinarriak hartuta, elementu klasikoetako asko alboratu egiten ditu, abentura freskoa baina ezaguna eratuta. Hori horrela, frankiziaren zale amorratuenentzat nahiz hasiberrientzat aproposa den titulua kaleratu zuren Nintendokoek.

Orain, zalantzak datoz bere jarraipen zuzenarekin: Tears of the Kingdomek maila hori mantentzea lortuko al du? Datorren astean jakingo dugu!

Albisteentzako tartean maiatzeko estreinaldiak errepasatu ditugu: aipatutako Zeldarekin batera Arkane Studios-ekoen Redfall interesgarria, Hogwarts Legacy arrakastatsuaren PlayStation 4-ko eta Xbox One-ko bertsioak, Darkest Dungeon 2 latza eta Eraztunen Jaunaren unibertsoan girotutako Gollum bitxia ditugu, besteak beste.

Udako aurkezpenei begira ere jarri gara; izan ere, Xbox-ekoek beren zuzenekoaren berri eman dute. Ekainaren 11n bi ekitaldi ikusteko aukera edukiko dugu. Alde batetik, ohiko Xbox Games Showcase egingo dute; bestetik, Starfield desiratuari zuzendutako Direct aurkezpen berezia agindu dute Redmond-ekoek.

Bukatzeko, Steam eta Xbox kontsolen interfaze eraberrituak ezagutu ditugu: beta bertsioetan dauden arren, hainbat hobekuntza eta berritasun inplementatu dituzte.