Zuzenean

Lander Unzueta Lekerikabeaskoa

Super Mario Bros. Wonder da Nintendo-ko iturginaren hurrengo abentura

Iturgin biboteduna izan da udako Nintendo Direct aurkezpeneko protagonista, baina Kiotokoek dozenaka titulu iragarri dituzte.

Audio_placeholder

Super Mario Bros. Wonder da Nintendo-ko iturginaren hurrengo abentura

Loading player...

Nintendoren iturginaren urtea dela esan daiteke. Super Mariok (bigarren) filma estreinatu du aurten, eta N handikoek lortutako arrakastari jarraipena eman nahi diote. Hori egiteko bideojoko berriarekin itzuliko da Mario Switch kontsolara: Super Mario Bros. Wonder.

Iragarpena Nintendo Direct aurkezpenaren baitan egin dute. 2D plataforma abentura klasikoa prestatzen dabiltza Wonderrekin: nahiz eta hiru dimentsioko grafikoak dituen, plano bidimentsionalean jokatuko dugu. Hala ere, berritasunak barra-barra ikusiko ditugu. Botere berriak lortuko, jokatzeko pertsonaiak kontrolatuko eta eraldatuko den mundu zirraragarria bisitatuko dituzte jokalariek.

Mario, Luigi, Peach eta Toad laukoteari Daisy printzesa eta Yoshi dinosauroa gehituko zaizkiela dirudi. Horrez gain, elefantean bilakatzeko power-up berezia izango dugu oraingoan, besteak beste. Super Mario Bros. Wonder urriaren 20an kaleratuko dute; gutxi falta da probatzeko, hortaz.

Directean, zelan ez, beste hainbat bideojoko ikusi ditugu. Izan ere, 2023an eta 2024 hasieran Switchean argitaratuko diren tituluetan ardaztu dira oraingoan: Super Mario RPG klasikoaren berregitea, Pikmin 4, Pokémon Scarlet eta Violet, Vampire Survivors, Star Ocean, Metal Gear Solid, Batman Arkham trilogia eta askoz gehiago erakutsi dituzte Nintendokoek.

Albisteekin jarraituz, PlayStation-ekoen aurtengo izarraren argitalpen data ezagutu dugu. Marvel’s Spider-Man 2 ikaragarria urriaren 20an argitaratuko da… bai, Marioren abentura berriarekin batera.

Aspaldiko partez euskarazko bideojoko berriak gehitu ditugu Game Erauntsiaren zerrendara: DigiPen Europe Bilboko ikasleek sortutako Cat-aclysm zein Anyu txiki eta dibertigarriak. Steam bidez joka daitezke ordenagailuetan, eta guztiz doakoak dira.

Steam plataforma aipatuta, udako Steam Next Fest demoen jaialdia abiatu dute Valve-koek. Ehundaka proba elkartu dituzte ekimenean, eta horietako batzuk probatzeari ekin diogu Game Erauntsian. Entzun ezazu saioa altxor ezkutuetako batzuk ezagutzeko!

Jaurlaritza Logoa