‘Zelda’, ‘Final Fantasy‘ eta ‘Vampire Survivors’: industriak ez du atsedenik hartzen
Industriak ez du atsedenik hartzen, eta titulu handien zein txikien berri ari gara izaten egunotan. Gainera, Nintendo-ren ’Indie World’ aurkezpenean erakutsitakoak ezagutu ditugu.
Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.
Opor egunetan lasai ibiltzkeo aukera eduki dugun arren, oporraldia bideojokoen albistez josita egon da. Joko garrantzitsuen titularrak ikusi ditugu, gainera, eta horiek errepasatuz hasi dugu Game Erauntsia irratsaioa.
Gutxi falta da ‘The Legend of Zelda: Tears of the Kingdom’ desiratua kaleratzeko; zehazki, maiatzaren 12an biziko ditugu Link heroi gaztearen abentura berriak. Motorrak berotzen hasteko asmoarekin hamar minutuko jokagarritasun bideoa argitaratu zuten Nintendo-koek orain aste batzuk, baina orain jokalarien begirada guztiak erakarri dituen trailer ikaragarria erakutsi dute. Pertsonaiak, Hyrule eraberritua, mekanikak, eta, nola ez, Ganondorf zitalaren itzulera ikus ditzakegu bideoan.
Zeldarena ez da, ordea, azken egunotako aurkezpen bakarra izan: PlayStation-ek eta Square Enix-ek ‘State of Play’ erakustaldia egin dute elkarrekin. Protagonista bakarra egon da oraingoan: ekainean estreinatzeko dagoen ‘Final Fantasy XVI’ itxurosoa.
‘Vampire Survivors’ jarraitzaile sutsuak garenez, ezin genuen Poncle garatzailearen azken DLC-a aipatu gabe utzi. Ordainpeko ‘Tides of the Foscari’-k mapa erraldoia, zortzi pertsonaia eta hamahiru arma dakartza bideojoko arrakastatsurako.
Zer kaleratuko du Nintendok?
Ekimenekin jarraituz, Nintendok egindako ‘Indie World’ aurkezpenaren laburpena egiteko aprobetxatu dugu saioan. Estudio independenteen lanak azaltzen dira bakarrik ekitaldiotan, ahaztu beraz Mario, Zelda, Pokémon eta bestelako titulu handiez. Hala eta guztiz ere, obra benetan interesgarriak ikusi ditugu: ‘Blasphemous II’, ‘Teslagrad 2’, ‘Bomb Rush Cyberfunk’ eta askoz gehiago agertu ziren N Handiaren erakustaldian.
Aspaldiko partez euskaratutako bideojokoa ezagutzera emateko aukera izan dugu, gainera. Game Erauntsia Elkarteak Damien Mayance sortzailearen ‘Flipon’ puzzle jokoa lokalizatu du. ‘Panel de Pon’ edo ‘Tetris Attack’ estiloko jokoen abentura da —edo, adibide modernoagoak hartuta, ‘Candy Crush’-en erakoa—. PC, Switch, Android nahiz iOS plataformetan joka dezakegu gure hizkuntzan.
Bukatzeko, ohi bezala, analisiarentzako lekua egin dugu gurean. Oraingoan 2018ko ‘Metroidvania’ abentura dibertigarria ekarri dugu saiora: ‘Guacamelee 2’. Juan Aguacate borrokalariaren bizipenak ikaragarri gustatzen zaizkigu; egia esan, umorez betetako obra koloretsua izanik, zaila zen gorrotagarria egitea.