Literaturaz, baina ez hainbeste
‘Uluka’ podcastak bere ibilbidea hasiko du NAIZ irratian. Astero liburu bat aukeratuko dute Kortajarenak eta Astiazaranek eta «guztiz informala den elkarrizketa bat» izango dute. Uxue Apaolazaren ‘Bihurguneko nasa’ ipuin bildumaz arituko dira igande honetan.
Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.
Maddalen Kortajarena eta Ane Astiazaran itzultzaileak dira. Eta irakasleak. Eta asko, asko, gustatzen zaie irakurtzea. Saiatzen dira beraien ikasleei ere literatura zaletasun hori kutsatzen, baina zaila dela aitortu dute NAIZ irratian egindako elkarrizketan. Literatura beste modu batera lantzeko edo, Kortajarenari okurritu zitzaion Uluka podcasta martxan jartzea eta amua bota zion Aneri, eta honek baietz. Hasi ziren liburuak aukeratzen eta ideiak konpartitzen, eta dagoeneko 39 ale osatu dituzte. Podcast plataformetan daude entzungai, baina igande honetatik aurrera NAIZ irratian zabalduko dira. Igandeak, 15:00etan.
«Liburu bat irakurtzearen prozesua oso indibiduala izaten da» esan du Astiarazanek, eta hori pena dela dio, «oso gutxitan konpartitzen delako». Hain zuzen horrekin haustea du helburu podcastak ere: irakurritakoa konpartitzea. «Liburu baten inguruan hitz egiten dugu, baina, ez da analisi sakon bat. Guztiz informala den elkarrizketa bat egiten dugu» ohartarazi du Maddalen Kortajarenak, eta Ane Astiazaranek gehitu «Baten batek bilatzen badu kritika formal bat, Uluka podcasta ez da bere lekua».
Uxue Apaolaza-Bihurguneko nasa
Igande honetan Uxue Apaolazaren ‘Bihurguneko nasa’ ipuin bildumaz arituko dira (Txalaparta, 2021). «Oso gai ezberdinak lantzen dira baina gu oso identifikatuak sentitu ginen ipuinetan eta oso gustura irakurri genuen».