Zuzenean

NAIZ irratia

Bertsoa ardatz duen ‘Kontatzera Noazu’ saioa aurkeztuko du Eli Pagolak NAIZ Irratian

Bertsoaren inguruko ‘Kontatzera Noazu’ saioa aurkeztuko du Eli Pagolak NAIZ Irratian. Bertso aukeraketak eskainiko ditu, noizbehinka gai baten gainean, tarteka gonbidatu batekin. Lehendabiziko saioan, larunbatean, 15:00etan, kantuetan oinarritutako doinuak kontagai izango ditu Pagolak. 

Audio_placeholder

Bertsoa ardatz duen ‘Kontatzera Noazu’ saioa aurkeztuko du Eli Pagolak NAIZ Irratian

Loading player...
Eli Pagola.
Eli Pagola. (FOKU)

«Kantatzera noazu bertso bat edo bi» dio Xabier Letek abestutako ‘Gizon arruntaren koplak’. Baina kantatu ez, kontatu egingo du larunbat honetatik aurrera Eli Pagolak ‘Kontatzera Noazu’ irrati saioan. Larunbat bazkalostean, 15:00etan, bertsoari egingo diogu tartea NAIZ Irratian: «lehendik kantatuak, kontatu egingo ditugu» azaldu du Eli Pagola ereñotzuarrak.

‘Kontatzera Noazu’ saioak ez du formatu zehatza izango, astez-aste aldatu egingo da. Batzuetan gai monografikoak landuko dira, «gai ezberdinak lantzen saiatuko gara. Bertsozale Elkarteak badu datu base bat oso aberatsa dena, ia 10.000 bat-bateko saio daude. Ez ditugu denak ekarriko, baina badago nondik hasi». Beti berriak entzun beharrean «hain zaharrak ez diren horiek ere» ekarriko ditu Pagolak eta bertsoaldiak «beste nonbaitetik irakurtzetik egingo dugu bidea».

Tarteka gonbidatuak etorriko dira ‘Kontatzera Noazu’ saiora. «Bertso munduko jendea gonbidatuko dugu. Bertso irakasleak, zaleak, bertsolariak...» bertsoarekin harremana duen jendea, alegia, eta «bertsoarekin duten harremanaz arituko gara bertsoaren bidez» azaldu du Pagolak.

Lehendabiziko gonbidatua Maddi Etxebarria izango da, nutrizionista, eta bertso munduarekin lotura estua duena. «Pentsa, bertso udalekuak gogoratu ditu Maddik, eta polita da udalekuen inguruko bertsoaldi bat aukeratzekoan zein bertso eta zergatik aukeratzen duen jakitea».

Ez bertsoa ez irratia ez zaizkio arrotz Eli Pagolari. Astelehenero aurkezten du NAIZ Irratian ‘Gelditu Makinak’ saioa. Krisi ekosozialaren ingurukoak oinarri, hirugarren denboraldia du aurten. Bertsolaria ere bada Pagola, Hernaniko bertso eskolako harrobi, 2019an Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan hartu zuen parte lehendabiziko aldiz, eta etxean ditu, besteak beste, Xenpelar eta Hernandorena bertsolari gazteen txapelak.

Doinuak hizpide

Bertsolaritza mundu txikia da, bai, baina ez hainbeste. Hiru mila bertso doinu baino gehiago katalogatu ditu Bertsozale Elkarteak. Baina inork hasten al du bertsoa doinutik? Hori baieztatzerik ez dugu, baina dudan ezin da paratu doinuak sekulako garrantzia duela bertsoaren egokitasunean. Txapelketetan, batez ere, bertsolariak ongi zaindu ohi du doinua eta zenbaitek doinu propioa ere plazaratzeko ariketa egiten du. Noski, doinu bat ez da hutsetik sortzen eta kantuetan oinarritutako bertso doinu ugari daude. ‘Kontatzera Noazu’ lehendabiziko saioan kantuetan oinarritutako bertso doinuen aukeraketa egingo du Eli Pagolak.

Larunbat honetan, arratsaldeko 15:00etan izango da ‘Kontatzera Noazu’ saioa. Ondoren NAIZ Irratiko webgunean eta podcast plataformetan jarriko da entzungai. 

Jaurlaritza Logoa