IRRATIA

Indie eszenako diskorik onena MICErena izango dela aurreikusi du Izkander Fernandezek

Pilatuta zituen proposamenetatik lau ekarri dizkigu Lemoako musika adituak eta urtea bukatu aurreko pronostikoa ere egin digu MusikHaria saioan.

Bakarkako bigarren lan luzea kaleratu du Miren Narbaizak MICE proiektuarekin. (Itziar BASTARRIKA)

Arakatzaile honek ez du audio elementua onartzen.


M I C E - Ernaltzen

Etxetik abiatu du aste honetako abestien hautaketa Izkander Fernándezek, MICE ekarri digulako ‘Lautada’ diskoarekin: «Beti saiatzen naiz memoriaz hitz egiten eta nire top 3 edo top 2an egongo da disko hau aurten Euskal Herrikoen artean. Ez dakit gure artistek honetaz pentsatzen duten edo ez, baina nik imaginatzen dut Miren Kentuckyko Newvillekoa edota Brightondarra izango balitz eta ingelesez abestuko balu, Pitchfork bezalako medio garrantzitsu batek zer nolako oihartzuna emango zion irudikatzen».

Iruditeria horri jarraika, honako gogoeta gehitu dio lemoaztarrak: «MICEn diskoa indie emakumeen artean aurtengo onena izango dela iruditzen zait. Ez da disko erraza, baina aberatsa da, gauza zail asko eta onak egiten ditu. Noski talde ona duela inguruan, baina berak ematen duena sekulakoa da, harrigarria da nola betetzen duen guztia. Eskerrak emateko beharra sentitu nuen diskoa entzutean, aurreko batean esan nuen moduan, lurrera botata eta negarrez, baina ez Mireni eskertzeko bakarrik, bizitzari ere bai, halako diskoa entzuteko aukera izatearren. Sharon Van Ettenek berak baino disko hobea atera duela iruditzen zait. Katiuskak jantzi eta lokatzetan sartu behar izan dut diskoa ulertzeko lehen entzunaldiaren ondoren, baina pozik zikindu naiz eta biniloa etxean izateko desiatzen nago». Urriaren 23an, igandean, Azkotiko Matadeixen izango dira eta, beranduago, BIME Liven baitan Bilbon.

A.A. Williams - Murmurs

«A.A. Williams duela bi urte zehazki entzun genuen, udazkenaren bihotzean, ‘Dentsitateaz harago’ deituriko bi saio egin genituenean. Disko berria, bigarrena, atera du eta Mono talde japoniarrarekin batera ikusi genuen duela hilabete Atabalen. Indie munduko diva itxura du eta death gospel delakoa egiten duela esan izan du. Ikusten da metaletik, dark wavetik eta 90etako doom metal pisutsutik baduela bere musikak; hala ere, Deftones taldearen disko bat erosi eta bere bizitza aldatu zela aipatu izan du. Egun balada ilun eta dentsoen mundutik dabilela esan dezakegu, berak badaki zein den bere bidea. MICEn diskoarekin alderatuz, hizkuntza finko batean dabilela esan dezakegu, ez da AC/DC baina badu bere ildoa eta ez dirudi hortik aldenduko denik.

Julia Jacklin - Love, try not to let go

Hirugarren proposamena ere emakume baten eskutik dator aste honetan: «Aipatu dut indie munduko diven leku bat badela eta uste dut Jacklinek nahi duela bertan egon. Aurreko diskoa, 2019ko ‘Crushing’, benetan interesgarria dela uste dut eta ‘Pre Pleasure’ lan berria bide beretik doa. Berarekin elkarrizketa polita izango zenukeela uste dut, Britney Spears, Avril Lavigne edota Evanescence bezalako taldeak zituelako erreferentzia. Bideoklipak akaso ez luke egungo MTVn tokirik izango, baina kanta potentea da, estribillo benetan indartsuarekin».

And You Will Know Us By The Trail Of Dead - Penny candle

Izen luzeko taldea, eta ibilbidea ere ez du laburra Izkanderren azken hautatuak: «Hamaikagarren diskoa atera du taldeak, 1995ean sortu ziren eta mende berrian egin dituzte album onenak. Punkaren indarra du baina baita rock progresiboaren sakontasuna ere. Oso grafikoak ere badira, sekulako portadak egin izan dituztelako eta mimo handiz lantzen dute diskoen artea ere. Ziklo bat itxiko dut Cult of Luna Atabalen, Deafheaven Jimmy Jazzen eta Trail Of Dead Madrilen ikusita; mende honetako rock taldeen zikloa itxiko dut modu horretan. Ea zorterik badudan eta ikusten ditudan, gogoratu Counting Crowsekin zer pasa zen Bilbon… Dena dela, ez badute jotzen, Afgan Whigs ikustera joango gara.