Zuzenean

Iker Gurrutxaga
NAIZ Irratia. MusikHaria saioko gidaria

Pixies, garaiz kanpo jaiotako talde klasiko bat

Klasikoak berreskuratzeko garaia, horrela bataiatu dezakegu aste honetako Izkander Fernandezen tartea: «Edo klasikoen garaian jaio ez zen taldea, 60-70eko hamarkadak aipatzen direlako rock klasikoan eta Pixies taldea 80etan jaio zelako. Garaitik kanpo jaiotako klasiko bezala ulertu daiteke».

 

Audio_placeholder

Pixies, garaiz kanpo jaiotako talde klasiko bat

Loading player...
Pixies taldeak 2022an atera du estudioko bere azken lana.
Pixies taldeak 2022an atera du estudioko bere azken lana. (BMG)

Boston, 1986, Pixies taldea sortu zen urtea. Haiei buruz aritu gara aste honetan luze eta zabal Izkander Fernandez Lemoako musika adituarekin. «Pixiesek ez zuen hainbeste saldu termino globaletan, baina Nirvana bezelako taldeentzat eredu garbia izan zen, haiek hori onartu zuten behintzat. Gure bizitzetako hainbat pelikulatako soinu bandetan murgildu ziren, baina arrakasta erlatiboa izan zuten, eskasa ez behintzat zetozen tokitik etortzeko. Jende askok izenez ezagutuko du Pixies, baina zale sutsuak bilatzea ez da kontu erraza. Zirkuitu alternatiboan ibili izan den taldea da eta Euskal Herrian ere izan dituzte jarraitzaile batzuk. Kontuan hartu beharreko datuetako bat da, 1986an hasi eta 1993an banandu zirela, lau disko ezagunenak kaleratu ostean. Garai hartan, Gipuzkoan Jane's adiction edo Helmet bezalako taldeek eragin zuten eta, arraroa bada ere, Bizkaian eragin zuen edota bertan eman zen Noise Poparen eztanda Pixies taldearen eskutik.

Pixies - River Euphrates

‘River Euphrates’ Izkanderrek izan da aukeratu duen lehen abestia. «Lehen LParen aurretik bazen EP bat, baina beren lehen diskotik, ‘Surfer Rosa’ albumetik, hartutako abestia da honakoa. Oso melodikoak ziren baina baita kaotikoak ere, zarataren eta anarkiaren inguruko diskurtsoa bazuten. Black Francisek, talderan sortzaileetako bat Joey Santiagorekin batera, Bostongo egunkari batean jarri zuen iragarkian Folka eta Punk Rocka entzuten zituen taldekide bat behar zutela esan zuten, baxua jotzeko, eta bakarra agertu zen eta baxu barik. Gerora urte luzez taldean egon zen Kim Deal zen baxu-jotzaile hura», kontatu digu Fernandezek. 

Pixies - Tame

«1988an, presio gabe eta EParen arrakasta ikusita, zeukatenarekin eta konplexu gabe hasi zen kantuak kaleratzen Bostongo taldea. Bigarren diskoan, ‘Doolittle’ deiturikoan, poparen eragina akaso nabariagoa izan zen hala ere. Nabarmentzekoak dira, era berean, eskuz egindako portada bikainak argitaratu zituztela lehen lau diskoetan; bideoklipak, berriz, ez ziren oso onak. Hala ere bigarren disko honetatik hartu dudan kantua ‘Tame’ kantua da, disko horretatik gogorrena; barealdia, eztanda, barealdia... eskema hori ikusteko kanturik egokiena da. Urte batzuk beranduago Blur edota Weezer taldeek formula errepikatu zuten», azaldu du lemoaztarrak.

Nirvana - Smells Like Teen Spirit

Kurt Cobain eta konpainia ere lotu ditu Bostongo Pixies taldearekin Izkander Fernandezek: «Nirvanaren ‘Nevermind’ diskoaren lehen artikulua irakurri nuenean, ‘Smells Like Teen Spirit’ kantua Pixies taldearen B aldeko abesti bat zela zioen artikulu hark. Kurt Cobainek argi esaten zuen Pixiesek taldean eragina zuela eta hori aprobetxatu dut Nirvana tartera ekartzeko, orain arte aukera garbirik ez dudalako ikusi. Kantu honekin MTVk Los Angeleseko rock argitsua utzi eta Seattlego musika eta Estatu Batuetako eszena alternatiboa besarkatu zuen. Ezinezkoa zen kantu honen bideoklipa ez ikustea, egunero auskalo zenbat bider jartzen zutelako musika telebista kate hartan. Gainerakoan, bitxia izan zen disko honen irteera, Guns'N'Rosesen ‘User your illusion’ diskoaren alboan jartzera behartu zituztelako disko dendak, jakitun Axl Rosen taldearen lana asko salduko zela. Paradigma aldaketa bat ekarri zuen industrian, txikitu egin zen erabat, eta gaur egungo streamingaren zera hori guztia hemendik abiatzen dela esango nuke».

Ama Say - Gaua

Ama Say taldeak, lehen bi diskoen artean, ‘Noiz pop?’ izeneko lana kaleratu zuela ekarri du gogora Izkanderrek: «Nirvana eta Sonic Youth taldeen eragina nabarmena zen arren, Pixies zen Ama Say taldearen eraginik nabarmenena. ‘Tame’ kantuaren bertsioa egin zuten gainera EP hartarako. Ezin zen espero halako talde bat Euskal Herrian eta harribitxi bat da: euskaraz, euskalduna ez den toki batean sortua eta rock alternatiboaren baitan noise popa jorratu zutenak. Baina ez zuen eskolarik sortu eta talde bakarra izan zen estilo honetan. Gure eszena txiki honetan mirariak gertatzen dira eta hau horietako bat da. Eta kantu hau, ‘Gaua’, Pixies euskaraz da».

Pixies - There is a Moon on

Aurten kaleratu du bere azken lana, ‘Doggerei’, Bostongo laukoteak. «Pixies taldearen disko berria oso duina da eta hori izan da gaurko tartearen abiapuntua. 1986an hasi eta 1993an eten luzea egin zuten, 2004an egin zuten halako ‘Reunion Tour’ bat eta 2013an Kim Dealek agur esan zuen, beste talde batekin ere arrakasta izan zuelako eta royaltiekin ondo bizitzeko nahikoa zuelakoan-edo. Orain beste lau disko kaleratu dituzte eta Argentinako Paz Lechantin dago Kim Shattucken tokian, azken hau zendu ostean 9 urte daramatza dagoeneko Pazek taldean. Pixiesen soinua berreskuratu da berriz ere album honetarako, aurreko diskoetan galdu egin zen edota beste hizkuntza batean aritu ziren, baina hasierako doinuetara itzuli dira. Kanta onak dituen diskoa da eta duina benetan», bukatu du Fernandezek.

Jaurlaritza Logoa