Zuzenean
Sara Zozaya - Misty
Donostia aldean jarri du aste honetako abiapuntua Lemoako musikan adituak: «Lo-Fi doinuak jorratu dituela esan daiteke abesti honetan, baina gordina, iluna… ere bada. Kantarekin bat datorren iruditeria guztia du. Sarak ohituta gauzka kontu hauetara, minari buruz eta nostalgiari buruz asko hitz egin izan digu bere kantuetan. Teorian txakur bati eskainitako kantua da, baina uste dut tartean beste hainbat gauza ere sartzen dituela. Bertsoak erdi moztuta sartzen ditu eta ez dakit trapetik edo ari ote den edaten, baina argi dago berak mundu horretako musika kontsumitzen duela, Aurrerapen oso interesgarria da, bageneukan gainera gogoa disko luze bat entzutekoa eta ‘Nara’ izenekoa urriaren 20an etorriko da, besteak beste, txakur baten izena ere baden titulu daraman albuma».
Ibil Bedi - Perimetroarena
Estilo aldaketa bat sumatu du Ibil Bedi taldearengan Izkander Fernandezek, baina ez akaso lehen itxuran ematen duena bezain bestekoa: «Aurretik badago diskoen artean antzerakoa izan daitekeen abesti bat. Diskoen arteko kantua izanik, akaso zerbait apurtzaileagoa egitera ausartuko ziren. ‘Goldea’ izeneko diskoa etorriko da udaberri honetan eta aurreko diskoa, ‘Beltxarga beltza’, urteetan Euskal Herrian egin den disko onenetako bat zela kontuan izan behar da etorri daitekeenaren aurrean. Urteak pasa ahala jabetuko gara zeinen disko ona izan zen Ibil Bedik 2021ean atera zuena. Eta oraingoan folkaren kutsu hori badago, baina americanaren berotasunetik urrunduko direla dirudi eta organikotik inorganikorako bidea egingo dutela. Interesgarria zergatik den? Bada, saiatzen direlako zerbait garaikideagoa egiten beren belaunaldientzat, nahiz eta aurreko diskoarekin ere arrakasta itzela lortu zuten gazteenen artean. Dena dela, nahiz eta zerbait berriagoa den, kutsu desberdinekin eta inorganikoagoa den, Ibil Bediren musika hor dago».
Boygenius - Not strong enough
Julien Baker, Phoebe Bridgers eta Lucy Dacus hirukoa ez da nolanahikoa eta hori nabaria da Boygenius taldea kaleratzen dabilen guztian. Diskoa dator ostiral honetan: «‘The Record’ deitzen den diskoa, ironia erabiliaz titulatu dutena. EP bat atera zuten baina akaso ez zuten argi izango elkarrekin disko luze bat kaleratuko zuten edo ez. EP hura oso ondo egon zen eta hemen nik uste dut aldaketa bat etorriko dela, nahiz eta klasiko samarrak izango direla iruditzen zaidan».
M I C E - Aurpegira begiratu
«Ostiralean publiko egingo dugu Lemoakustiken kartela eta M I C E izango dugu aurkezpen egunerako Lemoako Udalak antolatu duen kontzertuan. Kontua da, hura bukatu orduko Igorreko gaztetxean Anari izango dela eta segidan Arima eta Cecilia Payne arituko direla Dimakoan. Hortaz, estresagarria izango bada ere, estres gozagarria izango da ostiralean Arratian edukiko duguna. Talde bikainarekin etorriko da Miren Narbaiza bere ‘Lautada’ disko puska aurkeztera eta gogotsu gaude herritarrok».