Zuzenean
Soundgarden - Rhinosaur
Soundgarden zuzenean entzun gabe asko entzun dugun talde horietako bat izan da: «Grunge musikak lau buru zituen dragoi bat zuen erreferentzia moduan, Pearl Jam, Nirvana, Alice in Chains eta Soundgarden taldeek osatzen zutena. Batzuk denboran luzeago iraun zuten besteek baino eta beste belaunaldi batzuetara errezago iritsi dira. Aukeratu dudan Soundgardenen disko honi buruz esan daitekeena da, Queens of The Stone Age mundu mailan edota Euskal Herrian Liher egiten saiatzen direna egiten saitu zirela Soundgardenekoak; soinu klasikoa eta rock berriena uztartzea halako ekoizpen indartsu batean». Kantu hau aukeratzerakoan, Led Zeppelin eta Black Sabbath taldeek abesti banatan riff bera erabili zutela hartu du kontuan Izkander Fernándezek. Hiru kantu, beraz, riff beretik abiatuta.
Bruce Springsteen - Tenth Avenue Freeze-Out
«Kultura poparen klasiko bat da eta denborarekin akaso bihurtuko da musika klasikoa. Bruce Springsteen goibel egon zen goia jo zuen batean. ‘Born to run’ izango zen diskoaren masterra bizpahiru aldiz zaborretara bota omen zuen gau batez kaletik oinez zihoala, eta, bere baxu-jotzailearengana joan omen zen, masterra berreskuratu eta eskuan zuela, triste, ezin zuelako nahi zuen hori eskuratu. Zorionez, buelta eman zion egoerari eta E-Street band delakoa sortu zuen Clarence Clemons edota Steven Van Zandt taldera batuz. Hala ere, bigarren kolpea etorri zen atzetik, orduko managerrak diru guztia ebatsi ziolako», azaldu digu lemoaztarrak.
Izzy Stradlin and The Ju Ju Hounds - Somebody knockin'
Izzy Stradlin and the Ju Ju Hounds taldea da segidan ekarri digun erreferentzia, ezezaguna guretzat: «Izzy Stradlin Guns'N'Roses taldeko bigarren baxu-jotzailea izan zen. Taldea 1991n utzi zuen, gorenean zegoenean, eta zergatia taldeak eragiten zion bizimodua izan zen. Ezagutzen ez zituen emakumeekin ohean ez zekien nongo hiriko hotel batean, heroina eta kokaina zainetatik… galbidera joan zela esan zuen eta handik 1992an irten. Taldeko kola lanak egiten zituen, ez zen munduko onena, baina abestiei kohesioa ematen zien. Bakarka Rolling Stones edota Small Faces bezalako taldeen bidera jo zuen, klasikoagora, eta disko interesgarriak atera zituen.
Berri Txarrak - Zorionaren Lobbya
Fikzio arrisku bat hartu nahi izan du Izkanderrek azken hautaketan: «‘Infrasoinuak’ diskoa aurretik egindako abestiak direla iruditzen zitzaidan, hau da, beste diskoetako soberakinak zirela. Gainera gazi-gozoa izan zen, bagenekielako utzi egin behar zutela eta nekatuta ere ikusten genituelako. Itoizek egin moduan espero dut ez direla itzuliko, Gorka Urbizuk berak bere bidea egiteko beste gaitasun baduelako musikarako. Berri Txarraken diskoetan entzun dugun eta akaso entzungo dugun azken kantua denez, horregatik hautatu dut ‘Zorionaren lobbya’».